• 16 API 15

    Hautagaitza anitza eskoriatzar guztien alde lan egiteko

    Joserra Zubizarreta zerrendaburuak bere taldearen balioak azpimarratu ditu, gehienbat independentez osatua dagoena, eta Eskoriatza eta eskoriatzarren alde lan egiteko duten gogoa eta ilusioa nabarmendu ditu. Hautagaitza jeltzalea galdutako denbora berreskuratu eta Eskoriatza hazi arazteko borondatez aurkezten da.

    Eskoriatzako EAJ-PNVk esagutzera eman du datozen maiatzeko udal hauteskundeetara aurkeztuko duen hautagai zerrenda. Joserra Zubizarreta, EAJ-PNVren zerrendaburuak, eskerrak eman nahi izan dizkie bere taldea osatzen duten guztiei, jatorri eta profil ezberdinetako gizon eta emakumez osatua, Eskoriatzarekin duten konpromezua eta lanerako duten gogoa eta ilusioarengatik. EAJ-PNV alderdiari ere eskerrak eman nahi izan dizkio, berarengan jarri duten konfiantzarengatik eta hautagai izateko egindako proposamenarengatik.  “Gure herriak behar duen aldaketaren lidergoa hartzeko gaitasun haundiko taldea dut atzetik” adierazi du. “Taldea anitza da oso, emakume eta gizonez osatua, gehienak independenteak, eta bertan lizentziadunak, etxeko andreak, erretiratuak edota langileak daude. Azken finean, gure herriak dituen beharrak zeintzuk diren ondo ezagutzen duten bertako pertsonak” nabarmendu du Zubizarretak.

    Jarraian, Zubizarretak bere taldeko kideak aipatu ditu banan-bana. “Talde anitza, baina era berean trinkoa da eta bere lidergoa izateko ohorea daukat, eta zalantzarik gabe asko egingo du gure herriaren alde, zerrenda osatzen duen kide bakoitzak gehitzen duelako, eta asko gainera, beraien bizipen eta ezaguerekin. Udal kudeaketan eskarmentua duten pertsonak ditugu, Puri Errejon eta Aitor Urrutia. Beste batzuk iraganean gobernu ardurak izan zituzten, Josu Ezkurdiak esaterako, hirigintza zinegotzi izan zelarik. Baina bizigarriak ere baditugu, taldera esperientzia pertsonal ezberdinetatik gehitu direnak, Maite Zubia, Fani Izagirre, Emeterio Gallastegi, Edith Altuna edota Maite Uribe. Eskoriatzatik urruti jaio baina orain geuretakoak direnak, Antonio José Monteiro bezala. Hemen jaio baina urruti daudenak ere integratu ditugu, lan arrazoiengatik Euskaditik kanpo lanean daudenak, Sorkunde Pagaldai esaterako. Eta nola ez, esperientzia haundiko pertsonak ere aintzat hartu ditugu: Nekane Oyanguren, Pedro Mari Armendariz, Karmelo Azkoitia eta Jesus Mari Izagirre “Banloi”, erretiratuak izenez bakarrik direnak, egunez egun beraien ideia eta proposamenekin laguntzen bait gaituzte”.

    Bere agerraldian, Eskoriatzako alkatetzarako hautagai, Joserra Zubizarretak, bere lehentasuna “parte hartzearen eta herritarrei izan beharreko errespetuaren balioak  berreskuratzea de la aipatu du, sekula galdu behar ez zirenak”. “Legealdi honetan alferrik galdutako denbora berreskuratu nahi dugu eta udaletxea herritarren zerbitzura jarri, eta hau herritarrak entzunez egingo dugu, inposaketarik gabe, eta kudeaketa ona, zintzotasuna eta EAJ-PNV markak udal gestioan urte guzti hauetan erakutsitako lanerako gaitasunarekin lortuko dugu” . Bide honetan, Zubizarretak adierazi du aste bete eskasean herritarren 40 ekarpenetik gora jaso dituztela. “Proposamen hauek gure programa osatzen lagunduko digute, herritarren beharretatik gertu dauden ekarpen errealistekin” azpimarratu du.

    Programari dagokionez, hautagai jeltzaleak nabarmendu du Udala, eskualdeko garapen agentziarekin batera, elkarlanean jarriko dutela krisi ekonomikoari aurre egiten laguntzeko. “Bailarako gainontzeko herriekin elkarlanean aritu behar gara, ekonomia alorreko eragileekin eta gainontzeko eragileekin, alde batera utzi beharrean. Hau da krisitik ateratzeko modu bakarra” esan du.

    Zubizarretak legealdi honen balorazioa ere egin du eta “galdutako legealdia izan da, proiekturik  eta berrikuntzarik gabea, ekonomia eta lanpostuen sorrera Bildurentzat lehentasun izan ez direlarik. Eskoriatzatik kanpo agindutakoa betetzera mugatu dira eta inposaketa izan da beraien gobernatzeko estiloa, adostasunetara iristeko ahaleginik egin gabe”.

    EAJ-PNVren alkatetzarako hautagaiak, “datozen udal hauteskundeetara ilusioz beterik aurkezpen gara eta eskoriatzarrek babesa emango diguten konfiantzarekin. Horrela, garai berri bati hasiera emango diogu, guztion parte hartzearekin, guztion arteko adostasunak bilatuz eta ilusioa berpizten lagunduko duten proiektuak proposatuz, eta hauek izango dira gure aberastasun eta ongizate maila mantendu eta hobetzen laguntzeko giltzarriak” esanez bukatu du