• 29 MAI 18

    Hiritarrek 2019ko Udal-aurrekontuaren 3,2 milioi euro zertarako erabiliko diren erabakiko dute

    Tokiko Gobernu Batzordeak onartu du 2019ko aurrekontua hiritarren parte-hartzeari irekitzeko prozesua. Donostiako alkate Eneko Goiak azaldu du nola parte hartuko ahal izango duten donostiarrek 2019ko aurrekontuan, betiere, osatzeko proposamenak eginez

    Hortaz, hiritarrek aurrekontuaren 3.250.000 euro zertarako erabiliko diren erabaki ahal izango dute. Diru-kopuru horretatik 1.250.000 euro Ekialdeko Barrutiarekin lotura duten proposamenak egiteko izango dira, eta gainerako 2.000.000 euro gainerako auzoei buruzko proposamenak egiteko izango dira.

    Parte-hartze prozesu hau proiektu publikoak eta eta politikak eraikitzeko hiritarren parte-hartzea eta udal gobernuaren ekintzak uztartzeko irizpidepean garatu da, eta Udalaren partaidetza politikoaren sistema eusten du, eta Udalak hainbat partaidetza prozesu garatzen ditu urte osoan zehar.

    Prozesuak hiru fase izango ditu: proposamenak jasotzeko fasea, analisi eta argitaratze fasea, eta bozka fasea Proposamenak aurkeztu nahi dituzten hiritarrek on-line egin beharko dute udal webgunean (www.donostia.eus) jarriko den atari berezi batean. Bozkatzeko, aldiz, bertaratze eta on-line sistemak erabiliko dira Urrezko danborra aukeratzeko egin zen bezala. Hau da, webgunean jarriko den proiektuari buruzko atari berezian edo Udalinfoko bulegoetan, Herri-Partaidetzako bulegoan eta edozein kultur etxean.

    Ekainaren 4an astelehenean hasiko da proposamenak aurkezteko epea eta, bertan, 16 urte baino gehiago duen hiriarekin lotura duen edozein pertsonak parte hartu ahal izango du, baita udal erregistroan izena emanda duten elkarteek. Bozkara pasako diren proposamenek segidako irizpideak bete beharko dituzte: 2019an egin ahal izatea; hurrengo aurrekontu-ekitalditan eraginik ez izatea; udal eskumena izatea; 300.000 euro baino gutxiagoko kostua izatea eta bideragarritasun analisia gainditzea.

    Proposamenek bideragarritasun analisi tekniko eta politikoa jasoko dute eta, ondoren, urriaren 1etik 7ra udal webgunean jarriko den atari berezian argitaratuko dira. Baldin eta proposamen bat errepikatuko balitz, proposamen horiek bateratuko lirateke eta proposamena egin dutenei jakinaraziko zaie.

    Behin argitaratze fasea gaindituta bozkatzeko fasea hasiko da. Urriaren 8tik 21 arte Donostian erroldatutako 16 urtetik gorako hiritarrek bozkatu ahal izango dute. Hiritar bakoitzak behin bozkatu ahal izango du, eta udal zerbitzuek horrela dela egiaztatuko dute. Emaitzak urriaren 22ko astean aditzera emango dira.

    Parte-hartze bide berriak irekitzeko konpromisoa

    Donostiako alkate Eneko Goiak azpimarratu du, ekimen honek irekitzen dituela udal kudeaketan herri-partaidetza bide berriak, eta segidakoa adierazi du: “Kudeatzaileoi dagokigu zuzentzeko eta erabakiak hartzeko ardura, baina ateak ireki behar ditugu eta donostiarrei aukera eman behar diegu lehenetsi nahi dituzten proiektuak adierazteko”.

    Hortaz, Goiak honakoa esan du: formula honetaz baliatuz gure konpromisoa adierazi nahi dugu gobernatzeko modu berri batekiko, hain zuzen ere, hiritarrei lotura handiagoa duen politikarekiko, eta hiritarrei ere eskatzen diegu jarraitu behar dugun bidea adierazteko".