• 23 MAI 19

    Gobernantza eredu berria gure kudeaketaren oinarri

    Olatz Peon Ormazabal Tolosako alkatea eta alkategaiak orain arte bezala lan egiten jarraitzeko konpromiso irmoa azaldu du, kudeaketa onean oinarrituta, gertutasunetik, gardentasunez eta tolosarrekin zein herriko elkarte eta eragileekin elkarlanean jardunez

    Tolosako EAJ-PNVren alkategaiak, Olatz Peon Ormazabalek, hauteskunde programako bosgarren eta azken ardatza aurkeztu du gaur, Gobernu Onari lotuta. 

    “Duela 4 urte Gobernu Ona gure nortasun ezaugarri nagusi bilakatzeko konpromisoa hartu genuen eta emandako hitza bete dugu; politika publikoa taldean eta modu parte hartzailean eraiki dugu, tolosarrekin eta herriko eragileekin elkarlanean eta baliabide publikoen kudeaketa eraginkorrean oinarritu dugu gure lana”, adierazi du Peonek. Alkategaiak orain arte bezala kudeaketa ona oinarri hartuta,  gertutasunetik, gardentasunez eta elkarlanean lanean jarraitzeko konpromisoa hartu du. Gobernu Onaren alorrean, ondorengoa proposatzen du Tolosako EAJ-PNVk: 

    1.- Partaidetza: 

    “Ezinbestekoa da tolosarrengandik gertu egotea herritarrak entzutea eta Udala herritarrei gerturatzea eta beren zerbitzura jartzea, haien inplikazio eta partaidetza indartzeko”. “Legealdi honetan, helburu hori lortzeko eta tolosarren eta Udalaren arteko harremana estutzeko komunikazio bide eta sistema berriak jarri ditugu martxan eta herritarren partaidetza sustatzen jarraitzeko, parte hartze prozesuak Udaleko egunerokotasunean barneratuak izan daitezen lan egin, parte-hartze digitala sustatu (Tolosatzen, aurrekontuak…) eta informazio kanal pertsonalizatuak landuko ditugu”, azaldu du alkategaiak. 

    2.- Herritarren Arreta Zerbitzua: 

    EAJ-PNVren proposamen nagusiak dira: Herritarren Arreta Zerbitzua (Udate) indartzea, udal baliabideak (bilera gelak, bulegoak…) webgunetik erreserbatzeko sistema ezartzea herritarrentzat erosoagoa izan dadin, Udate APP-a mugikorretara egokitzea eta telematikoki egin daitezkeen tramiteak areagotzea. 

    3.- Gardentasuna:

    Gardentasunaren bidean aurrera pausoak ematen jarraitze aldera, herritarrei berea den informazioa berreskuratzea ahalbidetuko diete jeltzaleek eta horrekin batera, kanal pertsonalizatuak sortuko dituzte Udalaren jardunaren baitako informazio guztia herritarren eskura jartzeko. 

    Iraganera bueltatu edo etorkizunari heldu: 

    Azken agerraldi honetan, Olatz Peon Ormazabal alkategaiak argi eta garbi hitz egin du maiatzaren 26aren inguruan: “igande honetan tolosarrek bi aukeren artean erabaki beharko dute; bi indar politiko eta bi kudeaketa eredu desberdinen artean, hain zuzen ere; bata inprobisazioan, inposizioan eta ekimen faltan oinarritutakoa eta bestea, gurea, planifikazioan, kudeaketa zorrotz zein eraginkorrean eta herritarren beharrei erantzun eta etorkizuneko erronkei aurre hartzeko proposamenetan oinarritutakoa”. “Legealdi honetan EAJ-PNVk landutako proposamenetatik haratago Bilduk ez du ekimen berririk planteatu bere hauteskunde programan; udalera iristean ere ez genuen landutako proiekturik topatu eta lau urte herri baten eraikuntzan oso garrantzitsuak dira, Tolosak proiektu berriak behar ditu aurrera egiten jarraitzeko, ezin du berriz ere atzera egin eta iraganera bueltatu, horregatik dira hain erabakiorrak igandeko hauteskundeak”. “Iraganera bueltatu edo etorkizunerantz egin, horixe da igande honetan tolosarrek erabaki beharko dutena; guk argi dugu: gure herriak aurrera egiten jarraitu behar du eta guk anbizio handiko proposamen zehatzak ditugu landuak etorkizuneko Tolosa eraikitzen jarraitzeko”, amaitu du Olatz Peon Ormazabalek.