• 05 OTS 19

    Itziar Jauregi izango da Ibarrako alkatetzarako EAJko hautagaia

    Egun Ibarrak bizi duen “paralisi” egoera gainditzeko konpromisoa hartu du eta lanerako “gogoz eta prest” dagoela adierazi du.

    Ibarrako EAJk aho batez aukeratu du Itziar Jauregi maiatzeko hauteskundeetarako alkategai izateko. “Ibarra eta ibartar guztiekiko nire eta lantalde osoaren konpromiso irmoa berresten dut: herritar guztien ongizatea bermatzea izango da gure lehentasuna”, adierazi du Jauregik.

    Gaur Ibarran egin den aurkezpenean Joseba Egibar Gipuzko Buru Batzarreko presidenteak hartu du parte Jauregi babestuz. Ibarraren oraina ikusita, EAJk hautagaitza “sendoa” aurkerztu du herriaren “etorkizuna bermatzeko eta herria indarberritzeko”. Egibarrek azpimarratu duenez, EAJren helburu nagusia “herri honi etorkizun politiko eta ekonomikoa ziurtatzea da”, eta hori lortzeko herri proiektua duen bakarra EAJ dela gogorarazi du. “Gure proiektuak hiru zutabe ditugu: ekonomikoa, gaitasuna erakutsi kalitatezko enpleguak sortzeko; soziala, aurrerakoiak izan justizia sozialean oinarritutako politikak eraikiz; eta politikoa, herriari behar diuen bideak gauzagarriak eginez” adierazi du. Hiru oinarri horien uztarketatik abiatuta “bidea eman behar zaio Ibarrari, Gipuzkoari eta Euskadiri” gehitu du Egibarrek.

    Bi legealdi oposizioan eman ondoren, Itziar Jauregi prest agertu da alkatetzak suposatzen duen konpromisoa bere gain hartzeko: “Ibarran gauza asko daude hobetzeko. Gizartea aldatzen joan da eta gure herriak aldaketa horiei erantzuteko gai izan behar du. Gaur egun ez da horrela, Ibarra geldirik dago”. Paralisi egoera horren aurrean, proposamen zehatzak eginez eta proiektu berriak martxan jarriz: “Ibarra guztion artean indarberrituko dugu eta horretarako herritarren hitzari bidea emango diogu”, azpimarratu du alkategaiak.

    Proposamen eta neurri zehatzak plazaratuko ditu datozen asteetan Ibarrako EAJko lan-taldeak, “Ibarrak dituen arazo eta erronkei erantzuteko”. Ibarrak gobernu onean oinarritutako politika publikoak behar dituela defendatu du Jauregik, sinesgarriak eta herritarrengandik hurbil daudenak. Hala nola: gizarte politiketan sakonduko dutela iragarri du, herriaren garbiketari eta hondakinen kudeaketari dagozkion neurriak hartuko dituztela, aparkalekuen arazoari irtenbidea emango diotela eta Ibarrako ekonomia, ostalaritza eta komertzioa indarberrituko dutela.

    Itziar Jauregik publikoki eskertu du alderdiak berriro eman dion babesa eta konfiantza. “Ibarrako etorkizunaren alde lan egingo duen taldea irekia eta anitza da”, eta helburu berberarekin egingo dutela aurrera adierazi du alkategaiak: “Ibartarron ongizatea bermatuz eta indarkeriak eta inposizioak alde batera utziz”.

    Gobernantza eredu berri batean oinarritutako gestioa eramango duela aurrera azaldu du, herritarrak parte hartzera gonbidatuz, “Ibarrak eta ibartarrok merezi dugulako herri hobeago bat eta etorkizuneko erronkei erantzuteko prest egongo dena”.