• 11 URT 16

    Eusko Jaurlaritzak 146.8 milioi bideratuko ditu 2016ko deialdietan euskal industrien I+Grako

    Bi urtetan % 18,24ko gehikuntza metatua izan du eta lau norgehiagoka programa hauen bitartez esleituko da: Hazitek, Elkartek, Berrikertu eta Emaitek +

    Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko sailburuak, Arantxa Tapiak, Ikerkuntza eta Garapen Teknologikoa babesteko eta euskal industria sendotzeko programen sorta aurkeztu du. Enpresek Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzako Euskal Sareko (ZTBES) eragileekin lankidetzan gauzatuko dituzten proiektu eta/edo zerbitzuak izango dira helburu hori lortzeko bitartekoak. Horiez gain, ikerketa estrategikoko ildoak eta ikertzaileen zeregina laguntzeko neurriak daude.

    Teknologia, Berrikuntza eta Lehiakortasuneko sailburuorde Estibaliz Hernáez eta Teknologiako zuzendari Leire Bilbao zituela lagun, sailburuak azaldu du zeintzuk diren Euskadiko I+Garen erronka nagusiak eta zer testuingurutan dagoen alor hori ekainaren 23ko 109/2015 Dekretua, Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sarearen osaera arautzeko eta eguneratzekoa, indarrean jarri ostean. Orobat gaineratu du «Euskadik herrialde-estrategia bat duela I+Garen alorrean ekonomiaren eta gizartearen lehiakortasun-erronkei erantzuteko bultzagarri gisa».

    146,8 milioi euro enpresa eta industria arloko I+Grako

    Euskal industria laguntzera bideratutako I+G programak, enpresen eta ZTBESeko eragileen parte-hartzearekin garatuak, gutxi barru argitaratuko dira EHAAn, lau deialdi desberdinetan: Hazitek, Elkartek, Berrikertu eta Emaitek Plus.

    Lau programa horietan bilduko da industriaren I+Grako laguntza guztia, 146.850.000 euro guztira, diru-laguntza itzulezinen bitartez: hau da, iaz baino % 9 gehiago esleitu da sail horretan, eta 2014tik % 18,24 izan da gehikuntza metatua.

    Ekimen horietan gehitzekoak dira Industria 4.0 proiektuetara soil-soilik bideratutako laguntza-programa espezifikoak ere: 2.211.516 euroko zenbateko gehigarria. Laguntza sortu berriak direnez, aurreikusi da etorkizunean finkatzen joango direla, Euskadiko industria-ehunaren eskariaren eta premien arabera; hala, gaur, Basque Industry 4.0 estrategiaren esparruan industria aurreratuaren joera berriei erantzuteko aurkeztutako programen osagarri da neurri sorta berri hori.

    Zehaztuta I+G arloko herrialde-estrategia, Euskadiko lehiakortasunaren bultzagarri gisa

    Euskal erakundeek ikerkuntzaren eta berrikuntzaren aldeko apustu tinkoa egin dute denboraren joanean, beti enpresen hobekuntza lehiakorrari eta ongizate ekonomikoaren eta sozialaren sorkuntzari laguntzeko ikuspegiarekin.

    2013ko martxoan, nazioarteko hainbat adituren txosten batek Zientzia eta Teknologiaren Sistema hobetzeko neurri jakin batzuk hartzera hertsatzen zuen Euskadi. Sistema bera aintzat eta baliozkotzat hartuta ere, hobegarritzat jotzen zuen. Bada, Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailak gaurko egunean heldu die eta burutu ditu hobekuntza horiek.

    Egokitze-prozesu etengabe hori honako hauen zehaztapenean eta abiaraztean hezurmamitu da: Euskadiko espezializazio adimendunaren estrategia (RIS3), Europatik bultzatua; Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzako 2020ko Euskal Planarena, non jaso baita Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzako Euskal Sarea berrantolatzeko prozesua, bikaintasun, espezializazio eta merkatuarekiko gertutasunaren ardatzen gainean oinarritua eta 109/2015 Dekretuan, ekainaren 23koan, Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzako Euskal Sarearen osaera arautzeko eta eguneratzekoan, taxutua.

     

    Era berean, aintzat hartu dira, bai Europako Horizontea 2020 esparru-programaren abiaraztea, bai Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailak enpresako I+Gari laguntzeko lehenagoko programen kudeaketa, ebaluaketa eta jarraipenean azken urteetan hartutako eskarmentua.

    Azken hamarkadan suertatutako aldaketak direla eta, berriz formulatu behar izan da I+G babesteko programa multzoa, eta arkitektura berria ezarri zaie. Jarduteko gidalerro nagusiak honela laburbildu daitezke: espezializazio handiagoa, eragile eta enpresen arteko lankidetza handiagoa, merkatu-ikuspegi handiagoa eta giza kapital ikertzailearen errekonozimendua.

    Sistema guztiaren berregokitzapenaren bilakaerari dagokionez, Arantxa Tapia sailburuak zera azpimarratu du: «gaur egun sistema ordenatua dugu: eragile bakoitzak eginkizun jakin eta aitortu bat du eta bada zentro teknologikoek, enpresa ikerkuntzako eta lankidetzako zentroek, IKZek eta enpresa- eta industria-ehunak partekatutako herrialde-estrategia bat halaber, non guztiak baitira parte.

    I+G estrategiaren erronkak 2016tik aurrera

    Estrategia argiro zehazturik eta laguntza-programak estrategia horretara bideraturik, hauek dira hemendik aurrerako erronkak, Arantxa Tapiak adierazi moduan: enpresa-ehunari ezagutzak denbora eta modu eraginkorrean bideratzea, gero eta heldutasun teknologiko handiagoarekin, lehiakortasuna –hala enpresa bakoitzarena nola sistema osoarena–, finkatu eta nazioarteko testuinguruan posizionatu dadin, halako moduz, non ekonomia osoaren emaitzak euskal gizartearen ongizate-sistemarako eta berori hobetzeko lagungarri izango baitira.