• 29 API 15

    Gipuzkoarrek aurrera egiteko daukagun ahalmena eta gaitasuna bilduren blokeorako eta inposiziorako joeraren gainetik daude

    GBBko presidenteak ziurtatu du “Euskadiren eraikuntza soziala eta nazionala bateraezinak direla Sorturen totalitarismoarekin”

    Euzko Alderdi Jeltzalearen Gipuzkoako ordezkariak Urnietan izan dira Udal eta Foru hauteskundeetako Buruntzaldeako hautagaiak aurkezten. Ekitaldian, Gipuzko Buru Batzarreko presidenteak, Joseba Egibarrek, azaldu du “Gipuzkoarrek aurrera egiteko daukaten ahalmena eta gaitasuna Bilduren blokeorako eta inposiziorako joeraren gainetik daudela”. Hori dela eta, esan du baieztapen hori maiatzen 24ko hauteskundeetan frogatu ahal izango dela, gipuzkoarrek bi ereduren artean aukeratu beharko dutelako: “EAJ-PNVk proposatzen duen Gipuzkoa zabal, moderno eta gizarte zabalaren edota ezker abertzalearen sistemaren aurkako modelo itxiaren artean”.

    Egibarrek gogor kritikatu du Bilduk Aldundian eta Gipuzkoako udaletan egin duen kudeaketa. Izan ere, uste du “ezker abertzaleak nahastu egin dituela bere interes eta urgentzia propioak, eta Gipuzkoaren benetako lehentasunak”. Horren aurrean, argi utzi nahi izan du zein diren jeltzaleen helburu nagusiak: “Eredu sozio-ekonomiko indartsua sortzea, gizarte justizian oinarritutako gizartea eraikitzea eta Euskadiri egitura politiko propioa ematea”.

    Nabarmendu du EAJ-PNVk “Gipuzkoa zabal eta modernoa defendatuko duela, gizarte irekia, alegia”. Eta, hori lortzeko, aurreratu du jeltzaleek Herri honen  errealitatea eta nahiekin lotutako proiektuak babestuko dituztela. Horrez gain, hazkunde ekonomikoa, lanpostuen sorrera eta gizarte justiziaren aldeko apustua berretsiko dutela aurreratu du, bai eta gure Herriaren garapen politikoaren alde lan egiten jarraituko dutela ere.

    “Ezker abertzalearen inposiziorako joeraren aurrean, guk errespetua eta integrazioa defendatuko ditugu; totalitarismoaren aurrean, gure errezeta demokrazia eta demokrazia da”, erantsi du. Amaitzeko, ondorioztatu du “Euskadiren eraikuntza soziala eta nazionala  bateraezinak direla Sorturen totalitarismoarekin”.

    Egibar eta Olanoz gain, ekitaldian izan dira EAJ-PNVren bailarako hautagaiak: Mikel Pagola (Urnieta), Andoni Amonarraiz (Hernani), Estitxu Alkorta (Lasarte-Oria), Mari Jose Izagirre (Andoain), Jesus Mari Santos (Astigarraga) eta Josune Urkola (Usurbil).