• 03 MAI 19

    Lehen zuen toki nabarmena berreskuratu behar du Azpeitiak, eta Gipuzkoan herri erreferente bat izan behar du berriz

    Amaia Etxeberriak gidatuko du Azpeitiko EAJ/PNV-k maiatzaren 26ko udal hauteskundeetarako aurkeztu duen taldea

    Azpeitiko EAJ-PNV taldeak maiatzaren 26ko udal hauteskundeetarako osatu duen taldearen aurkezpen ekitaldia egin du gaur Basazabal jauregian. Amaia Etxeberriak gidatuko duen taldeko kideak aurkeztu dituzte, eta Azpeitirako dituzten asmoak azaldu dituzte. Etxeberriak azaldu duenez, “aurrera egiteko eta garatzeko aukera asko ditu Azpeitiak, baina azken urteetan ez da nahikoa pausorik eman, eta iruditzen zait herria stand by edo geldialdi egoera batean murgilduta dagoela”.

    Egoera horri buelta eman eta etorkizuneko Azpeitia eraikitzeko lanean hastea ezinbestekoa dela azpimarratu du alkategaiak: “Lehen zuen erreferentzialtasuna berreskuratu behar du berriz Azpeitiak, eta Gipuzkoan herri erreferente bat izan behar du berriz”.

    Hori izango da Etxeberriaren, lan taldearen eta EAJ/PNVren erronka datozen hauteskundeetara begira. Eraldaketa bat bultzatzea dute helburu, “Azpeitia biziberritzea”. Lan talde “polita eta sendoa” osatu dute horretarako. “Esperientzia, aniztasuna, berrikuntza, lanerako gogoa, ilusioa eta gaitasun handia duen talde irmoa eta kohesionatua gara. Hainbat alorretan esperientzia eta prestakuntza dugun kideok osatzen dugu Azpeitia herri sendo izatera eramango duen taldea”.

    Honakoak dira Etxeberriarekin batera EAJ/PNVren udal zerrenda osatzen duten kideak: Rebeka Larra├▒aga, Ander Ugarte, Izaskun Abanunz, Aritz Azpiazu, Jon Beristain, Alberto Francesena, Mamen Alberdi, Antonio Gallarin, Ane Gil, Beatriz Prat, Aritz Ansorregi, Nerea Etxeberria, Juan Mari Gajate, Jabier Larra├▒aga, Ma Karmen Arozena, Axun Etxaniz, Juan Ramon Tolosa eta Nerea Aldai.

    Lau ardatz nagusi

    Azpeitia biziberrituko duten proiektuak garatzeko eta kudeatzeko gaitasuna duen taldea osatu du EAJ/PNVk maiatzeko hauteskundeetara begira, eta lau ardatz nagusitan lan egingo dute.

    Herriko ekonomia babestea eta bultzatzea izango da ardatz horietako bat. Etxeberriak arabera,“​Azpeitiko garapen ekonomikoa eskasa izan da azken urteetan eta, horregatik, lan falta, langabezia tasaren igoera, eta azpeitiarren lan baldintzak aldatzea ezinbestekoa da”. Horretarako, herrian bertan dauden azpiegiturak eta baliabideak eraldatu behar direla uste du Etxeberriak.

    “Herriko industria biziberritu behar da, industriari bizia eman behar zaio berriz, eta horrekin batera turismoa, merkataritza edo lehen sektorea bultzatu”.

    Azpeitiak biziberritze urbano bat ere behar duela irizten du talde jeltzaleak. “Azpiegitura onak ditugu, badugu oinarri bat, baina orain arte eman duena baino gehiago eman dezakete. Herri baten garapena estuki lotuta dago bertan dauden azpiegituretara. Azpeitian badugu proiektu garrantzitsu bat, herriaren garapenerako eta ongizaterako ezinbestekoa dena: bariantea. Proiektuari helduko diogu berriz, eta gaur egungo egoerara moldatzeko lanean hasiko gara”, azaldu du Etxeberriak.

    Gizarte babesa indartzeko plan berezi bat ere lantzen ari dira, “adineko pertsonen ongizatea babestuko duena”. EAJ/PNV-k Gizarte politika aktiboak bultzatuko ditu, zerbitzu integralak eta programa berriak martxan jarrita. “Dagoeneko badugu lanean ari den sare inportante bat, herriko boluntario taldeak, eta haiekin elkarlanean jardungo dugu”. Etxebizitza sozialen aldeko politika aktibo bat ere martxan jartzea aurreikusita dute, gaur egungo errealitatearen beharrei erantzungo diena.

    Kultur arloa ere hizpide izan du Etxeberriak, eta Azpeitia kulturalki berriz Euskal Herrian erreferente izateko lan egingo dutela nabarmendu du. Herriko azpiegiturak izan ditu hizpide, Basazabal jauregia bera edo Soreasu, esaterako, eta horiek ere eraldatzeko beharrari egin dio keinu. “Berriz ere badugu oinarri bat, biziberritu eta eraldatu behar den oinarri bat”. Gazteen etorkizuna ere kontuan hartu behar dela gehitu du, haien erronkei erantzungo dien hezkuntza sare irmo bat garatuz.

    “Izan ere, Azpeitiak badu itzaletik ateratzeko nahikoa argi eta indar. Azpeitia biziberrituko duen proiektu bat gara gu, eta orain arte egin dugun bezala, herria eta herritarrak politika neurri guztien erdian jartzen jarraituko dugu. Orain arte bezala, elkarbizitza izango da gure iparrorratza”.

    Hori guztia “herri estrategia bat” dela azpimarratu du Etxeberriak, “ez alderdi estrategia bat”. Gaineratu duenez, “garai berrietara egokitu behar gara, eta horretarako gogoz gaude”.