Aberri Eguna 2024

Gipuzko Buru Batzarra

Berriak

Ezagutzera eman
2018/04/11

Eusko Jaurlaritzak eta Donostiako Udalak Alde Zaharraren eta kaiaren babesa adostu dute, eta inguru hori Monumentu Multzo izendatuko da

Bingen Zupiria sailburuak eta Eneko Goia alkateak babesaren xehetasunak ezartzen dituen proposamena aurkeztu dute gaur. Alegazioak bideratutakoan, Jaurlaritzak inguru horren “diseinu harmoniatsua” nabarmentzen duen dokumentua onartuko du. Espedienteak sei babes-maila ezartzen ditu, oinarrizkoenetik hasita eta babes maila berezira arte, San Bizente eta Santa Maria elizetarako onartuko dena.
Eusko Jaurlaritzak eta Donostiako Udalak Alde Zaharraren eta kaiaren babesa adostu dute, eta inguru hori Monumentu Multzo izendatuko da

Eusko Jaurlaritzak eta Donostiako Udalak hiriko Alde Zaharra eta kaia babesteko proiektua aurkeztu dute gaur, inguru hori Monumentu Multzo izendatzeko aukera emango duen espediente bat. Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren menpe dagoen Kultura Ondarearen zuzendaritzak Udalarekin elkarlanean landutako dokumentua datozen asteotan argitaratuko da Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian, eta hortik aurrera alegazio epean sartuko da. Arrazoibideak bideratutakoan, Eusko Jaurlaritzak formalki onartuko du babesa, dekretuaren bitartez.

Bingen Zupiria Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak eta Eneko Goia Donostiako alkateak aurkeztu dute babes proposamena, Konstituzio plazako Udaletxe Zaharrean izandako prentsaurreko batean. “Oinarrizko ezaugarri batzuk mantentzen dituen multzo baten bihotza da gauden leku hau, eta ondarearen ikuspegitik babestu beharreko balio batzuk ditu inguru honek”, adierazi du alkateak.

Dokumentua laster gauzatuko den babesaren oinarria izango da, eta Alde Zaharraren balioak nabarmentzen ditu: “Arkitekturaren ikuspegitik, hirigintzarenetik eta historiaren ikuspuntutik multzo honek balio batzuk ditu. Kalearen trazan eta multzoaren homogeneotasunean islatzen da hori, eta azken ezaugarri honek balioa ematen die eraikinei, horietako batzuk banaka apalagoak izan ahal badira ere. Eraikuntza bikainen kalitate arkitektonikoak, ikuskera neoklasikoa duen arkitektura erresidentzialaren diseinu harmoniatsuak eta 1813 baino lehenagoko eraikinek ere kontuan hartu beharreko balioak dituzte”. Zupiria sailburuak adierazi duenez, “Alde Zaharra kultura-ondasun bat da, bizipen batzuei loturiko bilakaera historiko bati eta babestu beharreko inguru fisiko bati loturikoa”.

Donostiako alkateak babes-proposamen hau onesteak duen garrantzia azpimarratu du: “Donostiako Alde Zaharrari merezi duen babes-maila ematen dion espedientea da. Alde Zaharra duela berrehun urte diseinatu zuen Pedro Manuel de Ugartemendia arkitektoak, eta dagoeneko badu bere esentzia, idiosinkrasia eta ezaugarri bereziak sendotuko dituen lege-babesa. Hori zen euskal kultura-ondarearen puzzlean falta zen pieza”.

Mugaketa

Babes-proposamen horrek kalifikazio honen helburu den espazioa monumentu-multzo gisa mugatzen du. Lau angeluko perimetro horri hiriko kaia gehitzen zaio, eta honako muga hauek ditu: Argazkilari elkartea dagoen eraikineko (San Juan kalea) hegoaldeko ertzetik Boulevarderaino; ingurune horretatik (San Juan-Boulevard ertza) lerro zuzenean kaietara; itsasotik hurbilen dagoen inguruneak muga gisa kaiak ditu, Kaiko pasealekuaren hasieraraino (lonja berriaren ondoan), Kofradia, hego-mendebaldeko kai-muturra eta Aquarium osoa; eta, azkenik, perimetroa itxi egiten da, Abadeen kaia, Urgull mendiko eskolak, zaindariaren etxea eta San Telmo Museoa barne.

Ondasun kalifikatu gisa babestu beharreko espazioa mugatzeko orduan, kultura-intereseko balioak hartu dira gogoan, Alde Zaharreko kontzepzio neoklasikoarekiko koherentzia, eta, era berean, kaiak Erdi Aroko hiriaren eta mendeetan zehar bertako biztanleen oinarri ekonomiko gisa duen interes nabarmena balioetsi da. “Jakina da Alde Zaharra eta Kaia morfologikoki desberdinak direla, baina batera kalifikatzea erabaki da, elementu osagarriak partekatzen dituztelako eta elementu komunen bidez daudelako konektatuta”, esan du Zupiria sailburuak.

Jarduketa bateratua

Dokumentu hau Alde Zaharraren eboluzio historikotik abiatzen da, baina “aldi berean, egungo eraketa, ezaugarriak eta berezitasunak ditu kontuan”. Babes-espediente honen helburua Alde Zaharraren morfologia kontserbatzea eta, aldi berean, ingurune horretan bizi diren 4.000 biztanleen beharren kudeaketa malgutzea da; horien bien arteko oreka eskaintzea, alegia. Horrela, babes horrek segurtasun juridiko handiagoa eskainiko die garatzen diren jarduketei eta, aldi berean, babesaren ikuspuntutik eta herritarren erabileraren ikuspuntutik, hirigintza-jarduketa bateratua egiteko aukera emango du.

Monumentu Multzoaren adierazpena Kultura Ondarea Babesteko Eusko Jaurlaritzaren 7/1990 Legearen babesean egingo da. Horrela, garatzen diren hirigintza-plangintzak, gerora, kalifikazioan ezarritako araubidera egokitu beharko dira eta Eusko Jaurlaritzaren Kultura Ondarearen Zuzendaritzaren txostena izan beharko dute. Babesak, era berean, espazio publikoetan gauzatzen diren jarduketa guztiek horien hiri-izaera eta -egitura sustatuko dutela ezartzen du, eta hiri-altzariak multzoaren ingurumen-izaerarekin integratu eta bateratuko dituztela.

Babes-espedienteak arautzen ditu birsortzearen, eraispenaren, erabileraren edo jardueraren gaineko aspektu guztiak. Partzelazioei buruz, egungo partzelazio eskema mantenduko da, izan ere, bere horretan mantentzeak baloratu beharreko gauza bat dela uste da. Babes honek ez du baimenduko egungo lerrokatzeen aldaketa, izan ere, hiri-bilbea da Monumentu-Multzo baten ezaugarri nagusienetako bat.

Babes mailak

Alde Zaharra Monumentu Multzo izendatzeko dekretuak babes-maila ezberdinak ezartzen ditu, balio arkitektonikoaren arabera (zerrenda atxikitzen da). Horiek horrela, babes-maila arruntetik babes berezia izango duten ondasunak arte bereizi egiten dira. Eta guztira sei babes-maila ezarri dira: berezia, babes-ertaina, oinarrizkoa, morfologikoa, hiri-guneak eta diskordantzia (azken honek babestuko ditu inguruko eraikinen ezaugarriekin bat egiteko betebeharra betetzen ez dituzten eraikinak).

Babes-berezia izango dutenen artean, besteak beste, San Bizente eta Santa Maria elizak, San Telmo, Santa Teresa edo liburutegia daude. Babes-ertaina dutenen artean segidakoak daude: Konstituzio plazako etxe-multzoa, Antzoki Zaharra, Kaiko Ermita, Trinitate plaza, Aquarium-a edo Itsas Museoa. Azkenik, eraikin gehienek, alegia, etxebizitzak hartzen dituztenek, oinarrizko babesa izango dute, izan ere, ulertzen da arkitektura, historia eta kultura kontuan izanda ez dutela aipatutakoen hainbesteko baliorik, baina interesgarria dela banaka babestea ondare-multzo baten parte direlako. 

Eraikin guztiek legeak ezarritakoa bete beharko dute, hain zuzen ere, baimena, erabilera, jarduera, babesa, zigor, eta beste hainbat gairi buruz legeak ezarritakoa. Ondareen jabeek bete beharko dituzte legeak kontserbazio, zaintze eta babesari buruz ezartzen dituenak. 

Monumetu Multzo izendatzeko proposamenak, halaber, honakoa dio: lehentasuna da kaleak oinezkoentzat izatea eta galtzadan harrizko zola mantentzea -gelditzen diren tokietan-. Gainera, azpimarratzen du plazetan dauden eraikinen, harresien, biaduktu iturrien eta monumentuen, zuhaitzen eta lorategien garrantzia.

Helburu historikoa

Donostiako Alde Zaharraren eta kaiaren babesarekin Eusko Jaurlaritzaren eta Donostiako Udalaren helburu historikoa betetzen da. Alde Zaharra multzo historiko artistikoa izendatzeko espedientea 1987 urteaz geroztik hasita zegoen. Azken urteetan Eusko Jaurlaritzaren eta Donostiako Udalaren Hirigintza departamentuaren lan serio eta sakonak ahalbidetu du adierazpen hau izateko aurrera egitea. Gainera, prozesu honetan kolaboratu dute Luis Sesé eta Maria Escalada arkitektoek. Bi arkitekto hauek hiriko historiaren eta ondare historiko eta urbanisitikoaren ezagutza handia dute.

Eboluzio historikoa

Alde Zaharrak bere jatorria du, 1813ko sutea eta suntsipenaren ondorioz planteatutako birsortzean. Ugartemendia arkitektoak hiriaren diseinu berria egin zuen eta eraikinen lerrokatzea egin zuen, hain zuzen ere, Alde Zaharraren oinarria den lerrokatzea. Babes espedienteak gogorarazten du, egungo konfigurazioan eraikinek Ugartemendiaren ordenantzei erantzuten dieten hainbat elementu mantentzen dituztela, besteak beste, segidakoak: harrizko oinarria lehen solairua arte; kale nagusietako eraikinen barruko patioak lerrokatuak; kantoietan mentsulekin rematatuta dauden zutabeak, hain zuzen ere, euria hartzeko hodiak jartzeko zuloak dituztenak; eta zurezko teilatu-hegalak.

Lan honek ere gogorarazten du, Donostiako Alde Zaharrak honako berezitasuna duela: Gipuzkoak sortu zuen lehen hiria izan zen, eta bere jatorrian dago Urgull Mendiaren azpian zegoen kokalekuak sortutako hiri-egituraren eboluzioa, betiere, ibilbide historikoagatik, ekonomikoagatik eta natura faktorerengatik baldintzatuta.

Ezagutzera eman

Nabarmenak...

Berri ikusiagoak...

YouTube