• 19 EKA 19

    Gipuzkoako Batzar Nagusietako lehendakari izendapeneko Xabier Ezeizabarrenaren hitzaldia

    Beraz ba, nire ustez, demokraziaren zauria sendatzeko modu bakarra dago: demokrazia sendotzea. Bidea askatasunaren ariketa da, herriaren esana betetzea, beti giza eskubideen barruan, bakean bizitzeko, bai Gipuzkoan bai Euskadin bai Katalunian, Estatuko harremanak herrien arteko berdintasunean finkatuz.

    Andre eta jaun batzarkideak, jarduneko foru agintariak, agur t’erdi; alderdi politikoetako ordezkariak, herritarrak, egun on:

    Lehenik, zorionak: 28 emakume eta 23 gizon, guztiok batzarkide, eratu ditugu XI. Legealdiko Batzar Nagusiak gipuzkoarrek eman diguten ordezkaritzaz. Agur berezi eta adeitsua, zuri, Eider Mendoza andrea: erakundearen gidaritza duin eta leialaren lekukoa eman didazu eta saiatuko naiz arrasto hori jarraitzen. Batzar Nagusietako buru izateko galderari baietz erantzun ondoren, eskerrik asko aukera eta babesa eman didazuenei, Eusko Alderdi Jeltzaleari eta batzarkide taldeei. Etxekoen bultzada ere ezinbestekoa izan dut urrats hau egiteko. Beraz, eskerrik asko nire emazte Begoñari, eta gure seme-alabei, Sofia, Tomas eta Joni.

    Aitortzen dut dardara sentitu dudala nire izena entzun dudanean Gipuzkoako Batzar Nagusietako lehendakari izendatua izatean. Hunkituta nago, pozik ere bai, eta arduratsu. Begirune handiz hartzen dut foru Parlamentuko mahaiburu eta lehendakari izateko eginkizuna, zuekin lan egiteko asmoz eta gogoz.

    Gogoan ditut joan zirenak ere, bereziki aita-amak, haiei zor baitiet naizena hein handian, eta aitari, zehazki, zor diot Gipuzkoa eta Euskal Herriarekiko maitasuna kutsatzea eta Zuzenbideaz zaletzea. Ezin ahaztu irakasle nafar maite hura, Demetrio Loperena; goizegi utzi gintuen baina ez esku hutsik, euskal Eskubide Historikoez zeukan ikuspegia utzi baitzigun, Gipuzkoari eta gure identitate politikoari hain lotuta daudenak.

    Legealdi hasierek berritasuna izaten dute, etorkizuna eginkizun dagoelako, eta jarraipena ere izaten dira, iragandakoari begiratzen diotelako, segida emateko edo aldatzeko. Bietatik du Hamaikagarren Legealdiak.

    Etorkizuna ez da deskubritzen, etorkizuna eraiki egiten da. Asko izan daitezke etorkizunak eta gure esku dago Gipuzkoako eta gure herriko geroaren oinarriak jartzea, beste herriekin bizitzeko aro global honetan. Horretan ari gara urte hauetan politika medio. Baina ez du edonolako politikak balio, merezi duen geroa eraikitzeko.

    Politika irekia behar dugu. Gipuzkoako eta Euskadiko errealitatea ikusiz eta herritarrei entzunez, herria gidatzeko. Orain 325.000 gipuzkoarrek du lana, duela lau urte baino 25.000 landun gehiago; krisialdiaren eraginez, 2015ean, 44.000 gizon-emakume zegoen lana galduta, eta langabezia %13koa zen; orain %8tik beherakoa, eta 27.000 gipuzkoar ogibiderik gabe. Zorionez, 18.000 langabe gutxiago, eta hala ere, oraindik asko. Lanik gabe gertatzen den pertsona, egoera horrek harrapatzen du zeharo; beraz, herriaren onaren ikuspegi orokorra eta, aldi berean, giza mailara jaisten den begirada uztartzen dituen politika behar dugu, duin bizitzeko ekonomia, lana eta gizarte babesa eraginez, aukera berdintasuna bermatuz. Begirada irekiak esan nahi du alde txarra bezala, ona ere ikusteko gai izatea, politika errealitateari erantzunez egiteko, bai gobernuan, triunfalismoan erori gabe, bai oposizioan, katastrofismoan jausi gabe. Alegia, itxaropena ematen duen politika eskatzen du garai honek, ongizatearen barrutik halako egonezin eta etsipen bat ere hedatzen direnean.

    Eta politika irekia, begirada zabalduz. Abagune honetan, aurreko legealdian Batzar Nagusiek egindako zerbait aipatu eta goraipatu nahi dut: Aita Mari proiektua gorpuzten laguntzea. Oraintxe bi urte, errefuxiatuak Egeo itsasoan salbatzeko txaluparako motor bat erosteko 8.000 euro onartu genituen. Laguntza apala, baina sen onekoa, zuzena den kausa baterako. Egia esan, uste dut zorretan gaudela Itsas Salbamendu Humanitarioko ekintzaileekin, kontzientzia astintzen digutelako bai politikariei bai gutako bakoitzari eta herriari errefuxiatu eta etorkinen eztenarekin, ezikusia egin ez dezagun.

    Merezi du Agirre lehendakariak idatzitakoa aipatzea, 2. Mundu Gerran Frantziatik naziengandik ihesi. Honela dio: “zortziak aldera iritsi ginen mugara. Ikaragarria eta etsigarria zen ikuskizun hura. Jendetza handia izututa, ihes egin nahirik, hesiaren kontra, pilan. Ailegatu ginen haraino baina itxita zegoen. Bizitza salbatu nahi zuten milaka pertsona zeuden baina ez zieten igarotzen uzten gendarme- eta polizi-ilara hertsiek. Europa erotu egin zen ideia garbi eta xumeenak bihurrituz... Ezin nuen ulertu nola zitekeen giza zentzua hain maila baxuetara erortzea eta zoritxarrean gizon-emakume guztiak berdinak direla ahaztea.” Jose Antonio Agirreren hitz horiek oihu dira gaur guretzako, imajinatu ezin dugun nahigabeak jasaten dituzten pertsonen eta herrien aurrean axolagabe ez geratzeko. Salaketa dira pertsona eta herriei justizia egiten ez dien Espainiar Estatuari, Europar Batasunari eta nazioarteari. Politika irekirako deia ditugu hitz minbera horiek.

    Como anticipaba el Lehendakari Agirre, la dignidad del ser humano no admite otra moneda de cambio que la de los Derechos Humanos sin ningún tipo de distinción. Desaparecida ETA y asentada la paz entre nosotros, en esa labor inmensa espero que seamos capaces, desde este Parlamento Foral, de armonizar nuestras necesidades de empleo, bienestar y desarrollo con el impulso de las políticas sociales y la protección del medio ambiente y sus limitados recursos. Todo ello sin olvidar el sufrimiento de tantas víctimas para que nunca se vuelva a repetir.

    Horretarako, ideologia eta iritzi ezberdineko ordezkariak gaude hemen. Batzar Nagusiak politikaren egoitza direnez, gure eginkizuna da bakoitzak bere ideia politikoak azaltzea, eta elkarri errespetuz eta jarrera demokratikoz entzutea eta erantzutea. Horretan saiatu naiz lehen hitzetik eta hala bukatu nahi dut hitzaldia. Euskadi, badakigu herri txikia dela. Hori ez da okerra. Okerra dena da Madrildik eta are Paristik egiten zaigun ezberdinkeria. Herri izaera bera ukatua eta eskubide nahiz erabakimen politikoak moztea da onartezina. Herriaren zati handi bat haserretzen du, gure duintasuna urratzen duelako. Demokrazia zauritua ikusten dut, adibidez, Kataluniako auzian. Ez da euskal herritarrei ez dagokigun arazoa, Estatu beraren barruan gaudenez eta nazio izaerako auzia daukagunez, eragin egiten digu.

    Beraz ba, nire ustez, demokraziaren zauria sendatzeko modu bakarra dago: demokrazia sendotzea. Bidea askatasunaren ariketa da, herriaren esana betetzea, beti giza eskubideen barruan, bakean bizitzeko, bai Gipuzkoan bai Euskadin bai Katalunian, Estatuko harremanak herrien arteko berdintasunean finkatuz.

    Lau urte dauzkagu aurrean. Gure herriak eskubidea du bere etorkizunaren sortzaile eta erabakitzaile izateko, eta bide horretan joango gara orain ere gipuzkoarrak. Izan dezagula jakinduria politikoa erronkei antzemateko, erabakietan asmatzeko eta agindu demokratikoa ondo betetzeko.