• 26 URR 05

    Ibarretxe: "Prozesu erabakitzailea berandu baino lehen hasiko da"




    "Berandu baino lehen" prozesu erabakitzailea abiatuko dela uste du Eusko Jaurlaritzako lehendakari Juan Jose Ibarretxek. Gainera, azkenean PP eta Batasuna beste alderdi guztiekin batera mahai berean eseri beharko direla azaldu du. 


    Radio Euskadin egin dioten elkarrizketan Lehendakariak "berandu baino lehen" prozesu erabakitzailea abiatuko dela uste du, gaur egun oinarrizko adostasuna baitago esparru juridiko-politikoaren aldaketaren inguruan, hala nola azkenean herriari kontsulta egin beharko zaionaren inguruan ere. Dena den, Ibarretxeren iritzian, ezin da prozesu erabakitzaile batean sartu ETAren tregoarik gabe, eta hori gainerako alderdiek ere badakitela azpimarratu du


    Bere aburuz “ez da koherentea esku batekin elkarrizketa eskatzea eta bestearekin bonbak jartzea”. Etorkizuna, Ibarretxeren hitzetan, “politika, negoziazioa, elkarrizketa, akordioa dira...ez biolentzia

    Euskal gizartearen “presioak” erraztuko du Alderdien Mahaian jarleku hutsik ez izatea


    Bere iritzian “normalizazio politikorako xumeak Estatutu Politiko Berrirako proposamenean daude”. Zentzu horretan, arrazoizkoa da EAJk bertan azaltzen diren oinarrietan sostengatzea, azken finean “hauxe dugu, gaur egun eta hemen, gehiengo absolutuaren babesa jaso duen proposamen instituzional bakarra.”


    Lehendakariak azpimarratu du Estatutu Politiko Berriaren Proposamenak “atzera-martxarik ez duen bide bat ireki du, Estatuaren erreforma, hain zuzen ere”. “Guk esan genuen Euskadi ez zela Estatu Espainiarraren menpekoa. Euskadiren etorkizuna ez da Madrilen erabakiko, Kongresuak Eusko Legebiltzarrari danbatekoaz erantzun izanagatik ere.”