Aberri Eguna 2024

Gipuzko Buru Batzarra

Berriak

Ezagutzera eman
2005/12/31

Juan Jose Ibarretxe, Lehendakariaren mezua

Juan Jose Ibarretxe, Lehendakariaren mezua

Gabon! Gaur itxaropentsu hitz egin nahi dizuet, konbentzituta nago-eta euskal gizartearentzat garrantzi handiko etapa berri bati ekin diogula.


 
Ahalegin handia egin dugu inmobilismo politikoa hausten, eta zorionez guztion artean lortu dugu, mundu guztia indarkaria-ezaren eta elkarrizketaren bideari, lotzea. Bide horretan, izango dira oraindik gorabeherak eta oztopoak, baina ez dago atzera egiterik.
 


Konbentzituta nago: "euskal gizarteak atzera egiterik ez duen bide bati ekin dio, Bakea eta Normalizazio Politikoaren tontorrerantz". 
 


Ilunpetan eta sufritzen hainbeste urte eman ondoren, berriro ageri da tunelaren bukaeran, argia aurkitzeko itxaropena. Ez dakigu oraindik urruti ote dagoen irteera. Bidea zaila izango da. Ziurrenik, une lazgarriak ere izango ditu, baina nik ez dut zalantzarik: atzera egiterik ez duen bide batetik goaz.
 


Lehendakaria naizen aldetik, agintzen dizuet, zuzentzen dudan gobernua eragile eraginkorra eta dinamikoa izango dela, inor baztertu gabe, hitz egin eta alderdi guztien arteko akordioak bilatzeko; eta horrela, euskal gizarte osoaren ongizatea areagotzeko.
 


Horretantxe ari gara. Eusko Jaurlaritzak euskal politikaren erdibidea adierazten du. Guztiekin hitz egiten dugu eta guztiekin hitzarmenak egiteko prest gaude. Espainiako Gobernuarekin, Abiadura Handiko Trena garatzeko, eta Aralar, EHAK eta Alderdi Sozialistarekin, hitzarmenak egiteko Eusko Legebiltzarrean. Eta horretantxe arituko gara aurrerantzean ere.
 


Lehendakaria izendatzeko Eztabaida-ekitaldian iragarri nuen bezala, guztiekin hitz egitea da nire konpromisoa, Alderdi Popularretik hasi eta Batasuneraino, guztiok baikara beharrezkoak eta guztiok baikara konponbiderako behar diren zatiak. Inor ez dago soberan Euskadiren eraikuntzan.
 


Oraindik ere ETAren indarkeria da trabarik nagusiena euskal gizartea bakean bizi dadin, eta euskal gizarteak bakean erabaki dezan… Bakea falta zaigu.
 


Aurrera doan herria gara…



Eta asko dago egiteko, hobetzeko, beraz, hainbat egitasmo estrategikori ekin diegu gizartearen, energiaren, trenbideen eta teknologiaren alorrean.
 


Baina….Bagoaz aurreruntz. Espainiar Estatuko errentarik handiena dugu. Gure Barne Produktu Gordina biztanleko Europako bataz bestekoaren %123n dago. Aurten 20.000 lanpostu berri sortu dira eta historia osoan izan dugun enplegu mailarik altuena dugu orain. Bizi kalitate ona dugu… baina Bakea falta zaigu.
 


Hitzordua dugu Bakearekin…



Aspalditik gaude hitzordu horren zain. Urte asko daramatzagu minez eta sufrimenduz; biktima errugabe gehiegi ditugu, eraman zailak diren orbain sakonak eragin dituztenak. Bakea merezi dugu, Bakea behar dugu, Bakea aldarrikatu nahi dugu.
 


Baina ez da nahikoa Bakea nahi izatea, lan egin behar da Bakearen alde. Konbentzituta nago aukera izango dugula Bakea lortzeko, baina aprobetxatu egin beharko dugu aukera hori. Pausoak eman behar dira. Guztiok eman behar ditugu pausoak. Ausartu egin behar dugu. Ausardia politikoa erabili behar dugu. Eta nik, Lehendakaria naizenez,  lehenengoa izan behar dut.
 


Egia da ETAk bonbak jartzen eta mehatxu eta estortsio egiten jarraitzen duela, baina, zorionez, badaramatzagu bi urte eta zazpi hilabete hildakorik gabe, eta hori itxaropen mezu bat da berez.
 


Baina ETAk behin betiko pausoa eman behar du. Ausardia izan behar du argi eta garbi adierazteko indarkeriari eta estortsioari amaiera emateko gogoa duela, behingoz eta behin betiko, Euskal Herriak behin eta berriz eskatu bezala.
 


Espainiako Gobernuak ere pausoak eman behar ditu. Bere erantzukizuna hartu behar du; eta giza eskubideak errespetatu eta Bake prozesuari gehien lagunduko dion kartzela politika, burutu behar du.
 


Eta azkenik, euskal alderdi eta ordezkari politikook ere pausoak eman behar ditugu; inor baztertu gabe elkarrekin hitz egiteari ekin behar diogu buru belarri, Normalizazio Politikorako eta Elkarbizitzarako Hitzarmena lortzeko, hitzarmen hori kontsulta demokratiko baten bitartez onar dezan euskal gizarteak geroago.
 


Horrek izan behar du gure ekarpena elkarbizitzarako.
 


Gehiagotan hitz egin behar dugu gure artean; eta gutxiagotan, komunikabideetan. Mahai baten inguruan eseri behar dugu, betorik eta bazterketarik gabe; eta gauza izan behar dugu hitzarmen demokratiko bat erdiesteko, Euskal Herriak etorkizuna erabakitzeko duen eskubidea ulertzeko moduaz, Euskal Herria osatzen duten lurraldeen eta erkidegoen arteko barne harremanetarako esparruaz, Espainiako Estatuarekin euskaldunok izan nahi dugun estatus juridiko politiko berriaz, eta abarrez.
 


Zorionez, Normalizaziorako hitzarmen bat lortzeko ez dugu hutsetik hasi behar. Euskal gizarteak Estatutu Politiko Berriaren Proposamena dauka, Eusko Legebiltzarrak gehiengo osoz onartutakoa 2004ko abenduaren 30ean, duela urtebete eta egun bat, hain zuzen.
 


Proposamen horrek bere indar politiko guztiari eusten dio orain ere, eta funtsezko ekarpena egin du, Estatuko beste nazio batzuei beren eskubideak aldarrikatzeko bidea ireki dielako; eta horretaz gain, eta batez ere, euskal auzia konpontzeko zumeak dauzkalako.
 


Bukatu dugu urtea, baina ilusio berri, itxaropen berriaren atea zabaltzen dugu.



2006. urtea itxaropena izateko urtea da.



Bakerako, elkarrizketarako, hitzarmenerako eta elkarbizitzarako itxaropena izateko.
 


Guztion artean eraman dugu Euskadi konponbidearen eta erabakiaren atarira.



Konbentzituta nago aukera izango dugula euskal gizartearen Bake itxaropenari erantzuteko. Gure konpromisoa, nire konpromisoa, itxaropen hori egi bihur dadin, buru belarri egunero lan egitea da.



Ezin dugu utsik egin.
 


Gure alde daukagu zuen bultzada, hemen bizi eta lan egiten duzuen gizon eta emakumeon bultzada. Guztion artean, nondik gatozen alde batera utzita, elkarrekin erabakiko dugu, hemen Euskadin, nora joan nahi dugun.


Une historiko hauxe bizitzea tokatu zaigu. Gure belaunaldiari egokitu zaio Bakea lortzea eta gure etorkizuna erabakitzea; eta horixe egingo dugu zuen laguntzarekin.
 


Eskerrik asko


Zorionak eta urte berri on!
Ezagutzera eman

Nabarmenak...

Berri ikusiagoak...

YouTube