• 10 URR 18

    Foru arau proiektuak politika egiteko modu berriei ekitea du xede

    Foru Arauak herritarren partaidetza eskubidea sendotzen lagunduko du, demokrazia ordezkagarria eta parlamentarioa osatuko dituen oinarrizko eskubide gisa

    Xabier Ezeizabarrena, EAJ-PNV batzarkideak, gaur Osoko Bilkuran onartutako Herritarren Partaidetzari buruzko Foru Arau berriaren inguruan adierazi du, “Foru Arau proiektuak herritarron partaidetza eskubidea, pertsona juridiko eta fisikoena zuzenbide subjektibo bezala sustatzen du, demokrazia ordezkagarria eta parlamentarioa osatuko dituen oinarrizko eskubide gisa”.

    “Honako Foru Araua –jarraitu du Ezeizabarrenak– lan prozesu luze baten emaitza da. Eta prozesu honek, erakundeetatik agenda berri bati eta politika egiteko modu berriei ekitea du xede, gizartea guztiona den proiektu honetara erakarriz. EAJ-PNVk Foru Araua partaidetza eskubidea oinarrizko eskubide gisa sendotzen lagunduko duen tresna baliogarria dela uste du, eta horrexegatik EH Bilduk aurkeztutako osoko zuzenketa atzera bota du”.

    “Eta EH Bilduri dagokionez –adierazi du batzarkide jeltzaleak– deigarria da, Bizkaian gure Partaidetza Foru Araua EH Bilduk behin eta berriz nola txalotzen duen ikustea, eta Gipuzkoan aldiz talde berak, EH Bilduk, aipatu foru arauari osoko zuzenketa nola ezartzen dion ikustea”. “Nekez uler daiteke jarrera aldaketa hau –azpimarratu du– Foru Gobernuaren jarduerari boikota egitea beste helbururik ez duen estrategia politiko hutsean kokatzen ez badugu, alderdi interesei soilik erantzuten dion estrategia, gipuzkoarron interes orokorrari erreparatu gabe”.

    “Azken finean –amaitu du Ezeizabarrenak– gaur Batzar Nagusietan aurkeztutako proiektuak herritarren partaidetza eskubidea bere osotasunean, Gipuzkoako Lurralde Historiko osoan zehar sustatzea du helburu, berdintasun egoeran herritar guztion partaidetza eskubideen konpromezu eraginkorraren adierazle”.