• 24 URT 18

    Jarduera industriala duten bertako 28 enpresek hartu dute parte Tolosako Udalak antolatutako I. Enpresa Egunean

    Estreinakoz, Enpresa Eguna antolatu da Tolosan. Udalak garapen ekonomikora bideratua duen Oriaburu eraikinean gauzatu da ekitaldia. Bertan gutxi barru coworking gunea zabalduko da, eta jada Tolosa&Co merkatari elkartearen egoitza da. Arantxa Tapia, Ekonomiaren garapena eta Azpiegituretako sailburuak eskaini du hitzaldi nagusia.

    Goizeko 9:00etan eman zaio hasiera I. Enpresa Egunari eta hiru zatitan egituratu da: lehen orduan Arantxa Tapia sailburua eta bere lan taldea Tolosako Udal Gobernuarekin batu dira, Olatz Peon Ormazabal alkatea buru, herriko argazki ekonomikoa, garapen ekonomikoaren alorreko herri-politikez edota enpresa ehunaren egoeraz jarduteko.

    Ostean, Tolosako enpresekin batu dira. Gonbidatu diren enpresak ETEak dira; media bat egitearren, 50 langile inguruko jarduera industriala duten enpresak. Tolosaldeak dituen ezaugarriak medio, gehienak, metal mekanika alorrarekin lotura daukatenak, era batera edo bestera.

    Alkateak eman dio hasiera ekimenari. Tolosako eta Tolosaldeko ekonomiaren diagnosiaz jardun eta bereziki, enpresa ehunaren argazkia ekarri du bere hitzetan. Adierazi du bai Udalean eta baita Tolosaldea Garatzen garapen agentzian, lehiakortasuna indartzea lehentasuna dela, eta horretarako pausuak ari direla ematen, esaterako, Gipuzkoako Foru Aldundiarekin elkarlanean abian duten Lehiakortasun Plana tarteko. Tolosaldean enpresa gehienek ertain edota txikiak izanik, ezinbestekotzat jo du  lankidetzarako bideak jorratzea eta sareak sendotzea: “ekimen pribatu eta publikoaren osagarritasuna indartzea garrantzizkoa da komuna den helburu bat lortu ahal izateko”.

    Bestalde, gaineratu du Olatz Peon Ormazabalek enpresarekiko aitorpen soziala bultzatzea ezinbesteko dela, eta helburu hori oinarri izanda antolatu dutela I. Enpresa Eguna: “jabetzen gara, nazioarte mailako lehiakortasun geroz eta korapilatsuagoan bizi garela eta horrek esfortzu handiagoa egitera garamatzala, industria modernoagoa egiteko, teknologikoki aurreratuagoa, nazioartean txertatua, pertsona berritzaileen partehartze ereduekin eta bere inguru sozio-ekonomikoarekiko konpromiso sendoa dutenekin”.

    Arantxa Tapiarena izan da hitza ostean eta Eusko Jaurlaritzak bultzatutako Industria Planaren xehetasunak izan ditu hizpide.

    Segidan, Tolosaldea Garatzeneko Enpresa alorreko arduraduna den Unai Anduezak oraindik amaitzeke dagoen Tolosaldeko Plan Estrategikorako egin den diagnosiaren nondik norakoak aurkeztu ditu.

    Amaiera eman zaio ekimenari hizlari zein bertaratutakoen arteko solasaldi batekin.

    Alkateak nabarmendu du “denboran irauteko bokazioz” sortu dela ekimena: “gure herri eta eskualdeko ekonomian traktore den bertako industriaren elkargune eta foro gisa, hain zuzen”.