• 16 MAR 19

    Gobernu Zibilaren eraikina Amarako elementu dinamizatzailean bilakatzea nahi dugu

    Eneko Goia EAJ-PNVren Donostiako alkategaiak Amaran oinezkoentzat guneak irabaztearen aldeko apustua egiten du

    Donostiako alkategai Eneko Goia eta bere taldea Amarako Pio XII plazan izan dira gaur goizean auzotarren proposamenak eta iradokizunak jasotzen. Gobernu Zibilaren eraikina atzean zuela, Goiak esan du, lanean jarraituko dutela auzoaren erdigunean dagoen eraikina berreskuratzeko eta, bertan, azpiegitura hobeak eta berriak jartzeko. 

    Horren harian, hautagai jeltzaleak gogorarazi du, legealdi osoan zehar Espainiako gobernuei eskatu dietela eraikina hiriari emateko, baina ezezkoak baino ez dutela jaso. Horiek horrela, Eneko Goiak honakoa azpimaratu du: “Ez dugu etsiko eta lanean jarraituko dugu eraikina hiriarentzako lortzeko, izan ere, Amarako elementu dinamizatzailean bilakatzea nahi dugu”. 

    Goiak esan duenez, helburua da Gobernu Zibila auzoari irekitzea, eta segidakoa gaineratu du: “Eraikinaren egungo ergoerak ez dio auzoari mesederik egiten eta, beraz, gure lana da eraikina berreskuratzea eta, bertan, udal zerbitzu hobetuak jartzea. Horrenbestez, erantzuna emango diogu amaratarrek gehien eskatzen dutenari”.  

    Bide-orria

    Era berean, EAJ-PNVren Donostiako alkategaiak Amara biziberritzeko hainbat proiektu aipatu ditu, besteak beste, Karlos I-ko azpiko pasabidearen gunea, edota Isabel II, Felipe IV eta Gregorio Ordoñez kaleak: “Helburua da Amaratarrek disfrutatzeko guneak irabaztea. Hau da, oinezkoak protagonitak izango diren guneak, betiere, hiri-paisaia hobetuz eta auzoa birsortuz”.  

    Horrenbestez, Eneko Goiak adierazi du, bide-orria prest dutela auzoaren birsortzea garatzeko, eta horri esker, besteak beste, Pio XII-ko autobus geltoki zaharra hartzen zuen gunea berritu dela, Merkatarien, Etxeberrien edo Kofradien plazak birmoldatu direla, edo hainbat kale 30 gune bihurtu direla.  

    Hortaz, Goiak honakoa esan du: “Konpromiso sendoa dugu bide-orri horrekin jarraitzeko eta, besteak beste, segidako proiektuak garatzeko: Irun plaza inguruko kaleetako espaloiak zabaltzeko proiektua, Ikasketa plaza hobetzeko proiektua – Udalaren 2019ko aurrekontuan milioi bat euro daude – edo Karlos I-ko azpiko pasabidea birmoldatzeko proiektua – onbidean uda hasieran errealitate izango da –“.