• 29 AZA 18

    Industriaren orainaz eta etorkizunaz, atzo Tolosan Arantxa Tapia sailburua

    Olaz Peon Ormazabal, Tolosako alkatea, bere hitzaurrean, legealdi honetako Udaleko ekonomia plangintzaz eta eskualdeko industriaz eta garai berrietara egokitzeko gaitasunaz mintzatu zen. Arantxa Tapia sailburuak, egungo egoera ekonomikoaren hoberako joera, digitalizioaren erronka eta Eusko Jaurlaritzaren Basque Industry 4.0. estrategia izan zituen hizpide.

    Atzo arratsaldean, Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapena eta Azpiegituretako Sailburuak, hitzaldia eskaini zuen Tolosako Udaleko pleno aretoan, Uzturre Fundazioak antolatuta.

    Aurretik, baina, Tolosako alkateak, Olatz Peon Ormazabalek hartu zuen hitza eta legealdi honetako Udaleko ekonomia plangintzaz eta Tolosa eta Tolosaldearen izaera industrialaz mintzatu zen.

    Azaldu zuenez “Tolosa papergintzaren eskualde modura ezagutu izan ohi da, baina herentzia hori oinarri hartuta, bertako enpresa txiki eta ertainek garai berrietara egokitzen jakin dute”. “Egun, industriak pisu gehien duen hirugarren eskualdea da Tolosaldea eta lanpostuen %31aren sortzaile da. Horregatik, enpresengandik gertu egotea ezinbestekoa da guretzat, eta lehen egunetik, herriaren garapen ekonomikoa sustatzea lehentasunezko gaia izan da Tolosako Udal Gobernuarentzat” azpimarratu zuen. “Legealdi honetan, hainbat eta hainbat bisita egiten ari gara inguruko enpresetara eta izugarrizko aberastasuna dugu gurean. Enpresa berritzaileak ditugu, langile profesionalak, kalitatea, eta zalantzarik gabe, pertsonak daude erdigunean, eta pertsonak dira arrakasta horren erantzule nagusiak” nabarmendu zuen alkateak.

    Aukera berriak mundu globalizatuan

    Sailburuak, lehenik eta behin, egoera ekonomikoaren hoberako joeran jarri zuen azpimarra. “Krisia pasa da eta hazkundean gaude, inoiz ez bezalako esportazio mailak ditugu gaur egun” baieztatu zuen. Nazioarteko egoera politikoak ere arlo ekonomikoan zeresan handia duela adierazi zuen eta horren harira Brexit-a, Trump eta indar politiko berriak izan zituen hizpide.  Egoera horren aurrean, arlo ekonomiko zein soziala babestea ezinbestekoa dela gaineratu zuen,  bien arteko oreka mantenduz eta Eusko Jaurlaritzak industria oinarri duen ekonomiaren aldeko apustua egin duela beti berretsi zuen.

    “Ikerketa eta berrikuntza ezinbestekoak dira, baina gero eta garrantzia gehiago dute, baita ere, diseinuak, marketingak, pertsonen kudeaketak, komunikazioak, gardentasunak, langileen parte-hartzeak… Bizi dugun industria iraultza, kasu honetan, gizartetik, kaleetatik dator eta  enpresetara heldu da eta Interneta izan da giltzarria. Beraz,  digitalizazioa da enpresek aurrean duten erronka nagusienetakoa eta erronka horri aurre egitea du helburu Eusko Jaurlaritzaren “Basque Industry 4.0. estrategiak”.  “Konplikazio handiko merkatu baten aurrean gaude, azkartasun eta espezializazio handikoa, eta horren aurrean, pertsona formatuak, talentuak, gazteak eta enpresa ehunak dituen beharrei egokitutako lanbide heziketa, funtsezkoak izango dira”.

    Beraz, “aldaketen aurrean, aukera berriak sortuko dira eta sortzen ari dira eta prest egon behar dugu egoera berri horiei erantzuna emateko” amaitu zuen Tapiak.