• 09 UZT 18

    Iridoyk, Korrokoitz eremuko antolamendurako akordioa badela berretsi du

    Xabier Iridoyk, Irungo EAJ-PNVko bozeramaileak, ikerketa batzordeko kideek egindako galdera guztiak erantzun ditu, eta akordioa baieztatzen duten froga guztiak erakutsi ditu

    Gaur, uztailak 9, Ikerketa Batzordearen laugarren saioak leku izan du Irungo Udaletxean. Bertan, Xabier Iridoyk, Irungo EAJ-PNVko bozeramaileak eta Hirigintza eta Etxebizitzako ordezkari ohiak, beste behin, Korrokoitzeko eremuan jazotakoak zehaztu ditu eta hirigintza arloak egindako lana baieztatzen duen frogak ere erakutsi ditu. "Korrokoitzen emandako aurrera pausoen inguruan, 2018ko urtarrilak 12an jakitera eman nuen berri ona eta bertan jorratutako lanaren xehetasunak berriro ere azaltzeko eta frogatzeko asmoekin nator gaur saio honetara. Egun irungo gobernuak ez dituen gardentasuna eta etika, faktore oso garrantzitsuak baitira politikan eta baita Udaletxean ere. Are gehiago, gure hiri-proiektuak beti babestu izan duen bezala, pertsonekiko gertutasunean egin beharreko lana ezinbestekoa da, horregatik hiritarrek udalean egiten diren lanen eta hartzen diren erabakien berri eduki behar dutela ere uste dugu" esan du Iridoyk.     

    Iridoyk, Jose Antonio Santanok ez bezala, bere agerraldian, batzordeak egin dizkion galdera guztiak erantzun ditu, "bai batzordean eta baita kalean ere, egin zaizkidan galderak erantzuteko prest izan naiz beti, ez ditut saihestu nahi izan, azken finean frogak bertan daude eta. Orain hilabete batzuk, Korrokoitzeko eremuaren antolamendua lantzea helburu zuen berria eman nuen, helburu argia, Korrokoitzen kaleak, eraikinak, gune berdeak, bidegorriak, etab. nola antolatuko ziren zehazten zituen berria. Hirigintza arloa urtebetez etengabe lanean izan ondoren, antolamendu akordioa lortu zen, eta niri, arloko ordezkari nintzelarik, Irunentzat eta batez ere, Korrokoitzeko eta Alde Zaharreko bizilagunentzat hain onuragarria izan litekeen aurrera pausoa jakitera ematea egokia iruditu zitzaidan" azaldu du Iridoyk.

    Halaber, Iridoyk Korrokoitzeko eremuaren inguruan jakitera eman zuen akordioaren benekotasuna bermatzen duen frogak aurkeztu ditu Batzordearen aurrean, zabaldu diren ustelkeria mezuak berehalakoan baliogabetuz. "Guztiz onartezina eta arduragabea da, <<boterean>>mantentzeko, hitzen zentzuaren bitartez pertsona bati eta honen lanari aipua kentzea" azpimarratu du. Britainiar filosofo ezaguna den Herbert Paul Gricek dioen bezala, <<elkarrizketa leial batean, batek aditzera ematen duen guztia garrantzizkotzat hartzen dugu, eta ez hitzak duen esanahi zehatz eta hutsa>>.               

    Honen harira, bozeramaile jeltzaleak hiritarrei eta batzordeko kideei zuzendutako hainbat galdera mahaigaineratu ditu, "Jaunak eta andereak, non dira Santano jaunak eta alderdi sozialistak beraien sare sozialetan, web orrialdean, prentsaurrekotan eta bileretan, hainbestetan zabaldu dituzten irregulartasunak eta legezkotasun ezak? Agian 20 urte baina gehiagoz geldirik eta irtenbiderik gabe daraman eremu bat berpizteko asmoetan? Interes publikoak defendatzen dituen, udal teknikarien eta teknikari pribatuen artean egindako lanak emandako fruitua komunikatzean? Arazo sozialak eratu dituen eremua eraberritzeko nahian? Edo, koalizioko gobernu kideak, hiritarrek hainbeste espero zuten berria jakitera ematean dago benetako arazoa? Eta ezin izan duela berak, alkateak, eman? Horrela berak eta bere gobernuak Irun kudeatzen duen eraginkortasun eza agerian utziaz".

    Bukatzeko, Iridoyk politikan hitzek duten garrantzia nabarmendu nahi izan du, "hitzak ongi neurtu behar dira, are gehiago Irun bezalako hiri bateko alkatea bazara. Eta Santanok, frogarik gabeko akusazio faltsuak zabaldu nahi izan zituen, eta bere ekintzek edukiko zituzten eraginen jakitun izanik, nire pertsonarekiko eta lanarekiko aipu-galtze kanpaina bat landu zituen. Santanok Irun eta bere hiritarrak engainatu ditu, ezegonkortasun instituzionala eragin duen egoera besterik ez du sortu, gure hiriaren garapena kaltetzen duen egoera".