• 06 AZA 18

    Europa guztiko alkateek gizarte kohesiorako kulturaren papera aldarrikatu dute

    Donostiako alkate Eneko Goia eta Europar hiriburutzako zinegotzi Miren Azkaratek Kultur Hiriburuetako Alkateen lehen Konferentzian parte hartu dute, Florentziako Palazzo Vecchion. Bertan, bildutako hiriek sare moduan egituratzea ebatzi dute, eta bi urtean behin topaketa antolatzea erabaki dute.

    Europako Kultur Hiriburu izan diren edo izango diren 50 hirietako ordezkariek Europako kultur politikak “indartu eta sustatzeko" beharra aldarrikatu dute gaur Florentzian onartutako adierazpenean, politika horiek baitira “gizarte kohesioa indartzeko” eta Europako kultur ondarea mantentzeko biderik eraginkorrena.

    Jardunaldi honetan, Europar Batasunak egun martxan dituen kultur politikak aztertu dira. Hala, parte hartzaile guztiak bat etorri dira egungo momentu politikoa erabakigarria dela Europarentzat eta, zentzu horretan, berebiziko garrantzia eman diote kultur politikak indartzeari, horrek lagundu dezakeelako europar batasunaren proiektuan gizarte egituraketa indartzen. Bide horretan, Florentziako batzarrean elkartutako hiriek dei egin diete estatuei eta erregioei kultur politikak benetan indartzeko “baliabide eta diru gehiago” bideratuz.

    Gaur onartu den adierazpenean, hiri sinatzaileek diote Kultur Hiriburuaren tituluak “onura handiak” ekar liezazkiokeela dagokion hiriari, “batez ere, kultur politikak epe luzeko estrategia baten parte direnean”. Horrexegatik, hiriek konpromisoa hartu dute “gure aniztasun eta kultur ondareari eusteko”, eta kultur politikak guztien “udal agendatan lehen lerroan egon daitezen”.

    Goi-bileraren erabakien artean, hiri guztiek adostu dute nazioarteko sare bezala osatzea, eta bi urtean behin Kultur Hiriburu izan den edo izango den hiri batean elkartea.

    Donostiako esperientzia 

    Bilkuran, Donostiak 2016an Kultur Hiriburu bezala izandako bizipena eta esperientzia azaltzeko aukera izan du, Rjeka eta Dublinekin batera. Hala, Eneko Goiak gogoratu du nola  sortu zen “bizikidetzarako kultura” kontzeptua, oraindik ere ETAren jarduera armatua indarrean zegoenean. Hiriburutzaren urtean, berriz, ETAk ekintza armatuak bertan behera utzita zituen, eta gizarte zein politikako giroa oso bestelakoa zen.

    Goiak gogoratu du Donostiako Hiriburutzako programa eta saio askok gizartearen bizikidetza hobetzea zutela helburu, baita gizartearen parte hartzea sustatzea giroaren baretzean eta bizikidetzaren hobetze horretan ere. Horren harian, hiru adibide jarri ditu: terrorismoaren eta bortizkeriaren biktimak oroitzeko "Adiorik gabe" ekimena; gerraren aurkako Stop War Festibala, eta Bake Ituna erakusketa.

    Oraindik ere perspektiba hobea izateko denbora gehiago behar den arren, Donostiako alkatea sinistuta dago Hiriburutzaren esperientzia “ona izan zela Donostiarentzat, lagundu egin baitu gure bizikidetza hobetzen, eta gure gertuko iragana ahaztu gabe, esan genezake Donostia gaur itxaropen hiria dela”.