• 09 OTS 17

    Herri Eskolako jolastokia estaltzeko proiektua jaso du udalak

    Lanak uda garaian burutuko dira eta proiektuaren helburu nagusia da haurrei, eta oro har, herritarrei egun euritsuetarako aisialdi eremu berria eskaintzea. Eskolako ordutegitik kanpo jolastokia zabalik egongo da, larunbat, igande eta jai egunetan iluntzeko 21:30ak arte.

    Pertsonak dira udal jardunaren ardatz nagusia eta herritarren behar eta eskariei erantzuteko udal baliabideak eta inbertsioak modu eraginkorrean kudeatu eta gauzatzea ditu helburu udal gobernuak. Hori dela eta, 2017ko aurrekontu proiektuan, inbertsioen atalean, udal azpiegituren hobekuntza lehenetsi zuen gobernuak.  Horren baitan, Herri Eskolako jolastokia estaliko da, haurrek, eta orohar herritar guztiek, egun euritsuetan non jolastu izan dezaten. Proiektua aurrera eraman ahal izateko, Udalak, duela aste batzuk, aisialdi eremua estaltzeko proiektuaren idazketa eskatu zuen.

    Dagoeneko Udalak jaso du estalpea eraikitzeko proiektua. Aipatu estalpeaz gain, gainera, ikastetxearen eraikinak eta jolastokia isolatuko dira, eskola orduetatik kanpo, herritarrek eta kultur zein kirol taldeek instalazio horiek erabiltzeko aukera izan dezaten.

    Proiektuaren idazketa lanak eta obra zuzendaritza lanak UBEE arkitektoak enpresak burutuko ditu 19.965euroren truke.

    Proiektuaren ezaugarriak:

    Azaldu modura, proiektuaren helburu nagusia da  haurrei eta herritarrei aisialdi eremu estali berri bat eskaintzea, eguraldi txarra egiten duenean, haurrek bereziki, non jolastu izan dezaten. Horretarako, Herri Eskolako jolastokia egitura sinple eta arin batekin estaliko da eta argiztapen naturala eremu estalian sar dadin material gardenak erabiliko dira egitura berriak gainerako inguru eta eskolako eraikinarekin bat egin dezan.

    Jolastokiaren sarbide eta itxiturei dagokienean, egungo sarrerak mantenduko dira, baita ezarriak dauden hesiak ere, baina itxitura berri bat ezarriko da ekialdean, herritarrek eskola orduetatik kanpo jolastokia erabiltzeko aukera izan dezaten. Beraz, herritarrak edozein egunetan, baita larunbat, igande eta jai egunetan ere, sartu ahal izango dira jolastokira iluntzeko 21:30ak bitartean.

    Proiektuaren exekuzio lanek 450.933, 48€ko kostua izango dute (BEZ barne) eta Udaletik jakinarazi dute obrak udan gauzatuko direla ikasle eta ikasleei ikasturtea amaitu bitartean eragozpenik ez sortzeko.