• 13 MAI 19

    Lau urteotan Gipuzkoan emandako aldaketa esaldi batekin laburbiltzen da: gizarterarekiko konfiantza

    Nahikari Otermin alkategaiarekin batera Pasaian izan da gaur Markel Olano, EAJ-PNVren diputatu nagusirako hautagaia; aurreko legealdiko “inposaketa gainditu eta guztientzako gobernatzera” pasa da Aldundia, adierazi duenez

    EAJ-PNVren diputatu nagusirako hautagaiak, Markel Olanok, Gipuzkoan legealdi honetan bizitako eraldatzea azpimarratu du gaur Pasaian, dela erakundeak gidatzeko estiloan, dela ekonomiaren kudeaketan, dela elkarbizitzaren alorrean. “Lau urteotan emandako aldaketa esaldi batekin laburbiltzen da: gizartearekiko konfiantza”, adierazi du, Nahikari Otermin alkategaiarekin batera egindako bisitan, eta nabarmendu du alderdi jeltzaleak erakutsitako lidergoa, “guztientzat” gobernatzeko molde berrietara bidea egiteko garaian. 

    Olanok gogorarazi du 2011-2015 legealdiaren ezaugarri nagusiak izan zirela “kudeatzeko gaitasun eskasa” eta Foru Aldundian gobernatu zuen ezker abertzalearekiko herritarrek erakutsi zuten “konfiantza falta”. “Azken lau urteotan –xehetu du– erakundeek bestelako jarrera bat erakutsi dute gizatearekin hartu-emanean. Gizartera mesfidati gerturatzetik igaro gara konfiantzara; alderdikeria oinarri zuen proiektu batetik pasa gara herritar denak entzutera; inposaketatik guztientzako gobernura”. 

    Diputatu nagusiak “pozgarritzat” jo du, lehen-lehenik, gipuzkoar gizarteak “beldurra” atzean utzi izana, “biolentziak eta bere ondorioek zekarten guztiarekin batera”. Gaur egun lurraldeko kale eta auzoetan “elkarbizitza eta errespetua” da nagusi” eta, horrekin batera, “demokraziaren sendotzea” ari da ematen. Hautagai jeltzalearen ustez, hori guztia “poz handia” sortzeko arrazoia da, baina aldi berean etengabe sakontzen joan beharreko errealitatea.

    “Ekonomiaren aurrean erakundeek erakutsitako jokamoldea ere aldatu egin da, zorionez”, Olanoren esanetan. “Ekonomia gaiak gutxiestetik, horiek lehenestera pasa gara. Ekonomiaren giza ikuspegiari lotutako arloetara gerturatu eta proposamen zehatz eta sendoak egin ditugu”, azpimarratu du. Horren lekuko, kalitatezko enpleguaren sustapena, enpresa txiki eta ertainei bultzada, nahiz autonomoei, tokiko merkataritzari eta ekintzaileei emandako laguntza, besteak beste.

    Horren guztiaren oinarrian egon da, hautagaiak azaldu duenez, Foru Aldundiaren kudeaketan bizitako “eraldatze sakona”. “Gure konpromisoak bete egin ditugu, galdutako denbora berreskuratu dugu”, laburbildu du eta legealdi honetan amaitutako proiektu nagusietako batzuk zerrendatu ditu, Deskargako autobidea eta Zubietako Ingurumen Zentroa, kasu.

    “Kudeaketa zorrotza eta eraginkorra egin dugu, epe ertain eta luzean pentsatuz gainera, zerbitzu sozialen etorkizuna bermatzeko eta kolektibo ahulenen mesedetan jokatzeko. Planteamendu ezinezkoetatik abiatuz, aurreikuspen faltsuak sortzen dituen populismoan erori gabe”, baieztatu du, eta gaineratu: “Kudeaketa arduratsuak konfiantza sortzen du; populismoak, berriz, frustrazioa”.

    Pasaialdeko biziberritzean aurrerapen zehatzak

    Ondartxoko pasealekura eta Pasaiako lonjara Nahikari Oterminekin batera egindako bisitan, Olanok aipatu du lurraldearen “etorkizun ekonomiko eta soziala bermatzeko oinarriak” jarri dituela Foru Aldundiak legealdi honetan, geroko eremu industrial, ekonomiko eta sozial berriak sustatuko dituzten erreferentziazko zentroen bitartez. Estrategia sozio-ekonomiko horren “nukleo nagusi” gisa definitu du Trintxerpeko Hospitalillo gunean urte amaieran eraikitzen hasiko den Adinberri zentroa. Berrikuntza gune honen helburua izango da zahartzaro osasuntsua bultzatzea eta adinekoentzako eta menpekotasun egoeran dauden pertsonentzako arretari lotutako ekonomia sustatzea. 120 plaza eskainiko dituen egoitza berritzaile batez gain, 25 etxebizitza tutelatu eta eguneko zentroa izango ditug; orotara 400 lanpostu baino gehiago sortzea dago aurreikusita.

    “Kudeaketa eraginkorra, gizarteari entzutea eta, batez ere, erakundeen arteko lankidetza” bezalako balioetan aurrera egin izanak eragin du, diputatu nagusiak adierazi duenez, Pasaialdiaren biziberritze urbano, sozial eta ekonomikoa bultzatzea legealdi honetan “aurrerapen konkretuekin”. Adinberriz gain, hautagai jeltzaleak gogorarazi du aldaketa “agerikoena” Trintxerpe eta Herrera batzen dituen pasabidean eman dela; oinezko eta txirrindularientzat “puntu beltza” izatetik lotura “berde eta ziurra” pasa da bi zonaldeen artean, aisialdirako gune bilakatuz, baita ere.  

    Horrez gain, Olanok aipatu ditu Ondartxoko pasealekuan egindako obrak, zeinek ekarriko duten baita ere espazio hori duintzea eta Pasaiako lonkajo lanak berraktibatu izana, inguruko guneen “berrurbanizazioa” eraginez. “Herreratik Ondartxora lau gunetan eragiten ari gara eta horrek onura sozial, ekonomiko eta ingurumenekoak” ekarriko ditu pasaitarrentzat.