• 03 UZT 18

    Eusko Jaurlaritzak eta Donostiako Udalak hitzarmena sinatu dute Amara-Easoko trenbideen etorkizuneko urbanizazioa zehazteko

    Hirigunean zeharreko Topoaren saihesbidea egiteak “aukera paregabea” eskaintzen du hirigunea berregituratu eta eraldatzeko, izan ere Donostiak 21.000 metro koadroko trenbide-lursail bat berreskuratuko du trenbidea lurperatu ondoren

    Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura sailburu Arantxa Tapiak, Euskal Trenbide Sarea erakunde publikoaren presidente gisa, eta Donostiako alkate Eneko Goiak lankidetza-hitzarmen bat sinatu dute arratsalde honetan euskal trenbideen kudeatzailearen eta Udalaren artean, Lugaritz eta Easo arteko Topoaren saihesbidearen obren ondorioz Amara-Eason libratutako lursailetarako antolamendu- eta kudeaketa-irizpideak zehazteko. Hitzarmena izenpetu ondoren, bi erakunde-buruak jendaurrean azaldu dira, akordioaren berri emateko. Ondoren, lehenbiziko jarraipen-batzordea egin dute.

    Hitzarmenean bertan jasotzen denez, Donostiako hirigunean zehar Topoaren saihesbidea egitea "aukera paregabea da hiriarentzat". Izan ere, gaur egun Amarako geltokiaren (Easo plaza), trenbideen eta Morlansen eremuaren arteko trenbide-azpiegiturek okupatzen duten lurzorua libre geratuko litzateke, hirian integratzea ahalbidetuz. Lur horiek, gaur egun, trenbide-sistema orokor gisa sailkatzen dira, eta beraz, aukera egokia dugu hau hirigunea berregituratu eta eraldatzeko, erabilera berriak dituen hiri-bilbea osatuko duen sarea sortuz. Trenbide-lursailaren azalera osoa 21.000 metro koadrokoa da gutxi gorabehera.

    Hitzarmenak jasotzen du, "Gipuzkoako bizilagunei hobekuntza nabarmen bat eskaintzearen aldeko apustua"-ren barnean, Topoaren saihesbidea egiten ari dela. Horrek eskualde arteko trenbide-sarearen konexioa ahalbidetuko du, hirigunea Eibar-Zumaia-Lasarte-Donostia eta Irun-Hendaia trenbide-trafikoekin lotuta. Hau da, Easoko geltokiak sortzen dituen eragozpenak saihestuko dira, ibilbide zehatz batzuetan tren-aldaketak egin behar baitira. Proiektuak hiru geltoki berri eraikitzea barne hartzen du: Benta Berri, Kontxa-hirigunea eta Easo. Obrak bukatu ondoren, lursail handi hori libratuko da Amara auzoan (zehazki, Autonomia kalearen eta Errondo pasealekuaren artean dago).

    Euskal Trenbide Sarea bere esperientziaz baliatuko da hiri-inguruetan trenbidea integratzeko lanetan, duela urtebete baino gutxiago Donostian bertan Loiolako geltokian egin zen bezala, non 17.600 metro koadro urbanizatu baitziren. Duela gutxi, Bilboko metroaren 3. lineako zenbait puntutan ere antzeko jarduerak egin dira. Garatu nahi diren hirigintza- eta ondare-kudeaketatik datozen etekin ekonomikoak trenbide-azpiegitura hobetzeko egingo diren inbertsioetara bideratuko dira.

    Hitzarmenaren helburua da hausnarketarako eta libratutako lursailean antolamendu-irizpideak komunean jarri ahal izateko lankidetza eta koordinazioko eremu bat ezartzea. Hitzarmen honen bidez, erabilera eta jabari publikoko berdegune eta oinezkoentzako eremu berriak erabilgarri jarri nahi dira, merkataritza, aparkaleku eta etxebizitzen erabilera berriekin.

    Hitzarmenak lau urteko iraupena izango du, beste lau urtez luzatzeko aukerarekin. Halaber, erakunde bakoitzeko hiru kidek osatzen duten jarraipen-batzordea eratu da, akordioaren funtzionamendu egokia bermatze aldera.

    Hirigintza eraldaketa

    Arantxa Tapia sailburuak adierazi du hitzarmenarekin pozik dagoela, eta hori lortu ahal izan dela “proiektu estrategiko bati esker, etorkizuneko proiektu bati esker”. Sinatutako hitzarmenari dagokionez, azpimarratu du "ez dugula ezer berririk asmatu. Trenbide-lubaki bat kenduko dugu hiritarrek erabiltzeko eta gozatzeko espazio bat lortzeko. Horri esker, auzoan oztopo fisikoak kendu ahal izango ditugu, elkarguneekin ordezkatuz. Horrela, eremu horren hirigintza- eta gizarte-birsorkuntza lortuko dugu”.

    Tapiak hau gehitu du: “hala ere, ez dugu ahaztu behar honaino iritsi garela lehiakorrago bihurtzera eta gure bizitza erraztera bideratutako trenbide-obra bati esker. Topoaren saihesbide berriak kalitatezko zerbitzu publiko moderno eta iraunkorra eskaintzen die Donostiako biztanleei, eta gainera, zuzenean konektatzen du hiria Gipuzkoako ekialde eta mendebaldearekin. Udalaz gaindiko proiektu bat da. Zentzu horretan, gaur egun hirira ibilgailu partikularrean etortzen diren lagun asko, garraio publikoa erabiltzera animatuko dira, berme osoarekin", esan du.

    Eneko Goiak, bestalde, Eusko Jaurlaritza, ETS eta Udaletxearen arteko lankidetza azpimarratu du, "hiriaren erdi erdian dagoen gune baten berrantolaketa eskutik egiteko". Bere ustez, planifikazio horrek "erdiko gune garrantzitsu batean milaka metro hiriarentzat berreskuratzea ekarriko du, hiri erdi-erdian dagoen trenbidearen lubakiak hiri hobeago bati utziko baitio lekua: ekipamendu berriak, parkeak, gune publikoak baita etxebizitzak ere".

    "Topo berriak ez du soilik hiriko garraio publikoaren sistema hobetuko: Donostia bera eraldatuko du, donostiarren bizi kalitatea hobetuz", adierazi du alkateak.

    Goiak adierazi du hiri askotan hiri transformazioa garraio publikoaren aldaketaren eskutik etorri dela. Hala, Topoa hiri erdigunean lurrazpira eramateearekin, "gune berri asko amestu ditzakegu, gaur egun pentsaezinak diren kale asko oinezkoentzako bihurtuz, adibidez".