• 15 OTS 19

    Haizearen Orrazia Monumentu Multzo kategorian kultura-ondasun kalifikatzeko proposamena

    Bingen Zupiria sailburuak eta Eneko Goia alkateak azpimarratu dute obraren ingurune naturala ere kontuan hartu dela gaur aurkeztu duten babes-proiektuan. Gizartearen eta artearen ikuspegitik errekonozimendu nabarmena duen ondasun horren balioa azpimarratzea da babes horren helburua, bai eta baldintzarik onenetan zaintzea ere.

    Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburu Bingen Zupiriak eta Donostiako alkate Eneko Goiak gaur aurkeztu dute Haizearen Orraziaren Plazak eta Eskulturek osatutako multzoa babesteko proiektua. 

    Ekimen horren bitartez kultura-ondasun kalifikatu deklaratu nahi da Eduardo Chillidaren eta Luis Peña Gancheguiren obra hau, Monumentu Multzo kategorian. Deklarazio horrek aukera emango du ondasun horren balioa nabarmentzeko, “errekonozimendu handia baitu maila sozialean, artistikoan eta akademikoan”, eta, era berean, baliogarria izango da erarik egokienean zaintzeko eta bere irisgarritasuna hobetzeko. Eskultore donostiarraren seme Pedro Chillidak eta plazaren egile eta arkitektoaren alaba Rocío Peñak ere parte hartu dute aurkezpenean. 

    Eneko Goia alkatea, eskertu egin du Eusko Jaurlaritzak Monumentu Multzoari babes maila gorena emateko erakutsi duen azkartasun eta prestasuna, duela hilabete batzuk Donostiako Alde Zaharra babesteko egin zuen modura. "Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak gure hiriarekin duen inplikazio eta konpromisoa nabarmentzen du horrek", esan du.

    Eneko Goiak azpimarratu du Haizearen Orraziaren babes maila gorena "behar beharrezkoa" dela, multzo guztiari "merezi duen balio eta errekonozimendua ematen baitio": "Haizearen Orrazia ez da soilik Donostiaren ikurra; hiriaren ondarea da, gure herriko ondarea ere bada, baina ausartuko naiz esatera gizateriaren ondare ere badela".

    Alkateak azaldu duenez, Jaurlaritzak onartu duen dekretuaren ondorioz, etorkizunean Udalak egin beharreko mantenu lanak babes neurriak kontuan harturik egin beharko ditu. Gainera, azaldu du Udala jadanik lanean ari dela mendi-magalaren babes proiektuan, baita multzo guztiari irisgarritasun hobea eskaintzeko lanetan ere.

    Babes-proposamena gaurko Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratua izan ondoren, 20 eguneko alegazio-aldiari ematen zaio hasiera, bihartik aurrera zenbatuta. Alegaziorik egongo ez bada, Gobernu Kontseiluak Dekretu bidez onesteari ekingo dio, eta Ondasun Kalifikatuen Erregistroan sartuko da Haizearen Orraziaren plazaren eta eskulturen Multzo Monumentala, bere ingurunea barnean dela. 

    Bestalde, babes hori ezinbesteko baldintza da UNESCOk Gizadiaren Ondare deklaratzeko balizko prozesu bati hasiera eman nahi bazaio.

    Haizearen Orrazia

    Haizearen Orraziaren inguruneak, 1926an urbanizatuak, izaera periferikoa izan zuen, harik eta 1977an Eduardo Chillidaren eta Peña Gancheguiren obraren eraikuntza amaitu zen arte. Babes-espedienteak gogora ekartzen duen bezala, proiektuaren ekimena urte batzuk lehenago sortu zen eta, 1968an hiriak proposatu zuenean Eduardo Chillidari bere ibilbideagatik omenaldi bat egitea, egileak berak planteatu zuen obra iraunkor baten exekuzioa. 

    Donostiako Udalak onartu egin zuen proposamena, eta plaza baten sorkuntza gehitu zitzaion proiektuari; plaza horrek balio izateko “Chillidaren obra behatzeko eta aldi berean hiri-erremate bat izateko”. Luis Peña Ganchegui kontratatzea gomendatu zuen eskultoreak, eta 1974an ‘Tenis plaza’ izena eman zion proiektua erredaktatu zuen hark. 

    Plaza eraikitzeko lanak 1976ko martxoan hasi ziren eta multzo osoa 1977ko irailaren 3an inauguratu zen. Proiektua hiriaren ikono bilakatu zen, Euskadiko ingurune ezagunenetako bat eta nazioartean ospea zabaldua duen multzo bat.