Gipuzko Buru Batzarra

Berriak

Ezagutzera eman
2019/03/29

Herritarrek baloratzen dute Gipuzkoa hobeto kokatuta eta sendoago dagoela duela lau urte baino

Olanok nabarmendu du EAJ-PNVren diputatuek egindako kudeaketa foru gobernuan, zeinari esker lurraldea aldatu egin den, elkarlana sustatuta Berriro diputatu nagusi izateko hautagaiak konpromisoa hartu du ekonomia eta gizarte eredua finkatzeko, lurraldea sendotzeko helburuz
Herritarrek baloratzen dute Gipuzkoa hobeto kokatuta eta sendoago dagoela duela lau urte baino

. “Gipuzkoa gaur egun askoz hobeto posizionatua eta sendoago dago duela lau urte baino, eta EAJ-PNVk lanean jarraituko du datozen lau urteotan lurraldea are gehiago kohesionatzeko”. Modu horretan baloratu du Markel Olano diputatu nagusi eta foru hauteskundeetarako EAJ-PNVren hautagaiak azken lau urtetan bere gobernuak egindako kudeaketa lana Gipuzkoako Foru Aldundian. Bere gobernuko bost kide jeltzaleekin egindako lan topaketan, Olanok nabarmendu du Gipuzkoak 2015etik bizi izandako “eraldaketa”, “izan ere, paralisi eta konfrontaziotik kudeaketa onera eta herritarrekin egindako elkarlanera pasa gara; eta horri esker, lurraldea sendotu dugu”.

Horren harira, EAJ-PNVren hautagaiak zenbait adibide aipatu ditu, tartean Gipuzkoak emandako “salto kualitatiboa” ekonomiaren eta bide azpiegituren arloan. Batetik, azpimarratu du lurraldeak krisialdi ekonomikoa atzean utzi duela, bere egitura ekonomikoa indartu duela, “enplegua sortuta, eta horri esker Gipuzkoa gaur egun lehiakorragoa dela eta inbertsioen erakargune bihurtu dela”. Bestetik, azpiegiturei dagokienez, Deskargako autobia berria izan du bereziki hizpide. Era berean, “luzaroan hainbat eskualdetan kontuan hartu gabeko aldarrikapenei erantzun diegu, hobekuntza proiektuak martxan jarrita Azkoitia-Urretxu eta Deba-Mutriku errepideetan”, gogorarazi du Olanok. Eta gaineratu du “horiek guztiak duela lau urte hartutako konpromisoak direla, Foru Aldundi honek bete egin dituena, ezustekorik edo aitzakiarik gabe, kudeaketa on baten erakusgarri”. 

Era berean, Olanok hondakinen kudeaketaren auzian jarri du azpimarra. “Izan ere, duela lau urte gai hori enkistatua zegoen eta gizarte krispazioa sortzen zuen”. Hautagai jeltzaleak oroitarazi du foru gobernuak lanari ekin ziola “legealdiaren lehenengo egunetik bertatik”, arazo honi konponbidea emateko, eta hor ere “hitza bete” dutela. “Herritarrek politikarioi eskatzen digutena da kezkatzen dituzten arazoei konponbidea ematea, arazo berriak sortu gabe. Ba horretan aritu gara, hain zuzen, azken lau urteotan, arazoei irtenbidea ematen, eta gipuzkoarrek eskertu egiten digute hori”, argitu du.    

Bestalde, Olanok azpimarratu du “zer egiten den bezain garrantzitsua dela nola egiten den”, eta horretan ere Foru Aldundiaren ekarpena “oso positiboa” izan dela. Diputatu nagusi izateko hautagaiak adierazi duenez, lau urte hauetan “apustu egin dugu politika egiteko modu berri baten alde”, eta hori Etorkizuna Eraikizen gauzatu da. “Hain zuzen, ekimen honen bitartez, lanean ari gara Gipuzkoak epe ertainera eta luzera dituen erronkei erantzuteko, beti ere elkarlanean arituta: 33.000 pertsonak baino gehiagok parte hartu dute jada proiektuan, eta ehunka dira parte hartzen ari diren eragile ekonomiko eta sozialak”, esan du.  

 

Gipuzkoa indartzen jarraitu

Olanok azaldu du Etorkizuna Eraikiz ekimenari esker, lurraldeak orain agenda politiko berria duela, garai berriek ekarritako erronkekin bat eginda. “Eztabaidagai antzuak atzean utzi, eta proiektu estrategikoak plazaratu, proposatu eta abiarazi ditugu, besteak beste, mugikortasun eredu berrien gainean, edo garrantzi handiko erronkei erantzuna ematen dietenak, esaterako, bizitzen ari garen iraultza demografikoa”, agertu du, horrek guztiak ekarri duen “aurrerapena” nabarmenduta. Dena den, ohartarazi du “iraupen lasterketa baten aurrean gaudela Gipuzkoan atzean geratu ez dadin, eta horretarako egunero lanean jarraitu beharko dugula”. 

“Horregatik, nire konpromisoa hautagai modura, eta EAJ-PNVrena, da Gipuzkoa finkatzen jarraitzea da, sendoa ekonomikoki eta gizarte zerbitzu gero eta indartsuagoekin”, adierazi du hautagai jeltzaleak, zeinaren lehentasunen artean ere baden Foru Aldundiaren beraren eraldaketa lortzea. “Gaur egun, foru erakundeak belaunaldi aldaketa bizi du, inoiz ez bezalakoa. Horregatik ahalegin guztia egingo dugu prozesu horrekin arrakasta lortzeko, eta gipuzkoarren errealitateei eta beharrei egokitutako erakundea lortu dezagun”, esan du. “Horretan jardungo dugu datozen lau urteotan. Eta horregatik eskatu nahi dugu bide ematea mahai gainean jarri dugun proiektu politikoari, Gipuzkoa sendoago bat lortu dezagun”, gaineratu du.

Azkenik, azpimarratu du azken lau urteotan bizikidetza arloan izandako hobekuntza nabarmena, lurraldeko herri eta auzoetan zegoen sumina nabarmenki gutxituta. “Jakin badakigu elkarlanean aritzea dela bidea etorkizuneko erronkei heldu diezaiegun, talde-lana baita indartsu egiten gaituena”, amaitu du. 

 

Ezagutzera eman

Nabarmenak...

Berri ikusiagoak...

YouTube