• 22 MAR 15

    Gipuzkoan bi aukera daude: EAJ-k luzatutako eskuarena eta kontrola irudikatzen duen Ezker Abertzalearen ukabil itxiarena

    GBBko presidenteak gizartea elkarrizketatik eta lankidetzatik eraikitzeko apustua egin du, dekretu eta inposizioetatik urrun.

    EAJ-PNVren Gipuzkoako ordezkariak Irunen izan dira gaur, udal eta foru hauteskundeetarako Bidasoa eta Oarsoaldeako hautagaiak aurkezten. Ekitaldia Gipuzkoako Aldundirako hautagai jeltzaleak, Markel Olanok, gidatu du, eta, beste behin ere, bere alderdiak eta ezker abertzaleak politikak diseinatu eta martxan jartzeko dituzten desberdintasunei erreparatu die. “Azken lau urteetan ikusi dugunez, ezker abertzaleak ez dauka gizartearengan konfiantzarik, eta horregatik saiatzen da kontrolatzen. Baina, EAJ-PNVk konfiantza dauka gizartearengan eta elkarlanaren alde egiten du”, azaldu du. Horren harira, esan du maiatzaren 24ean bi aukera izango direla Gipuzkoan: “EAJ-PNVk luzatutako eskuarena eta kontrola irudikatzen duen ezker abertzalearen ukabil itxiarena”.

    Olanok zenbait adibide jarri ditu ezker abertzaleak kontrolerako daukan joera hori salatzeko. Garrantzitsuenetariko bat da politika sozialei dagokiena. Izan ere, “Gipuzkoak punta-puntako hirugarren sektorea dauka, lurralde eta Europa mailan eredu dena, eta zalantzan jartzeko arriskuan dago ezker abertzalearen kontrolerako obsesioaren ondorioz”. Jakinarazi du politika sozialen arrakastaren oinarria Aldundia eta irabazi-asmorik gabeko elkarteen arteko elkarlan pribatu eta publikoan dagoela. Baina, ohartarazi du Bilduk, arrakasta hori bermatu ordez, sektorea publiko egin nahi duela gestio publikoaren bidez, eta horrek “eraginkortasuna galdu, kostuak garestitu eta boluntarioen sarea suntsitzea ekarriko lukeela”.

    “Bere eskuetatik kanpo dagoen guztia kontrolatzeko nahi hori, guztia publiko egiteko asmo hori” politika sozialetatik haratago doala azaldu du Olanok, eta ekonomiaren jardueran ondorioak izaten ari dela. Salatu du ezker abertzalea sektore ekonomikoa “zapaltzen eta fiskalitatearen bidez itotzen” saiatzen ari dela, eta horrek guztiak “hondamendi ekonomiko eta soziala” eragin dezakeela. Izan ere, “ezker abertzaleak ditu iturri soil gisa ikusten ditu enpresak, eta haienganako konfiantza eza daukanez, ez dauka ia harremanik haiekin”. Olanok argi dauka hori ez dela bidea: “Gipuzkoak aberastasun gutxiago izango du enpresa, enpresari eta langilerik gabe, eta ezin izango du gipuzkoarren ongizatea bermatu”.

    Aldundirako hautagai jeltzalea ziur da “enpresengandik urrun dagoen erakundea oztopoa besterik ez dela izango lana sortzeko”, eta, horregatik, konpromisoa hartu du enpresari eta langileekin harreman zuzena izateko, horien beharrak ezagutu eta babesa emateko. Hau da, EAJ-PNVk ez duela behin ere ezker abertzaleak azken legealdian erakutsi duen jarrera zapaltzaile eta oztopatzailea izango.

    Politika sozialen eta ekonomiaren ereduak mahaigaineratu ditu Olanok ondorioztatzeko EAJ-PNV dela, ezker abertzalearen aldea, alternatiba bakarra. Hori dela eta, aurreratu du herritar

    Jarraian, GBBko presidenteak, Joseba Egibarrek hartu du hitza. Adierazi du “EAJ-PNVk beti jakin izan duela gizarteari pultsua hartzen eta erronkei erantzuten”, eta hori izan dela, besteak beste, herritarrek alderdiarekiko konfiantza izatearen arrazoi nagusietako bat.

    Ziurtatu du jeltzaleek beti jokatu dutela errespetutik, eta beti izan dutela konpromisoa politikarekiko, demokraziarekiko eta etikarekiko. “Ez da berdin politika egitea Herri honengan eta herritarrengan errespetua duzulako, eta horiekiko konpromiso etikoa duzulako, edota bide politiko eta demokratikoen alde egitea beste bide batzuk baztertu dituzulako, politikoki eraginkorrak ez ziren estrategiak alboratu dituzulako”, nabarmendu du. ETAk indarkeria utzi eta hiru urte eta erdi igaro diren honetan, uste du ezker abertzaleak politikarekin bat egin nahi badu modu “serio eta erabatekoan” egin behar duela.

    Zentzu horretan, ezker abertzaleari eskatu dio utz ditzala atzean Gipuzkoan egin dituen  “inposizioa eta gizartea kontrolatu eta feudo bilakatzeko saiakerak”. Izan ere, ziur da “gizartea ezin dela dekretu eta inposizioen bidetik eraiki, baizik eta EAJ-PNVk defendatzen dituen elkarrizketa eta elkarlanetik”.

    GBBko presidenteak gogoratu du bere alderdiko gobernu guztiek “apustu estrategikoa” egin dutela beti industria, hazkunde ekonomikoa eta sare produktiboaren alde. Azaldu du EAJ-PNV Herri hau eraikitzen ari dela 1977az geroztik, eta hala egiten jarraituko duela zoru osasuntsu eta kaudimentsutik. “Ez dakit zenbaterainoko abiadan haziko garen, baina haziko gara, eta babes sistema finkatuko dugu. Pertsonak politika guztien erdian kokatuko ditugu eta ez dugu inor bide bazterrean utziko. Guztiak batu behar gara, elkarrekin hazi eta elkarrekin aurrera egiteko”, erantsi du, EAJ-PNVk “solidaritate intergenerazionalaren ikuspegia” betidanik izan duela argi uzteko.

    Azkenik, Egibarrek Euskal Herriaren erabakitzeko eskubidea defendatu du, eskubide horren ariketa “erreminta baliagarria” delako arazoei aurre egin eta nolako gizartea eraiki nahi dugun zehazteko orduan. Puntu honetan, PSOE eta PPri luzatu die mezua, esateko “ez dutela ezer asmatu behar”; nahikoa luketela errealitateari erreparatu eta euskal errealitate nazionala aitortzea. “Errealitatea ukatzen bada, gatazka politikoak luzatu besterik ez dira egiten”, ondorioztatu du.

    Irungo Alkatetzarako hautagaiak, Xabier Iridoyek, aurkeztu ditu Bidasoa eta Oarsoaldeako hautagaiak. Batzar Nagusietarako zerrendaren buruan daude Markel Olano, Eider Mendoza, Xabier Ezeizabarrena eta Aitor Kerejeta. Udaletarako hautagaiak, berriz, honakoak izango dira: Nahikari Otermin (Pasaia), Txomin Sagarzazu (Hondarribia), Maite Peña (Errenteria), Kepa Garbizu (Lezo) eta Xabier Iridoy (Irun).