• 30 AZA 18

    Eusko Ikaskuntzak Donostiako Urrezko Domina jaso du

    Donostiako alkate Eneko Goiak Urrezko Domina eman dio Eusko Ikaskuntzari bere mendeurrenean, euskal kultura garatzeko egindako lana aitortuta eta hiriarekiko duen lotura kontuan hartuta

    Eusko Ikaskuntzak  Donostiako Urrezko Domina jaso du Donostiako alkate Eneko Goiaren eskutik. Goiak Eusko Ikaskuntzako presidente Iñaki Dorronsorori eman dio domina Donostiako Udalaren izenean.

    Ekitaldia gaur arratsaldean egin da Donostiako Udaleko Udalbatzar aretoan, eta bertan, parte hartu dute Donostiako alkate Eneko Goiak eta Udal korporazioak, Eusko Ikaskuntzako hainbat kidek eta Donostiako Urrezko Domina jaso duten hainbat elkarte eta erakundetako ordezkariak.

    Dorronsorok erakunde eta gizartearen ordezkarien aurrean domina eman izana eskertu du eta hiriko ohorezko liburuan sinatu du.

    Donostiako alkate Eneko Goiak Eusko Ikaskuntzak 100 urte hauetan egindako lana azpimarratu du eta honakoa esan du: "Lan izugarria egin du mende osoan zehar kultura unibertsala Euskal Herrira hurbiltzeko. Ekarpen berebizikoa egin dio euskal kulturari, eta gaurko Euskal Herria ulertzeko oinarri sendoak ezarri izan ditu urte hauetan guztietan".

    Era berean, Goiak gaineratu du, Donostiako hiria eta Donostiako herritar asko bidelagun izan dituela Eusko Ikaskuntzak, eta gainera, Donostiako Udala hasieratik izan dela bazkide, eta ekimen asko hartu eta babestu dituela hirian bertan. Horregatik guztiagatik, Eusko Ikaskuntzari mende osoan zehar euskal kultura garatzeko egindako lana aitortu, estimatu eta eskertzeko modua da.

    Arrazoiak

    Donostiako Udalak sari hau ematea erabaki zuen ekainean, Eusko Ikaskuntzaren mendeurrena dela-eta,eta 100 urteotan euskal kultura garatzeko egindako lanak eta hiriarekin izan duen lotura direla-eta.

    Izan ere, Donostian sortu zen Eusko Ikaskuntza 1918ko abenduaren 22an, Arabako, Bizkaiko, Gipuzkoako eta Nafarroako aldundiek proposatuta. Eta helburua honakoa izan zen: euskal kultura hedatzea, ikertzea eta Euskal Herriko hainbat arazorentzako irtenbideako topatzea.

    Nafarroako ordezkariek proposatuta, egoitza Donostian jartzea erabaki zuten, izan ere, "Euskal Herriko hiriburuen artean zentrikoena zen eta iristeko errazena zen". Eta horrela sortu zen erakunde hau, hain zuzen ere, euskal kulturaren modernitatearen hsiera ekarri zuen erakundea, eta egun 100 urteren ondoren Miramar Jauregian bere jarduera garatzen jarraitzen duen erakundea. 

    Eusko Ikaskuntzak euskal kulturari egindako ekarpena eta kultura unibertsala Euskal Herrira hurbiltzeko lana izugarria izan da mende osoan zehar. Gaurko Euskal Herria ulertzeko oinarri sendoak ezarri ditu. Eta gainera, elkarte honek hasieratik izan du Donostiako Udalaren laguntza. Hala, donostiar asko izan da Eusko Ikaskuntzaren bidelagun, eta Udala bazkidea da hasiera- hasieratik, eta elkarteak berak garatutako hainbat jarduera hartu eta babestu ditu.

    Eusko Ikaskuntzak meritu asko ditu, eta horien artean honakoa dago: Euskaltzaindia Euskararen Akademia sortzeko bilera eta lan guztiak egitea -  ikastolen sorreran aitzindari izan ziren Miguel de Muñoa eta Elbira Zipitria elkartearen bazkide izan ziren -.

    Halaber, Foru Aldundiaren egoitzan Euskal Liburutegia ezarri zuen, eta bertatik bi lan ildo ezarri zituen: Euskal Unibertsitatea eta autonomia politikoa. Horrenbestez, 1927an Donostian Unibertsitate mailako Udako Ikastaroak hasi zituen, eta Euskal Unibertsitatearen lehendabiziko urratsak egiten hasi zen 1932ean, Donostiako Ikasketa zientifikoen zentroa sortuz.

    Gainera, Eusko Ikaskuntzak, besteak beste, sustatu zuen euskarazko antzerkia, eta esfortzu handia egin zuen emakumeak kulturaren eta zientziaren arloan barneratzeko. 

    Gerra Zibilak eta diktadura frankistak eten zuten Eusko Ikaskuntzaren ibilbidea eta debekua ezarri zioten bere jarduerari. Behin diktadura amaituta, Eusko Ikaskuntzak 1978ean lanean jarraitzeko konpromisoa berretsi zuen, eta Donostiako egoitza euskal ikaskuntzen eta ikerketen gune bihurtzeko erabakia hartu zuen. Ordutik hona, Eusko Ikaskuntza gure herriaren historia kulturalean mugarri izan diren gertaera askoren eragile izan da, eta horien lekuko izan dira Donostia eta donostiarrak.