• 06 OTS 19

    Irunek, gobernu eredu berria behar du

    Irungo EAJ-PNVk antolatu duen mahai inguruak, gobernu batek eduki beharreko etika, gardentasuna eta herritarren parte-hartzea bezalako gaiak jorratzeko interesa duten 90 pertsona baino gehiago bildu ditu Palmera Montero Gunean

    Irungo EAJ-PNVk, Irunentzat jorratzen dabilen Hiri Proiektua osatzeko eta alderatzeko, izan dituen bileren eta jardueren barruan, bost mahai inguru antolatu dituzte jeltzaleek datozen hilabeteetarako. Agerraldi horietan irundarrentzat garrantzizko zein ardurazko gaiak izango dira protagonistak.

    Gaur, otsailak 5, Palmera Montero Gunean bost agerraldi horietako lehenengoak izan du leku. Bertan Josu Erkoreka, Eusko Jaurlaritzako Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburua izan da, Daniel Innerarity, Globernance institutoko zuzendaria eta Filosofian Poliikoan katedraduna, Amaia del Campo, Barakaldoko alkatesa eta Xabier Barandiaran, Zientzia Politikoetan eta Soziologian doktoreak parte hartu dute. Horrez gain, Xabier Iridoy Irungo alkategaia eta EAJ-PNVko bozeramaile denak ere parte hartu du mahai inguruan, eta ezer baino lehen, honek irungo udal gobernuak gaur egun bizi duen egoeraren berri eman du. "Irunen, oraindik egin ez direnak aurrera eraman behar dira, besteak beste ezberdinen arteko elkarlana eta hiritarrekiko kolaborazioa. Herritarrek politikarekiko duten jarrera ezkorrari, hurbiltasunaren, zintzotasunaren eta enpatiaren bitartez aurre egin behar zaiola uste dut” esan du Iridoyk, "are gehiago, adostasun politiko handietan sinesten dut, eta honek pertsonengan izan ditzakeen onurak nabarmenak direla ere uste dut. Zoritxarrez, Irungo egungo gobernuak ez ditu gutxieneko horiek betetzen, hala nola agerian geratzen da beste behin alkatearen gobernatzeko modua guztiz zaharkituta dagoela".

    Horren ostean, Josu Erkorekak erabakiak hartzeko oinarri duen erronka baten aurrean gaudela esan du, “herritarrek egun hartzen diren erabakien parte izan nahi dute, baina horrek erantzukizun handia dakar oraindik, eta ez dira horren kontziente. Hori dela eta, politikatik aldaketa hori sortzen saiatu behar dugu, kontziente ez direnak kontziente egin behar ditugu. Pentsamoldea ireki eta zabaltzeko erronka baten aurrean gaude” azpimarratu nahi izan du.

    Amaia del Campok, bere aldetik, hiritarrek politika gertutik senti dezaten lan egiteko beharra azaldu du, "horretarako ezinbestekoa da gobernu baten gardentasuna, eta herritarrei edota desberdinei informazioa eskaintzea. Jendeak nahi ez duena da 4 urtean behin bozkatu eta kitto. Konfiantzazko loturak estutu behar dira, eta horretarako ezinbestekoa da gertuko gobernu batek dituen betekizunak zeintzuk diren jakitea. Zintzotasuna behar da eta pertsonei kontuak eman behar zaizkie ere, hau da, egin dena azaldu eta aurrera eraman ezin izan denaren arrazoiak edo zergatia azaldu".

    Halaber, Daniel Innerarityk esan du gaur egun gobernu bat ez dela modu bertikalean ulertzen, gero eta horizontalagoa dela. "Prozesu politikoan gero eta gehiago inplikatzen den gizartea gara, eta hor bizi da politikaren ardura”. Gainera, prozesu honetan berdintasunaren garrantzia azpimarratu nahi izan du Innerarityk, "herritarrek parte hartu behar duten prozesu honetan, berdintasuna bermatu behar da. Horregatik, erantzukizun politikoaz geroztik, gizartea osatzen duten ingurune guztietako talde guztietan pentsatu beharko litzateke, eurengana iristeko eta prozesu guzti honetan parte hartzeko, inolako bereizketarik egin gabe. Gobernu onak ez luke utzi behar gehiengo erreala ordezkatzen duten pertsona horiek guztioi eragingo diguten erabakiak hartzen".

    Horren ildotik, Xabier Barandiaranek esan du egunero herritarren mezu berriak jasotzen ditugula, beti kontuan izan beharko liratekeen mezuak. "Jendeak gaur egun jakitera ematen diguna, politikaz nazkatuta dagoela da. Politika agerraldi publiko eta komunikatiboetan gehiegi zentratzen ari da, eta horrek zuzenean herritarrekin inkomunikazioa eragiten du. Egungo sistema politikoan eszenifikazioa eta hurrengo eguneko titularrari, interes orokorrarel aldeko ekimenei baino garrantzia handiagoa ematen zaio. Eta hau guztiz eutsiezina da, horregatik, politika parte-hartzailea eraikitzeko beharra dago, gizartearekiko lankidetza bilatzen laguntzen duten mekanismoen bidez". Era berean, ondo dagoena eta gaizki dagoena bereizteko gai diren pertsona kritikoak behar ditugula azpimarratu du. “Iridoyk bere taldearekin batera proposatzen duen gobernu estilo berri honen bitartez Irungo egoera aldatzeko aukera dagoela uste dut", esan du.

    Horrela, bada, esku-hartzeen ondoren, eta mahai-ingurua amaitutzat emateko, aretoan elkartu diren 90 pertsona baino gehiagok gonbidatuei galderak plazaratzeko aukera izan dute. Eta bertan, herritarrek duten kezka agerian geratu da, Santanoren gobernu sozialista egun gauzatzen ari den eredu zaharkituarekiko ardura eta kezka adierazi dute askok, Irunen etorkizunean lekurik ez duen eredu zaharkitua baita hau.