Gipuzko Buru Batzarra

Berriak

Ezagutzera eman
2014/10/13

Gipuzkoako zabortegi izateko Zestoako Osinbeltz aukeratzea, BILDUren beste inposaketa bat

Bilduren Foru Aldundiak "2015erako zehaztu du” Zestoan dagoen Osinbeltz harrobian hondakinen zabortegi berria jartzea.
Gipuzkoako zabortegi izateko Zestoako Osinbeltz aukeratzea, BILDUren beste inposaketa bat

Iragarpen horren ondoren hondakinen gaian legealdian zehar Bildu hartzen ari den erabakien izaera ilegala nabarmendu nahi du Gipuzkoako EAJ-PNVk beste behin. Alde bakartasunetik, berriro ere, 7/2008 Foru Araua urratu du Bilduk, Foru Gobernuari ez, baizik eta Gipuzkoako Batzar Nagusiei dagozkien erabakiak iragarriz.

Ezker Abertzalearen “zigilua” izaten jarraitzen du inposizioak: Batzar Nagusietan islatzen den gehiengoa hondakinen gaian duten politikarekin bat etortzen ez denez, legeari eta bere Legebiltzarraren kontrolari muzin egiten dio Foru Aldundiak.

Gipuzkoak duen gehiengoaren aurkako ilegaltasunaren inposaketa izateaz gain, jakin ez dakizkigun gauza ugari duen erabaki baten aurrean gara:

Ze izapide administratibo burutu du Osinbeltzeko aukera definitzeko? Izapidetu eta behin betiko onartu al da hondakinen azpiegituren derrigorrezko PTSaren aldaketa? Egin al da alternatibei buruzko ikerketarik? Zabaldu al da legeak ezartzen duen alegazio eperik? Bete al da ingurumen gaietan jendaurreko derrigorrezko erakustaldirik?

Gipuzkoako Batzar Nagusiek ez dute horri guztiari buruzko inolako jakinarazpenik, ezta, guk dakigunez, Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean prozedurari buruzko inolako aipurik ere argitaratu.

Osinbeltz aukeratzeko arrazoi bakarra, itxuraz, “Gipuzkoan dagoen zaharkitutako harrobirik handiena” dela da. Hau da, edukiera kontua, ez aipamen bat bera ere ezaugarri geografikoei, edo geologikoei edo inguruan izan ditzakeen balizko eraginei.

Gainera, “2015a bukatzerako” ezarrita egongo omen da, hau da, Gipuzkoako hondakinen irtenbide teorikoa urtebetean izango duela sinestarazi nahi digu Bilduk. Horrez gain, Bilduren ustez, Osinbeltzeko zaborra “inertea” izango denez (adituek zalantzan jartzen duten ezaugarria, bestetik), Osinbeltz ireki aurretik, beste neurri batzuk ere hartu behar dira, hala nola, Bergara eta Zubietako konpost-fabrikak martxan jartzea, eta baita Zubietako hiri-hondakinak tratatzeko instalazioa ere.

Bilduk gobernuan daramatzan hiru urte eta erditan, Bergarako planta eraikitzeko obrak esleitu ere ez dituela egin kontuan hartuta (PTS eta 2008ko Foru Arauan aurreikusitakoa, hori bai!), zail egiten zaigu sinestea, urte batean bakarrik (hauteskunde urtea izanda, gainera!) Bildu beste konpost-fabrika bat, hiri-hondakinak tratatzeko beste instalazio erraldoi bat eta zabortegi berri bat, behar diren baldintza eta baimen guztiekin egiteko gain izango denik.

Horregatik guztiagatik, Bilduren beste “zunda-globo” irreal bat besterik ez dugu begien aurrean: legea betetzen ez duena, proposamen demokratikoa ez dena, ezta teknikoki bideragarri dena, ezta izapide administratiboko bermeak dituena, ezta denboran egiteko  modukoa, eta Europako zuzentarauak betetzen ez dituena.

Ezagutzera eman

Nabarmenak...

Berri ikusiagoak...

YouTube