• 06 EKA 18

    Gipuzkoak erreforma amaitu eta bere Ondarearen gaineko Zerga lerrokatu du inguruko lurraldeekin

    Izena aldatu, ezkutu fiskala delakoa berreskuratu eta tarifak eguneratuko ditu zergak; honela, Araba, Bizkaia eta Nafarroarekin harmonizatuko da. EAJk begi onez ikusten du erreforma, Arrizabalagaren hitzetan "aurreko legealdiko Bilduren modeloa indargabetu duen erreforma honen helburua da, gipuzkoar zergadun handienek, ez dezatela Gipuzkoatik alde egin

    Ondarearen gaineko Zergaren bigarren erreforma onartu du gaur Gipuzkoako Batzar Nagusietako Osoko Bilkurak. Honela, zerga hau inguruko lurraldeetakoekin lerrokatuta geratzen da. Foru ganberak onartu duen neurrien artean, hiru aldaketa nabarmen daude: izenaren aldaketa, ezkutu fiskala delakoa berreskuratzea eta zergaren tarifen eguneratzea. “Egun garrantzitsua da, Gipuzkoak ‘rara avis’ fiskala izateari utziko baitio, bere ondarearen gaineko zerga Araba, Bizkaia eta Nafarroarekin lerrokatuz”, azaldu du Ogasun eta Finantza foru diputatu den Jabier Larrañagak.

    Erreformak EAJ/PNV, PSE-EE eta Alderdi Popularraren aldeko botoak jaso ditu. EH Bilduk eta Ahal Dugu-Podemosek, bere aldetik, aurka bozkatu dute. Foru diputatuak, ondoren egin dituen adierazpenetan, neurri hauen beharra defendatu du, Gipuzkoaren egoera “normalizatzeko”. Honela, gaur onartutako aldaketekin, zergaren izena aldatzen da, Aberastasuna eta Fortuna Handien gaineko Zerga izatetik Ondarearen gaineko Zerga izatera; ezkutu fiskala berreskuratzen da, hau da, muga bat ezartzen da, zergadun batek urte batean PFEZ eta Ondarearen gaineko Zergagatik zergetan ordaintzen duena bere urte horretako diru sarreren %65 gainditu ez dezan; eta tarifak igotzen dira, zerga bilketari eusteko.

    Ogasun eta Finantza diputatuak gogoratu duenez, Gipuzkoa da Europa mailan ondarearen gaineko zergaren bat duen azken lurraldeetakoa, herrialde gehienek azken urteetan deuseztatu baitute tributua. Europar Batasunean, bi herrialde bakarrik mantentzen dute gaur egun: 2019an deuseztatuko duela iragarri duen Frantziak, eta Madril bezalako autonomia erkidegotan zerga indargabetuta duen Estatu espainiarrak. “Gipuzkoak ezin zuen jarraitu izaten alor honetan fiskalitate gogorrena zuen Europako lurraldea. Baina argi geratu dadila hemen ez zaiola inori ezer ere oparitzen: hemen inguruko lurraldeetan ordaintzen den berdina ordainduko da”, defendatu du.

    Gaur onartu diren aldaketekin 2015ean hasitako bidea amaitzen da. Orduan, presazko lehen erreforma egin zen. Neurri nagusia, orduan, enpresa partaidetzak salbuetsita uztea izan zen, kontzeptu hau zergapetuta izateak ekonomia sustapenari egiten baitzion kalte, krisi ekonomiko egoera bete-betean. Lehen erreforma horren eraginez, zerga-bilketa hazi egin zen eta, orain, bigarrenarekin, murriztu egingo da. Bi erreformen eragin globala zortzi milioi euro negatibokoa da, Larrañagak gogoratu duenez, pasa den urteko zerga-bilketa osoaren %0,17 den zifra.

    2015eko erreformak, orain egin dugun egokitzapena beharrezkoa zuen

    Maria Eugenia Arrizabalagak, EAJ-PNV bozeramailea Gipuzkoako Batzar Nagusietan, Ondarearen gaineko zergaren inguruan, harmonizazioa lortu dugula adierazi du, “Gipuzkoak bere Ondarearen gaineko Zerga inguruko lurraldeekiko lerrokatu du – azpimarratu du –. Aurreko legealdian, zerga honi, hainbat aldaketa ezarri zitzaion, Bizkaia, Araba eta Nafarroan indarrean direnekin bereiziaz. Orain akats hori zuzendu dugu”.

    2015eko erreformak, orain egin dugun egokitzapena beharrezkoa zuen gure Lurraldea Europa osoan isolaturik gera ez zedin – adierazi du Arrizabalagak –. Zergadun handienak eta bere zergek ihes egin ez dezaten. Lurraldeko gizarte politikak aurrera eraman ahal izateko behar ditugun baliabide ekonomikoak eskuratzea helburu – erantsi du –.

    Jarraian bozeramaile abertzalea oposizioari zuzendu zaio, erreformak, EH Bilduk dakien bezala, helburu bakarra duela gogorarazteko: zergadun handienak Gipuzkoatik alde egin dezatela ekiditea. “Aberatsenak joan daitezke – azpimarratu du – adibidez Bizkaira, ezkutu fiskala duelako, edo Nafarroara, ezkutu fiskala duelako edota zuzenean, Madrilera doaz, ezkutu fiskalaren beharrik ez dutelako, Madrilen Ondarearen gaineko Zergaren salbuespena dutelako”.

    Ondarearen gaineko Zergaren inguruan, Europan egoera zein den ere gogora ekarri du Arrizabalagak, Europa osoan zortzi lurraldetan soilik mantentzen da Ondasun Zerga: Gipuzkoan, Araban, Bizkaian, Nafarroan, Espainian, Norvegian eta Suitzan. Frantziak zerga hau kentzeko asmoa azaldu du berriki”. “Ezin duguna da inguruan ditugun ereduetatik kanpo geratu – jarraitu du – beste inon ezartzen ez diren baldintzak ezarriz gure herritarrei. Zergatik? – galdetu du – Zergadun horietako batzuk alde egingo dutelako eta, alde egiten badute, ez direlako gehiago Gipuzkoako zergadun izango. eta ondorioz, Gipuzkoak askoz gehiago galduko duelako Ondarearen gaineko Zergan ezkutua ezarrita baino”.

    Amaitzeko Arrizabalagak adierazi du, datuok EH Bildu eta Podemosen diskurtso demagogikoa agerian uzten dutela. Gipuzkoan ezarritako fiskalitate eta politikei esker, gure lurraldea bizi itxaropen arloan Europan buru da: Emakumeotan 84,1 urte (Europan 83,3 urte). Gizonezkotan 80.4 Euskadin (Europan 77,9). Gizarte berdintasun GINI indizeari dagokionez: Euskadin 25,8; aurretik lau herrialde: Eslovakia, Eslovenia, Txekia eta Finlandia. Gainontzeko guztiak, atzetik. Eskola uzte tasa goiztiarrari dagokionez aldiz, Euskadin %7, UE %11,1%, Espainian %21,9. “Aurreko legealdiko Bilduren modeloa indargabetu duen erreforma honen helburua da, gipuzkoar zergadun handienek (zerga guztietan gehien ordaintzen duten horiek), ez dezatela Gipuzkoatik alde egin; datozen urteotan diru-bilketa haz dadin. Europa osoan gizarte ezberdintasun maila baxuenetakoa duen lurraldea izaten jarraitzeko, Gipuzkoak behar duen diru-bilketa eredua, alegia. EH Bilduk eta Podemosek ez sinetsi arrean”.