• 06 OTS 15

    Izaskun Bilbao: “Brusela Gipuzkoa ikertzen ari da hondakin plan berria aurkeztu ez duelako”

    Ingurumen komisario Karmenu Vellak EAJ-PNVren eurodiputatu Izaskun Bilbao Barandicari konfirmatu dio gaur bertan, batasunaren exekutiboak Gipuzkoako Aldundia ikertzeko tramitea hasi duela 2014 urte amaieran herrialderako hondakin plana ez aurkezteagatik.

    2014 urte amaieran planaren berrikusketa formala aurkezteko amaitzen zen epea Karmenu Vellak berak legebiltzarkide jeltzaleak Bruselan duen bulegoari helarazi zion Zestoako zabortegiaren inguruan bidali zion erantzunean. Agiri hartan, ingurumen gaietarako europar komisarioak baieztatzen zuen Gipuzkoa "2008 urtetik indarrean dagoen hondakin plana" exekutatzen ari zela eta berria "2014 urte amaiera baino lehen" bidaltzea eskatzen zela, planaren ebaluazioa egiteko.

    Informazio hori eskuan, Izaskun Bilbao Barandicak iragan abenduan Ingurumen komisarioari eskatu zion Gipuzkoako Aldundiak hondakinen kudeaketa inguruan hartu dituen neurriak eta herrialde horretan 2008 urtean onartu zen planarekin alderatzea. Era berean eskatzen zen balorazioa egitea erabaki berriek zaborren tratamenduan Europak ezarritako hierarkia betetzen ote zuten ikusteko.

    Eurodiputatu jeltzaleak informazio hori ezagutzean esan duenez "ekimen horien bidez egin nahi dudana da Gipuzkoan hondakinen inguruan sortzen den benetako arazoaren inguruko eztabaida eraikitzailea piztea. Beste inposaketa baten inguruko eztabaidak, atez atekoa, alegia, ezin du ezkutatu ez dagoela urteroko 170.000 tona hondakin kudeatzeko planik. Zabor pila horrek ez dauka helburu argirik lehenago aurreikusi ziren eta gipuzkoar gehienek adostutako konponbideak baliogabe utzi zirelako, ez da alternatibarik planteatu erakundeen babesarekin, denboran eta forman zuzena eta martxan jartzeko prozedura bideragarriekin”.