• 10 URR 18

    PP eta EH Bilduk ez dira gai izan Foru Gobernuak aurkeztutako proiektuari, testu edo proposamen alternatiborik aurkezteko

    Gipuzkoako errepide sareko zati jakin batzuetan arituko diren ibilgailu astunek ordainduko duten kanona arautuko duen Foru Arau berriak berme juridikoa eta gipuzkoaren interes orokorra bermatuko du

    “Guztiok gara jakitun, gipuzkoar gaitasun handiko errepide sarearen artapen lanek eragiten duten kostuaz. Gipuzkoar guztiok gure zergen bitartez ordaintzen duguna. Horregatik, aipatu gastua arindu asmoz, Foru Gobernuak hasiera hasieratik egin zuen garraio astunari ordainsaria ezartzearen alde”, adierazi du Maria Eugenia Arrizabalagak EAJ-PNV batzarkide taldeko bozeramaileak Gipuzkoako errepide sareko zati jakin batzuetan arituko diren ibilgailu astunek ordainduko duten kanona arautuko duen Foru Arauaren inguruan, gaur egindako Osoko Bilkuran.  “Gurera ekarri nahi izan dugu – jarraitu du – Europako legeriak gai honen inguruan ezartzen duen “erabilerarengatik ordainketa” printzipioa, garraio astunak gure errepideetan sortzen duen kaltearen erantzule izan dadin hein batean”.

    “Foru Arau berriak – esan du Arrizabalagak – berme juridikoa eskainiko digu. Foru Arauaren hainbat arlotan berrikuntzak ezarri dira, ustezko “zeharkako diskriminazio” interpretazioak ekiditeko, apirilean emandako epaian jasotakoak bezala”. “Urtarriletik hona sistemaren martxak – adierazi du – errealitatean gertatzen diren trafikoen informazio zehatza eskura jartzen digu, eta ondorioz, arau berriak zehatzago erantzungo dio, gure iritzian (eta iritzi hau Europar komisioarekin eta Aldundiko zerbitzu juridikoekin bat dator) irizpide okerretan oinarritutako interpretazioei”.  “Azken finean – azpimarratu du – Foru Arau berriak, auzitegiek egin zezaketen interpretazio orori zehatzago erantzungo dio”.

    Bozeramaile abertzalea oposizioari zuzendu zaio esanez, “PP eta EH Bilduk osoko zuzenketa aurkeztu besterik ez dute egin. Foru Gobernuak aurkeztutako proiektuari, testu edo proposamen alternatiborik aurkezteko ez dira gai izan . Argi dago – berretsi du – oposizioak ez duela proposamenik, Foru Gobernuaren jarduera eta eraginkortasunari aurre egiteko”.  

    “Kuriosoa da orain bi urte, ganbera honetako talde politiko guztiok egoki ikusten genuena garraio astunari N-1ean ordainsaria ezartzea alegia, orain aldiz ez dugun ala ikusten. Aldundiak behin baino gehiagotan balioan jarri nahi izan du 2016an lortutako adostasun maila, epela izan bazen ere, EH Bildu eta Podemosen abstentzioaz”. “Ez da egia – azpimarratu du Maria Eugenia Arrizabalagak –EH Bilduren azken argumentua: Foru Gobernu honek ez duela EH Bildurekin adosteko inongo asmorik. Guztiz kontrakoa, oposizioko taldeak dira, hauteskundeak hurbildu ahala alderdikeriaz jokatuz zerbait lortuko dutelakoan zain, Foru Gobernuaren jarduerari boikota egitea asmo bakarra duen politikak ezartzen dituztenak. Baina horretan ere, ez dute asmatu”.