• 15 MAI 19

    Goiak eta Olanok Loiolako Erriberako aldageltokiari hurrengo legegintzaldian "behin betiko bultzada" emateko konpromisoa hartu dute

    Geltoki intermodala funtsezko pieza izango da Donostialdeko mugikortasuna eta herrialdea bera aldatzeko

    Eneko Goiak eta Markel Olanok Loiolako Erriberako aldageltokiaren eraikuntzari "behin betiko bultzada" emateko konpromisoa hartu dute, "Donostialdean mugikortasuna eta Gipuzkoako lurralde osoa eraldatzeko puzzleari zentzua emango diona".

    Donostiako alkateak eta Gipuzkoako ahaldun nagusiak, euren karguetarako EAJren hautagai direnek, gaur aurkeztu dute "ekintzara pasatu" eta trenbide-azpiegitura horren proiektua gauzatzeko proposamena, zeinak lotuko baititu Hendaia-Zumaia ETS eta Renferen aldirietako linea, hain justu biek fisikoki bat egiten duten puntu bakarrean. 

    Horri esker, aldageltokiak bi trenbide-sareen arteko intermodalitatea biderkatuko du, eta erabiltzaileek geltoki horretan trenez aldatzeko aukera izango dute. "Prestazioak askoz hobeak eta sistema benetan eraginkorra izango denez, geltoki berriak bultzada nabarmena emango dio garraiobide honi".

    Olanok eta Goiak gogorarazi dutenez, Mariano Rajoyren agintaldian EAJk Espainiako Gobernuarekin aurrekontu-konpromiso bat ziurtatzea lortu zuen, eraikuntza-proiektuaren idazketara 900.000 euro bideratzeko. 

    "Hau da Donostiarekin eta Gipuzkoarekin dugun konpromisoa: gure herrikideei bizi-kalitate hobea ekarriko dieten aurrerapenak egitea eta eragitea”, adierazi dute.  

    Eneko Goiaren iritziz, aldageltokia "Donostiak luzaroan desio izan duen proiektua da", horrek ekarriko baitu hiriak garraio publikoaren sistema eraldatzeko egindako apustuaren "zirkulua ixtea".

    "Topoaren prestazioak eta zerbitzuak hobetzeko egiten ari garen apustua dago batetik; Abiadura Handiko Trenaren  iritsierarena bestetik; hiriko bus-flotaren elektrifikazioa ere benetan garrantzitsua da; horiei guztiei Erriberako aldageltokia erantsiko diegu eta hori trena garraiobide gisa indartzeko faktore biderkatzailea izango da, askoz eraginkorragoa eta erabilgarriagoa izango baita milaka herritarrentzat”, esan du.  

    Markel Olano ahaldun nagusiak adierazi duenez, bestalde, Loiolako aldageltokiaren garrantzia hiriaren mugez harago doa. Izan ere, proiektua "ezinbesteko bultzada" izango da lurraldeko trenbidea egituratzeko. "Trenak Gipuzkoa egituratzen du  garraio publikoaren ikuspuntutik eta eskualdeen arteko konexioenetik. Azpiegitura horrek lurraldean tren bidezko garraioaren bi ardatz nagusiak lotuko ditu. Bide azpiegitura modernoak eta interkonektatuak izatea, Gipuzkoa osoa indartzen dute, gizartearen, ekonomiaren zein ingurumenaren ikuspuntutik", nabarmendu du.

    Olanok azpimarratu du trena "edukiera handiko garraiobidea dela, jasangarria eta eraginkorra"; eta gogoratu du hau dela 2018an gehien hazi den garraio mota -%11,63-, eta Zumaia eta Hendaia artean 12,3 milioi joan-etorri egiten direla urtean. 

    27 poligonorako sarbidea

    Bestalde, Markel Olanok eta Eneko Goiak jakinarazi dute Donostiako 27 poligonorako sarrera-irteeren proiektuak aurrera jarraitzen duela. Olanok gogoratu du Foru Aldundiak aste honetan bertan onartu duela exekuzio-proiektua. Bigarren ingurabidearekin konektatutako beste sarrera-irteera puntu bat emango duenez, horrek Donostiako industrialde horretako trafikoa arintzen lagunduko du.  

    Olanoren ustez, lotune horrek nabarmen arinduko du puntako orduetan ibilgailuen fluxua, gaur egun Martuteneko biribilgunetik soilik baitute sarbidea.

    Azkenik, Foru Aldundiak eta Udalak Intxaurrondoko Marrutxipiko lotune berriaren proiektua zehazten jarraitzen dute,  Donostiarako sarrera-irteera berriak irekiko baititu hiriaren ekialdetik. Eneko Goiaren ustez, "hau funtsezko proiektua da Donostiarentzat, ibaiaren inguruko trafikoa arindu egingo baitu, eta, aldi berean, Gros eta Intxaurrondorrekin lotune erosoa izango du, Irunerako zein Bilborako noranzkoan sarbide bikoitzarekin".