Aberri Eguna 2024

Gipuzko Buru Batzarra

Berriak

Ezagutzera eman
2019/03/15

Lan ildo eta proposamen zehatzekin etorkizuneko Pasaia marraztuz

Dagoeneko Nahikari Otermin alkategaia hauteskundeetarako programa lantzen eta ekarpenak jasotzen ari da eta etorkizunera begira lehentasunezko gaitzat ezarri ditu: kalitatezko enplegua, gizarte babesa, berdintasuna, gazteentzako aukera berriak, herri bizia kultura eta euskarari lotuta, partaidetza, komunikazioa eta kudeaketa eraginkorra sustatzea
Lan ildo eta proposamen zehatzekin etorkizuneko Pasaia marraztuz

Atzo hasi ziren banatzen Pasaiako etxe guztietara EAJ-PNVk azken lau urteotan Gipuzkoa mailan eta baita Pasaian ere egindako lana eta etorkizunera begirako oinarriak ezagutarazteko prestatutako aldizkaria.  

Gipuzkoa mailan hainbat proiektu abiarazi eta gauzatu dira legealdi honetan Pasaiari erabat lotua dagoen biziberritze proiektua da horietako bat. Erakundeen arteko elkarlanari eta baita datozen udal hauteskundeetarako alkategaia den Nahikari Oterminek hirigintza sailaren arduradun gisa egindako lanari esker, hainbat proiektu esanguratsu gauzatu dira azken urteotan: oinezko eta txirrinduentzako pasabide berriaren eraikuntza, Lonja pareko plazako lanei emandako bultzada, Ondartxoko pasealekuaren berritzea, Kalaburtzan bertako irisgarritasuna hobetzeko gauzatutako lanak, Antxon eraikitako Skatepark berria edota Adinberri egoitza Pasaian kokatzea lortu izana.

Biziberritzearen alde emandako pausoak garrantzitsuak dira, baina hori bezain inportantea da lanean jarraitzeko konpromisoa izatea. Oterminen aburuz, “azken 4 urte hauetan urratsak egin ditugu EAJk apustu sendoa egin duelako Pasaiaren biziberritzearen alde. Pasaiak aurrera egiten jarraitu behar du; behin betiko bultzada emango dion alkatea behar du udalaren gidaritzan. Herritarrei etorkizuna duen Pasaia eskaini nahi diegu eta etorkizun hori elkarrekin marrazteko pasaitarren iritziak jasotzen ari gara”. “Gure proiektuak etorkizuneko erronkei eta bereziki herritarren beharrei eta kezkei erantzun behar die eta horregatik, dagoeneko, lan ardatzak finkatuak ditugu, baita aurrera eraman nahi ditugun zenbait proiektu estrategiko ere” gehitu du.

4 lan ardatz nagusi eta lehentasunak eta proiektu estrategikoak argi:

Oterminek bere aurkezpenean adierazi zuen moduan Pasaiako EAJren lan ardatzak 4 izango dira:

  1. Pasaitarrei bertan lan egiteko aukera eskaintzea eta tokiko ekonomia sustatzea
  2. Pertsonen ongizatea bermatu eta gizarte babesa sustatzea
  3. Nortasuna indartu eta babestea, kulturari eta euskarari lotuta.
  4. Biziberritzearen aldeko urratsak egiten jarraitzea.

Lan ardartz horien baitan, lehentasunezko zenbait gai eta proiektu estrategiko ere definitu ditu Pasaiako EAJk:  kalitatezko enplegua sustatzea; herritar orori gizarte zerbitzu eta laguntzak bermatzea eta zahartzaro aktiboa sustatzea; gazteei etxebizitza aukera berriak eskaintzea San Pedroko pisuak gazteen eskura jarriz Adinberri egoitza eraikitzen denean; herri bizia  eta euskalduna sustatzea, kultura eta kirolari lotuta, horretarako kultur egitaraua zabalduz, bertako ondarea balioan jarriz, herri nortasuna indartuz eta euskararen erabilera areagotzeko ekimen berriak abiaraziz. Halaber, berdintasunaren alde lanean jarraitzea ezinbestekoa da Pasaiako EAJrentzat. Emakume eta gizonen arteko berdintasuna sustatzeko  genero ikuspegitik herria seguruagoa egiteko puntu beltzak ezabatu, parekidetasuna bultzatu eta Berdintasun Planean jasotako ekimenak gauzatuko dira. “Eta hori guztia gobernu ona eta kudeaketa eraginkorra oinarri hartuta gauzatzeko konpromisoa hartzen dugu, partaidetzari  bide emanez eta herritarrekiko komunikazioa hobetuz eta areagotuz, gertutasunez lan eginez; guztientzat eta guztiona den Pasaia eraiki dezagun, Pasaia hobe bat, etorkizuna duena” esanez amaitu du Oterminek..

Ezagutzera eman

Nabarmenak...

Berri ikusiagoak...

YouTube