• 08 EKA 18

    Ggure esku dagon guztia egiten jarraituko dugu errenteriarren etxebizitzarako sarbidea bermatzeko

    Jeltzaleen iritziz, etxebizitza komunitarioen proiektuaren helburua gehiago da gizarte eredu desberdin bat sortzen saiatzeko esperimentu bat egitea, gazteei etxebizitzarako sarbide eskubidea bermatzea baino eta EAJ-PNVk argi du, lehentasunezkoa bigarren hau dela, ez esperimentuak egitea. Horregatik gai honen inguruan ekarpenak egin dituzte.

    Aste honetan bildu dira alderdi sozialistako Iñaki Ruiz eta EAJ-PNVko Garbiñe Oyarbide, Itziar Ostolaza, Gazteria saileko zinegotzi delegatuarekin, Gazteen etxebizitza komunitarioak arautzeko ordenantzaren inguruko ekarpenak egiteko. Bilera honen harira, eta bertan ordezkari jeltzaleak azaldu bezala, EAJ-PNVk proiektuarekiko bere ikuspegia azaldu nahi izan du. Udal gobernuaren proiektu honekiko zalantzak dauzkate jeltzaleek, nahiko mugatua baiteritzote eta ez baitute ikusten bere horretan gazteen erabateko emantzipazioa bermatuko duenik.

    Bileran, lehenik eta behin, udal gobernuak proposatutako ordenantzaren inguruko ekarpenak egin zituen Oyarbidek eta ondoren proiektuarekiko jeltzaleen ikuspegia azaldu zuen. Ekarpenei dagokienez, “proposatutako ordenantza bera hobetzen saiatu gara, zalantzak sortzen zizkiguten puntuak argitzen eta egokiak iruditzen zitzaizkigun beste zenbait zuzentzen” adierazi du zinegotzi jeltzaleak. “Ez dugu ordenantza alternatiborik ezta aurkeztutakoari puntu gehigarririk aurkeztu ere, jasotako proposamena hobetzen saiatu gara, izan ere, proiektua bera eraginkorra izan daitekeenaren inguruko zalantzak baitauzkagu” jarraitu du Oyarbidek.

    Jeltzaleen iritziz, proiektuaren helburua gehiago da gizarte eredu desberdin bat sortzen saiatzeko esperimentu bat egitea, gazteei etxebizitzarako sarbide eskubidea bermatzea baino eta EAJ-PNVk argi du, lehentasunezkoa bigarren hau dela, ez esperimentuak egitea.

    “Guretzat proiektua hankamotz gelditzen da, batetik, bikotean bizitza partekatu bat hasteko aukerarik ematen ez duelako, eta hau izaten da maiz gazteek emantzipatzeko izaten duten arrazoietako bat eta, bestetik, oso lehenengo pauso honen jarraipena argi ez dagoelako, ez daukagu argi, kontratu hori bukatzean gazte askok ez ote duten berriz ere gurasoen etxera bueltatzea beste aukerarik izango” dio zinegotzi jeltzaleak. “Gazteen emantzipazioa bultzatzeko proiektu bat abiatzen badugu, uste dugu helburuak izan beharko lukeela emantzipazio hori behin betiko bihurtzea, gazteari bizi proiektu bat eraikitzeko aukera ematea, ez hiru urteko esperientzia batera mugatzea”.

    Horren harira, EAJ-PNVk bileran mahai gainean jarri zuen behin eta berriz azken urteotan proposatu duena. Jeltzaleek 2015ean egin zituzten proposamenen baliagarritasuna defendatu dute, batetik, etxebizitza hutsak mobilizatzeko eta bestetik babestutako alokairuaren aukerak areagotzeko. EAJ-PNVk urtero aurrekontuen eztabaidan proposatu duenari eusten dio, alegia, Alokabiderekin hitzarmen bat sinatzea, hutsik dauden etxebizitzak Bizigune programan sartzea bultzatzeko eta horrela zailtasun gehien dituzten kolektiboei etxebizitza eskuragarritasuna errazteko. “Errenterian etxebizitza huts asko dago eta udal gobernuak hartutako neurriek, hala nola, OHZren errekarguak, ez dute lortu etxebizitza hutsen kopurua murriztea” dio Oyarbidek, “eta gazteek etxebizitza eskuratzeko dituzten zailtasunei irtenbidea emateko, beste neurri batzuk hartu behar dira”.

    “Etxebizitzaren arazoak, oinarrizko behar bat den neurrian, asko kezkatzen gaitu, horregatik hainbat neurri aurkeztu izan ditugu, esaterako, zigortu ordez, etxebizitza hutsen jabeei, etxebizitzak alokairuan jar ditzaten sustatzeko, OHZan hobariak edota Bizigune programan etxebizitza sartzeko beharrezkoak izan daitezken egokitzapenak egin ahal izateko diru-laguntzak ematea. Alokabiderekin hitzarmena sinatzeak, gainera, elkarlanerako aukerak zabalduko lituzke, eskaintza eta eskariaren inguruko datuak ezagututa neurri zehatzak hartu ahal izatea, Bizigune programa eta honen abantailak etxe hutsen jabeei ezagutzera ematea eta baita, aipatutako egokitzapenentzako laguntzak emanez jabeei erraztasunak ematea” dio EAJ-PNVko zinegotziak

    Elkarlanean arazoari irtenbidea emate aldera konpromisoa

    Bileran proiektuaren inguruan azaleratutako zalantza horiek ikusirik, udal gobernuko zinegotziak elkarlanean etxebizitzaren arazoari aurre egiteko proposamena luzatu zien oposizioko taldeei. “Gu erabat prest gaude arazoari konponbidea emateko proposamenak egiten jarraitzeko eta elkarlanerako erabateko jarrera adierazi diogu udal gobernuko zinegotziari. Legealdiaren azken txanpan elkarlan hori hastea ez da egokiena, hiru urte galdu direnaren sentsazioa uzten baitugu, baina gelditzen den denboran eta, nola ez, hurrengo legealdietan ere, gure esku dagoen guztia egiten jarraituko dugu errenteriarren etxebizitzarako sarbidea bermatzeko” dio Oyarbidek. “Behin eta berriz proposatutako neurriak berriz ere mahai gainean jarriko ditugu, orain arte ez bezala, aintzat hartuko diren itxaropenez. Espero dugu elkarlanerako benetako deia izatea, errenteriarren arazoei konponbide emateko beti izango baikaituzte bidelagun” amaitu du zinegotzi jeltzaleak.