• 21 AZA 18

    Ireki da Trintxerpe eta Herrera arteko oinezkoentzako eta txirrindularientzako konexioa

    Eusko Jaurlaritzaren eta Pasaiako Portu Agintaritzaren artean sinatutako hitzarmenari esker egoera txarrean zegoen 20.400 m2ko azaleraren urbanizazio lanak Portua birgaitzeko lehenbiziko pausoa bilakatu dira

    Gaur goizetik irekita geratu da Pasaiako Trintxerpe auzoaren eta Donostiako Topoaren Herrerako geltokiaren arteko oinezkoentzako eta txirrindularientzako konexioa. Antzinatik, Trintxerpe eta Herrera auzoak ez dira behar bezala komunikaturik egon, bide, errepide eta portu azpiegiturak direla eta. Gauzatutako proiektu honekin auzo-udalerrien arteko deskonexio historikoa gainditzen da, eta orain arte baino baldintza hobeagoetan, Euskotrenen terminalak eskaintzen duen tren zerbitzua emango da. Horrez gain, lan horiez baliatuz egoera txarrean zegoen gune bat urbanizatu da, portuaren ingurunea eta badia hirigintzaren ikuspegitik berreskuratzeko eta birgaitzeko, gune berde zabalen, plaza baten eta aisiarako gune baten bitartez.

    Eusko Jaurlaritzaren eta Pasaiako Portu Agintaritzaren artean sinatu den hitzarmenari esker, Eusko Jaurlaritzak osorik finantzatu dituen lanak (3,4 milioi euro, BEZ aparte) gauzatu ahal izan dira. Obrak egikaritzeko lanak konplikatuak izan dira, izan ere, hasi ondoren zenbait baldintza edo ezuste aurkitu ziren, eta horiek administrazio jarduketa osagarria eskatu zuten. Jarduketa osagarri hori, azkenean, obrak behar zituen aldaketetan islatu zen. Horrez gain, erakunde bat baino gehiago egon da inplikaturik, eta administrazio eta proiektu izapideak bideratzeko erritmoak desberdinak izan dira. Horrek, aurreikusitakoa baino atzerapen handiagoa eragin du lanak gauzatzeko orduan. Beraien esku-hartzeetan, eragile guztiak bat etorri dira erakundeen “ezinbesteko” lankidetza azpimarratzeko orduan, lehenbiziko fase honen ondoren, Pasaiako Badiaren birgaitze integrala “errealitatea bilaka dadin”.  

    Irekiera ekitaldira, inplikaturiko administrazio guztietako ordezkari instituzionalak hurbildu dira. Beraien artean Arantxa Tapia Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailburua; Markel Olano Gipuzkoako Diputatu Nagusia; Eneko Goia Donostiako alkatea; eta Nahikari Otermin Pasaikao HIrigintzako zinegotzia eta EAJ-PNVren alkategaia Pasaiarako.

    ETSk egin dituen lanen barruan, aurretik egoera txarrean zegoen 20.400 metro karratuko azalerako gunea birgaitzea sartu da. Egindako lanen artean, hondeaketa lanak egin eta ondoren betelana egin da. Horretarako, 70.000 metro kubiko lur baino gehiago mugitu dira. Halaber, euspeneko 800 metro lineal horma egin dira, aisiarako gunea eta Porturako biltegiak eraikiko diren tokia bereizteko.

    Betelan horri esker, Herrerako Topoaren geltokia eta Trintxerpe arteko oinezkoentzako eta txirrindularientzako konexioa egin ahal izan da. Guztira, oinezkoentzako 340 metroko pasealekua izango da, 4 metroko zabalerakoa, eta 110 metro igarobide, eta beste horrenbeste bidegorri, 2,60 metroko zabalerakoa. Jarduketaren barruan zabalgune handia egin da, eta zabalgune horretan plazak, lorategi-guneak, zuhaitzak eta hiriko altzariak jarri dira, herritarren erabilerarako eta gozamenerako.

    Portuko guneen urbanizazio lanek hirian sartzea eta integratzea erraztu dute, herritarren harremanetarako eta aisiarako toki atsegin gisa egituratuz, eta baita Herrerako tren geltokirako sarbideak nabarmen hobetzea ere. Lan horietan, etorkizunean portu azpitik egon daitezkeen errepide sarbideak hartu dira kontuan.

    Oraindik amaitu gabe dago zenbait landare eta zuhaitz landatzeko lana, baina datozen hilabeteetan osatuko da. Dena den, birgaitze jarduketa ez da lehen fasea bukatzean amaituko, bigarren fasean, estalki “ibilgarria” izango duten biltegiak eraikiko baitira eta, amaitzeko, hiriko espazio publikoa egituratuko da. Jarduketa horren arduraduna Pasaiako Portuko Agintaritza izango da.

    Pasaialdearen birgaitzea gero eta hurbilago dago gaurtik aurrera. Portuaren jarduerak baldintza fisikoak ditu, sar daitezkeen itsasontzien tamaina dela eta, baina trafiko zainduak eta finkatuak ditu. Orain arte porturako tradizionalak ziren materialak desagertzen ari dira, eta dibertsifikatzeko eta bestelako trafiko mota batzuekin lan egiteko unea heldu da. Pasaiako Portuaren erabilera dinamizatzea planteatzen da, itsasoz heltzen diren merkantziak ondoren trenez garraiatuz edo alderantziz, Lezoko plataforma Euskal Y-arekin lotuz, UIC zabaleran, Gipuzkoako industriari euskarria emango dioten betebehar logistikoei eta mugaz gaindiko trenbide-portuko eragiketei erantzunez. Portuko lurrak beste erabilera batzuetarako libre uztea, ingurunea birgaituz eta gertuko biztanleentzat atseginagoa izango den ingurua sortzea oso garrantzitsua da.