• 14 IRA 17

    Espainiako Estatuaren estrategia bakarra herri borondatea itotzea da

    Joseba Egibar GBBren presidentearen ustez, Kataluniako herritarrek elkarrizketarako borondatea erakutsi dute, baina PPk eta PSOEk aukera guztiak agortu eta, aldiz, “neurri judizial, polizial eta politikoak” erabili dituzte

    Joseba Egibarren aburuz, Alderdi Popularra berandu eta gaizki iritsi da espainiar Estatuak dauzkan arazoen konponbidera, izan ere, “zazpi urte igarota, PPk, PSOEren laguntzarekin, ez du konponbiderik proposatu eta ukazioan zurrundu dira, Espainia eta bere sistema demokratikoa egoera makalean utzi arte”.

    Ordezkari jeltzaleari elkarrizketa egin diote Radio Euskadin. Bertan adierazi duenez, “ezetzaren” joerari erantzun nahian dabil Katalunia, eta ondorioztatu du proposamenak egiteko aukera dagoenean –Mariano Raxoiri erreferentzia eginez-, erantzun judizial-polizial-politikoak baino ez dituela ematen. “Egoerak ez du itxura onik”. “Kontsulta legez kanpokoa dela diote, baina beraiek badakite Lege barruan eta joko demokratikoan, borondate politikoa baldin balego eta interpretazio egokiaz, posible litzatekeela kontsulta bat adostea, kontsulta-erreferendum bat. Loteslea litzatekeen kontsulta, berehalako ondoriorik izango ez balu ere. Konstituzioa aldatu aurretik, herritarrei galdetu beharko litzaieke, eta Raxoik horretarako tresna eduki bai, baina ez du erabili”, esan du Egibarrek.

    GBBko Presidenteak Arnaldo Otegiri ere erantzun dio, asteazkenean Euzko Alderdi Jeltzaleari eskatu baitzion noren alde egin erabaki zezan: Goardia Zibilaren edo Kataluniaren alde. Egibarrek erantzun du EAJ euskal herriarekin eta katalanarekin dagoela. “Gezurra da PP eusten ari garela. Ez da egia. Aurrekontuen eremuan baino ez daukagu akordioa. Azaldu egin dugu, eta zehatz ezagutarazi diogu euskal gizarteari. Ez dago besterik. Gainera, gaur gaurkoz ez lirateke akordio hori berritzeko baldintzak beteko, printzipio demokratikoen errespetuaren muga igarotzen ari baita PP”.