• 19 MAI 15

    Galdutako denbora berreskuratzeko ordua da

    “Programak, Ordizia Elkarrekin ekimenaren baitan gizarteko, kulturako eta ekonomia arloko eragileekin eta ordiziarrekin izandako bilera eta topaketetan egindako ekarpenak jasotzen ditu. Herri galdeketa atez atekoa kentzeko edota San Bartolome auzoan trenbidea desbideratzea jasotzen ditu egitasmoak

    Jose Miguel Santamariak, Ordiziako alkatetzarako EAJ-PNVren hautagaiak, bere taldea lagun zuela,  udal hauteskundeetarako gobernu-programa aurkeztu du. Adierazi du alkatetzarako hautagai hautatu izan zenetik abian jarri zuen  Ordizia Elkarrekin ekimenaren baitan gizarteko, kulturako eta ekonomia arloko eragileekin eta ordiziarrekin izandako  bilera eta topaketetan egindako  ekarpenak jasotzen direla programa horretan .

    Aurkezpenean Jose Miguel Santamariak honakoa azpimarratu du: “Programaren helburua lau urte hauetan galdutako denbora berreskuratzea da eta proiektu estrategikoei berrekin”. “Gure konpromisoa Ordizia da eta esfortzua, lana eta elkarrizketa agintzen dugu. Udaletxea gure bidelagun izan nahi dugu”.

    Alde horretatik hautagai jeltzaleak adierazi du ekonomiaren sustapena, atez atekoa kentzeko herri galdeketarekin batera, bere lehentasunetakoak direla eta ardatzetako bat merkataritza eta zerbitzuak indartzea izango dela, kontuan izanik Goierriko eskualdean Ordiziak duen merkataritza, azoka eta zerbitzu izaera. Horrela, irisgarritasun handiagoa lortzeko, gune historikorako sarbideak eta trafikoaren berrantolatzea adosteko konpromisoa agertu du. Baita, aparkaleku berriak eraikitzeko ikerketa ere iragarri du.

    Arlo honetan bertan Arkaleko industrialdea eta Goierri Berrikuntza Gunea bultzatzeko konpromisoa jakinarazi du. “Proiektu hau enpresen, teknologi eta hezkuntza zentroen eta erakundeen arteko sinergiak lotzeko sortu zen eta optimizatu beharra dago”.

    Santamariak, kalitatezkoa, egituratua,  guztientzat irisgarria eta ondo hornitutako Ordiziaren alde egin du. “Egituratua izan dadin, jarraitu du, ezinbestekoa da San Bartolome auzoan trena desbideratzeko proiektua berreskuratzea”. “2010ean EAJk  lortu zuen Estatuko aurrekontuek 1,4 milioi eurotako partida aurreikustea  auzo hau birgaitzeko baina ezer egin ez denez, Ordiziak diru partida hori galdu egin du”. “ Herriaren egituraketarako ezinbestekoa den proiektu hau gauzatzeko beharrekoak diren baliabideak lortzeko berriro erakundeen arteko harremanak lantzeko  unea da” gaineratu du.

    Auzoei dagokionez, aurreratu du Altamira, Txindoki etxaldea eta Bustuntza auzoetan zorua eta espaloiak , argiteria eta hiri altzariak berritzeko jarduketak “egindako topaketetan auzotarrek eskatu digutenari erantzunez”.  

    Irisgarritasuna eskubide bat dela aldarrikatu ondoren, Irisgarritasun Plana garatuko duela  bermatu du “gizarte baten garapena eta ongizate  maila baita  bere oztopo arkitektonikoekin neurtzen delako ere”.

    Kirol eta kultura azpiegiturei buruz, hautagai jeltzaleak  Majori polikiroldegiko kuboa berritzea eta ekimen kulturaletako eta antzerkietarako, Kafe antzokia, eraikin balioaniztun  batekin osatzea planteatu du.

    Gizarte zerbitzuetan, helduentzako babestutako etxebizitzak izango dituen egoitza bat egiteko konpromisoa adierazi du eta alokairuzko etxe bizitza sozial gehiago behar duten pertsonentzat. 

    Amaitzeko gogoratu du udalerri batek ekonomia, zerbitzu sozialak eta azpiegiturak sostengatzeko eta hobetzeko   beharrezkoa duela aldamio sendoa eta honen harira esan du: “ Ezinbestekoa da 2010ean hasitako Arau Subsidiarioen berrikusketari heltzea. Ordiziak zoru aldetik duen planteamendua  jasotzen du, zenbat zoru bideratuko dituen industriarako, etxebizitzetarako edota hezkuntza eta kirol  eraikinetarako izango diren guneetarako. Lan handia suposatzen du baina behar beharrezkoa  aurreko araudia zaharkituta geratu delako” .