• 14 OTS 17

    Gipuzkoako Foru Aldundiak gertutik ezagutu ditu Tolosako proiektu parte-hartzaileak

    Joseba Muxika, Herritarren Partaidetzarako foru zuzendaria, Tolosan izan da Aldundiko alor bereko Joxe Piñas teknikariekin batera, Tolosako Udala sustatzen ari den partaidetza prozesuen nondik norakoak ezagutzera

    Olatz Peon Tolosako alkatearekin; Joseba Ormazabal Herritarrekiko harremanak, partaidetza eta informazioaren gizartea sailaren zinegotziarekin; eta Garikoitz Lekuona eta Iñigo Muñoz udaleko partaidetza-arduradunekin elkartu da Muxika.

    Esperientziak ezagutu eta harreman zuzenak sortzeko helburuarekin antolatu da bilera, erakundeen arteko elkarreragina ardatz izanik. Tolosatzen proiektuaren eta Amarozko parte-hartze prozesuaren inguruko xehetasun guztiak mahai-gaineratu dituzte eta proiektu berritzaile bezain aberasgarri gisa katalogatu du foru zuzendariak Tolosatzen prozesua.

    Aldundiaren etorkizuneko erronkak eta lan ildoak transmititu dizkie udal ordezkariei Muxikak, eta gaineratu du Tolosako Udalaren egungo plangintzarekin bateragarriak eta haren osagarriak direla.

    Gipuzkoako Foru Aldundiak Lurralde Historikoko Herritarren partaidetzarako erakunde arteko espazio bat sortzeari buruzko Foru Dekretua onartu du berriki eta bertan parte hartzeko gonbidapena luzatu dio Tolosako Udalari. Zentzu horretan, udalerri ezberdinen arteko elkarreragina sustatzeko duen nahia azaleratu du Foru erakundeak.

    Tolosatzen 10 urtetarako plan estrategikoa amaitzear

    2016ko azaroan burututako bi bileretan, datozen 10 urteei begirako plangintza estrategikoa eta 2017 urteko aurrekontuetan islada izan duten lehen ekintza-zerrenda proposatu zuten herritarrek. Aurten Tolosatzeneko 40 proiektutik gora gauzatuko dira 400.000 euro baino gehiagoko aurrekontuarekin. 10 urteei begirakoari dagokionean, bigarren hiruhilekoan Udalbatzak Plangintza Estrategikoa onartuko du.

    Hortik aurrera, urtez urte eta alorrez alor onartutako ekintzen jarraipena egitea, betetze mailaren ebaluazioa eta hurrengo urteei begirako ekintzak zehaztea izango da Tolosatzen proiektuko kideen lana.

    Joseba Ormazabal zinegotziak azpimarratu bezala herritarrak udalgintzaren ardatz bilakatu daitezen eta elkarlana ohiko lan eredu bilakatu dadin. Horretan ari gara lanean.