• 25 URT 17

    Herritarren partaidetzari buruzko talde txostengilean onartutako ondorioek, aipatu oinarrizko eskubidea garatzen lagunduko dute

    Gaur onartutako ondorioek, Gipuzkoan herritarren partaidetza eskubidea bultzatzeaz gain, ordezkaritza bidezko demokrazia parlamentarioa osatuko duen oinarrizko eskubidea garatzen lagunduko digute

    Eusko Abertzaleak EAJ-PNV batzarkide taldeak oso positibotzat jo du, Herritarren Partaidetzari buruzko 1/2010 Foru Arauaren ebaluazioari buruzko talde txostengileak gehiengo osoz gaur Gipuzkoako Batzar Nagusietako Gobernantza Batzordean adostutakoa.

    Xabier Ezeizabarrena, Eusko Abertzaleak EAJ-PNV batzarkide taldeko bozeramaileak adierazi duenez: “gaur onartutako ondorioek, Gipuzkoan herritarren partaidetza bultzatzeaz gain, ordezkaritza bidezko demokrazia parlamentarioa osatu duen oinarrizko eskubidea garatzen lagunduko digu". (Ikusi 1/2010 Foru Araueko. 1 – 3 artikuluak).

    Talde txostengileak onartutako ondorio txostenak jasotzen duen bezala: “Eskubide hori administrazioaren gardentasun erabatekoan oinarritu behar da, hori baita demokrazia batean oinarrizko bilakatzen den balorea. Administrazioaren eta herritarren arteko harremanaren oinarria faktore hauen kateamendua izan behar da: zenbat eta gardentasun handiagoa, egiazkotasun handiagoa, konfiantza publiko handiagoa eta, ondorioz, partaidetza handiagoa”.

    Pertsona fisiko eta juridikoen egoerari dagokionez, ondorio txostenak dio: “Testua aldatuko balitz, batez ere 5. artikulua, Herritarren Partaidetzari buruzko 1/2010 Foru Arauaren aplikazio-eremuan pertsona fisiko eta juridikoen artean partaidetza-eskubideen egikaritzan berdintasunezko posizio subjektibo bat bermatzera jo beharko litzateke, eta ez lehenetsi pertsona juridikoen posizioa pertsona fisikoenaren gainetik. Hala ere, asoziazionismoa erakundeetatik babestu eta bultzatu behar den faktore bat da, eta kopartaidetza bat ekar dezake”.

    Elkarteen eta entitateen erregistroari dagokionez, onartutako ondorioek argi uzten dute: “Elkartzeko eskubidearen egikaritzarekiko malgua eta koordinatua den idazketa bat jaso behar da, eta erregistroan izena ematea ez dadila izan halabeharrezko baldintza 1/2010 Foru Arauak bermatzen dituen partaidetza-eskubideak egikaritzeko. (Ikusi 1/2010 Foru Arauaren 5.2 eta 27. Artikuluak). Betekizun hori malgutu egin behar litzateke, eta ez partaidetza‑eskubideak egikaritzeko baldintza gisa arautu, baizik eta elkarteen eta entitateen erregistroa  tresna bat izateko bai administrazioak bai herritarrek datuak biltzeko eta informaziorako”.

    Partaidetza metodologia arloan txostenak jasotzen du: “Foru Arauan dauden metodologien objektua eta helburuak argitu beharra dago. Halaber, partaidetzako tresnak zein prozesuak sustatzeko lan-eremu garrantzitsu bat dago Interneten, sare sozialen eta informazioaren teknologia berriek emandako prozesuen bidez, eta horretarako egokia da aztertzea herritarren partaidetzarako foru-tresna eta -atarietan hobekuntzak egitea. Foru-administrazioak eta udal-administrazioak partaidetzarako sare komuna ezarri behar lukete, ekimen eta esperientziak partekatzeko, eta behaketarako prozesu orokor bat ezarri behar litzateke”.

    Eta bestalde, Gardentasuna, informazioa eta partaidetza esparruan dio: “Eremu horretan gaia orokorrean eguneratu behar da, 4/2014 Foru Arauak ezarritakoaren arabera (gardentasunari eta informazio publikorako sarbideari buruzkoa), eta Euskadiko Toki Erakundeei buruzko 2/2016 Lege berriak ezarritakoaren arabera, zeinak berrikuntza garrantzitsuak dituen alor horretan”. (ikusi 1/2010 Foru Arauaren 2.1, 42, 43 eta 44 artikuluak).

    Laburbilduz, Herritarren Partaidetzari buruzko talde txostengileak onartutako ondorioek, herritarren partaidetza sustatzea dute xede, etorkizunean 1/2010 Foru Arauaren erreforman partaidetza eskubidea indartuko duten neurriak aholkatzeaz gain.