• 04 API 19

    Irungo herritarrekin hartu genituen konpromisoak %100 bete ditugu

    Jose Antonio Santano egungo alkateak Irungo herria kaltetu duela salatu du Markel Olanok, “bere jarrerarengatik eta gobernu taldeko ezberdintasunak ondo kudeatu ez izanagatik”

    EAJ-PNVko diputatu nagusi izateko hautagaiak, Markel Olanok, Irunen azken lau urteetan egindako lanak azpimarratu ditu. “2015ean martxan jarri gabe zeuden hainbat proiektu eta azpiegiturekin egin genuen topo, eta gaur egun esan dezakegu irundarrei emandako hitza 100% bete dugula”, esan du gaur goizean herrira egindako bisitan. Olanok azaldu duenez, “Gipuzkoa geldialditik ateratzea” zen duela lau urteko helburu nagusia, lurraldea “paralisi egoera batean” murgilduta baitzegoen. Irungo kasuan, “azpimarra jarri genuen bide azpiegituren eta gizarte zerbitzuen arloko proiektuetan, uneoro epe luzean pentsatuz”, zehaztu du.

    Lan horretan, lau urte hauetan zehar lurraldeko herritarrekin eta gainontzeko erakundeekin izandako elkarrizketa eta elkarlana nabarmendu du Olanok. PSE-EEren koalizioaren inguruan, “izugarri ondo” funtzionatu duela esan du, eta elkarlanak bere fruituak eman dituela. Olanoren hitzetan, “lurraldea geldialditik ateratzea lortu dugu, eta orain baieztatu dezakegu Gipuzkoa duela lau urte baino sendoago dagoela, aurrerapausoak eman dituela eta etorkizunari anbizio handiarekin egiten diogula aurre”.

    Hala ere, elkarlan “serio eta eraginkor” horren salbuespen bakarra Irun dela salatu du hautagai jeltzaleak: “Elkar aditzeko izan dugun ahamen hori uneoro erasotu du Jose Antonio Santanok bere jarrerarekin” eta horren ondorioz “elkarlan zintzo eta eraginkor hori ahalbidetu ez duen herri bakarra Irun izan dela” esan du. “Tentsioak ondo bideratu ez izanagatik eta bere gobernu taldeko ezberdintasunak kudeatu ez izanagatik Irun kaltetu eta ahulagoa bihurtzera eraman du”, gehitu du. Egungo alkatearen jarrera kritikatu du Olanok, eta ondorioz lortu duen bakarrak “irundarrak kaltetzea” izan dela salatu du. “Gobernuaren haustura bere erantzukizuna izan da”, azpimarratu du.

    Olanoren esanetan, “irundarren ongizatea hobetzeko, gizarte beharrei erantzunak emateko eta herriko lehiakortasuna zein ekonomia suspertzeko hainbat proiektu martxan jartzea zen gure helburua lehenengo egunetik”. Hego Ingurabidea da proiektu horietako bat, hiriak dituen trafiko arazoak leuntzea helburu duena eta mugikortasuna hobetuko duena. 15 milioi euroko aurrekontua du eta otsailean hasi ziren A-8ko lotune erdiaren lanak. Aurreikuspenen arabera, bide berria 2020 hasieran irekiko da. “Emandako hitza bete dugu. Gaur egun lanak errealitate bihurtu dira eta gure konpromisoa argia da”. Dena den, Irungo Udalari dagokion zatiaren lanak noiz hasiko zain daudela esan du Markel Olanok: “Martxan jarri beharreko zatia esleitu diogu udalari”, esan du.

    Olanok nabarmendu duen bigarren azpiegitura Arbesko egoitza izan da. Zentro berriaren obrak kontratatzeko prozesura hasi da jada eta Olanok aurreratu duenez, apirilean Gobernu Kontseiluak proiektuaren lizitazioa onartuko du. “Lanak udazkenean hasiko dira eta horrenbestez, ez dago atzera pausorik, behin betiko proiektua da”, zehaztu du. Halaber, gogorarazi du 22 milioi euroko aurrekontua duela zentro berri honek eta 130 plaza izango dituela mendekotasun egoeran dauden adinekoentzat, 54 plaza tutoretzapeko apartamentuetan eta azkenik, 30 plaza eguneko zentroan.

    Iridoy, Irunek behar duen aldaketa

    Herrira egindako bisitan, Markel Olanorekin batera izan da Xabier Iridoy, EAJ-PNVren Irungo alkategaia. plastikoen moldeak diseinatu eta fabrikatzen dituen Mecanoplastica enpresa bisitatu dute, baita herriko Alde Zaharra ere. Korrokoitz eremuan izan dira, azken 20 urteetan geldirik egon den eremua; berrurbanizatzeko proiektua proposatu zuen EAJ-PNVk, gune honi bultzada ematearren.

    Olanoren ustetan, “Irunek proiektu argi bat behar du, helburu bat eta bakarra duena, herria alor guztietan sendotzea, hain zuzen ere”. “Elkarrizketa eta elkar ulermena dira Iridoyren ezaugarriak eta elkarlanean lan egiten jakin badaki” gehitu du. Bestalde, “Santanoren egozentrismoaren eta etika faltaren ondorioz Irun geldirik eta blokeatuta dagoela” esan du Iridoyk, eta “noranzko berean elkarrekin lan egin ez izana” salatu du. Errealitate horren aurrean, “Irunek aldaketa sakona behar duela” esan du.

    “Gizarteari gonbita luzatzen diogu gure proiektuarekin bat egiteko, Irun eta Gipuzkoa sendoa lortzea delako gure helburua, etorkizuna erronka sozial eta ekonomikoei aurre egiteko”, amaitu du esanez hautagai jeltzaleak.