• 31 MAR 19

    Lau urte hauetako lorpenak egonkortzeko unea da Donostiak aurrera egiten jarrai dezan

    Eneko Goiak Donostiako EAJren hauteskude-programak izango dituen bost konpromiso orokorrak aurkeztu ditu. Alderdi jeltzaleak programa partekatuko du hainbat arlotako adituekin hurrengo asteetan egingo diren hainbat bileratan

    EAJ-PNVren Donostiako alkategai Eneko Goiak adierazi du, Donostiak aurrera egin duela lau urte hauetan, hiria bultzatzera lagundu duten proiektu eta ekimenei esker, eta azpimarratu du, unea dela lorpenak kontsolidatzeko. 

    Adierazpenok egin ditu Goiak gaur goizean Donostiako Araba parkean EAJ-PNVk hauteskunde-programak izango dituen bost konpromiso orokorrak aurkezteko egin duen ekitaldian. Bertan, parte hartu dute Donostiako alkategaiak berak, Gipuzkoako Diputatu Nagusigai Markel Olanok, eta hautagai-zerrenda osatzen duten pertsonek. 

    Hiri oparoaren alde lan egitea, etxebizitza beharra, bizitzeko hiria sustatzea, hiri erreferente eta mundura irekia izaten jarraitzea, eta kudeaketa eraginkorra dira Eneko Goiaren hautagaitzaren egitasmoak izango dituen bost arlo orokorrak.

    Goiak adierazi du, aberastasuna sortzeko gai den hiria izatea nahi duela, hain zuzen ere, talentua erakartzeko gaitasuna izango duena, eta egitura produktibo garrantzitsua mantenduko duena, betiere, hiri oparoa izaten jarraitzeko. Horren harian, egungo alkateak eta alkate izaten jarraitzeko hautagaiak gogorarazi du, Udalak Eskusaitzetan egiten ari den apustua Gipuzkoako industrialde handiena izateko eta, bertan, enpresa berriak erakartzeko. 

    Era berean, Eneko Goiak azpimarratu du, etxebizitza sustatzea dela egun hiriak duen lehentasuna, eta lau urte hauetan Txominenea auzoa egi bihurtzeko egindako lana goraipatu du, non eta 600 etxebizitza baino gehiago egin diren. Hortaz, Goiak honako helburua du: “Etxebizitza publiko gehiago sustatzea, besteak beste, Inpernuan, Urumeako ibarraren hedapenean, Illarran edo Aldakonean; eta era berean, etxebizitza plana garatzea, eraikitako hirian eragina izateko, eta besteak beste, alokairuan etxebizitza gehiago egoteko”.

    Goiaren iritziz, Donostiak hiri lagunkoia, bizitzeko hiria izaten jarraitu behar du, batez ere, adinekoentzat zahar etxeetan hobekuntzak eginez; eta halaber, gazteentzako zerbitzu berriak eskaintzen dituen hiria, adibidez, Altza, Gros eta Loiolako Erriberetako Haurreskola berrien bidez. Ildo beretik, Donostiako alkategaiak honakoa adierazi du: “Donostiarrok asko baloratzen dugu daukagun bizi-kalitatea. Hortaz, ezinbestekoa da garraio publiko garbi eta jasangarriaren alde egiten jarraitzea, eta besteak beste, kirol-jarduerak bultzatzearen alde egitea. Izan ere, Donostian kirol asko egiten da eta kirol-instalazioak dira hiritarrek gehien baloratzen duten gauzetako bat”. 

    Donostiako egungo alkateak eta berriro alkate izateko hautagaiak esan du, Donostia hiri erreferentea dela, hain zuzen ere, munduari irekita dagoen hiria, eta bere nortasunari uko egin gabe hazten jarraitu nahi duen hiria. Eta horretarako, kultura apustu propioa egin behar dela uste du Eneko Goiak, eta beti, Zinemaldia, Jazzaldia, Tabakalera edo Chillida-Leku bezalako festibalak edo azpiegiturak ardatz bezala izanda. Horiek horrela, Eneko Goiak aipatu du, Haizearen Orrazia UNESCOren Gizateriaren Ondare izateko hautagaitza sustatzeko ideia.

    Eta, hori guztia, Eneko Goiaren iritziz, kudeaketa eraginkor eta garden baten bitartez. Hain zuzen ere, proiektuak bultzatzen jarraitzeko aukera eta jauzi kualitatibo bat emateko aukera ahalbidetuko digun kudeaketa baten bidez. Hortaz, Goiak azaldu du, azken asteetan auzoz auzo joan direla hiritarren ekarpenak jasotzen: “Izan ere, Donostiarako nahi dugun proiektua donostiarrek nahi duten eta esango diguten proiektua da”.

    “Elkarlanak sendoago egiten gaitu”

    Diputatu Nagusi izateko hautagai Markel Olanok, berriz, gogorarazi du duela lau urte amaiera eman zitzaiola “krispazioak, norgehiagokak eta Gipuzkoako zein Donostiako proiektu garrantzitsuenen geldialdiak” baldintzatutako aroari. “Agindu genuen elkarrizketaren eta erakundeon arteko elkar ulermenaren bidera itzuliko ginela, arazo nagusiei erantzun ahal izateko. Hala eskatzen ziguten herritarrek, eta emandako hitza bete dugu, elkarlan instituzionalera eta akordioetara itzulita”.

    Olanok ziurtatu duenez, Aldundia “inoiz baino gertuago” egon da “Donostiaren etorkizuneko apustuengandik”, eta horrek ahalbidetu du “agenda partekatu bat” martxan jartzea. Horren barruan aipatu ditu mugikortasun elektrikoa, Mubil erreferentziazko zentroarekin eta 28. autobus lerroaren elektrifikazioarekin, zibersegurtasuna eta gastronomia digitala, ZIUR eta LABE erreferentziazko zentroekin, bide azpiegiturak, gizarte zerbitzuak, “zahartzea eta gizarte inklusioa bereziki”, eta ekimen berritzaileei emandako babesa Miramonen, biozientzien sektorean eta teknologia zentroetan.

    “Elkarlanak egiten gaitu indartsu. Elkarlan giro honi eutsi behar diogu, gure lurraldea sendotzen jarraitzeko. Donostia ekonomikoki lehiakor batek, sozialki aurreratua den Donostia batek, Gipuzkoa osoa egiten baitu lehiakor eta aurreratu. Elkarlanean jarraitu behar dugu Donostia etorkizunera begira indartzen jarraitzeko. Horrela bakarrik eraikiko dugu etorkizun sendoago bat Gipuzkoa osorako eta herritar guztiontzako”, amaitu du.