• 02 MAI 18

    Eskualde mailan jarduera ekonomikoa sustatuko du Aldundiak 1,2 milioi euroko deialdi berriarekin

    Gipuzkoaren sustapen ekonomikoa eskualdeen ikuspegitik bultzatzeko dirulaguntza deialdiak onartu du Diputatuen Kontseiluak, garapen agentziei zuzendua eta 1,2 milioi euroz hornitua. Lehenbiziko aldiz onartu da berariaz eskualde garapenera zuzendutako laguntza deialdi berezia; gainera, foru inbertsioa 373.000 euroz handitzen du deialdiak eta bi lerro berri zabaltzen ditu, errekuperazio ekonomikoa egonkortzeko eta luralde osoaren eta eskualdeen ikuspegia uztartzeko.

    «Gipuzkoan lurralde kohesioa, aberastasunaren sorrera iraunkorra eta pertsonen ongizatea sendotu nahi ditugu laguntza hauen bitartez, eta horregatik bereziki enpresa txiki eta ertainetara eta enplegua sortzera bideratuta daude», azaldu du Imanol Lasa foru bozeramaileak.

    Hiru atal ditu deialdiak: Alde batetik, 830.000 euro xedatuko dira eskualdeetan eraldaketak bultzatzeko proiektuetara, eskualdeen lehiakortasun abantailak ahalbidetzearren. Besteak, beste, kontuan hartuko dira enpresen lehiakortasuna eta iraunkortasuna bermatzeko ekintzak, sektore ekonomiko helduak birformulatzeko ekintzak eta, halaber, negozio aukera berriak sortzeko ekintzak etorkizuneko sektore desberdinetan; esaterako, ekonomia zirkularrean, sorkuntza industrietan, biozientzia eta osasun arloan, zibersegurtasunean edo zahartzaroaren zaintzan; horiek guztiak, hain zuzen ere, Etorkizuna Eraikiz programa estrategikoaren arreta guneak dira.

    Bestetik, bi laguntza lerro berri sortu dira: bat, ingurune kolaboratiboak sustatzeko proiektuei zuzendua, 150.000 euroko zuzkidura duena; eta bestea kalitateko enplegua sustatzera zuzendua, 220.000 euroko zuzkidura duena. Biotako lehenbizikoan, lankidetza eta ikaskuntza kolektiboa diseinatzeko eta bizkortzeko laguntzak emango dira, eta interes partekatua izan dezaketen enpresa eta agente ekonomikoei zuzenduta egongo dira.  Bigarrena, berriz, kalitateko enplegua sortzeko dinamika endogenoak bultzatuko dira, eskualde bakoitzaren indarguneak sendotuz eta, hartara, horietan dauden langabezia tasak murriztuz.

    Orain arte, eskualde garapena zen Gipuzkoako egitura ekonomikoa laguntzeko programak zuen sei lerroetako bat, eta horren barruan 826.620,75 euro xedatu ziren 11 eskualdetan zeuden 20 proiekturentzat. Oraingoan, ordea, berariazko deialdia egitea ikusi da egokiena, eta irismen handiagoa ematea, izan ere «uste dugu lurralde kohesioa funtsezko elementua dela Gipuzkoaren aurrerabide ekonomiko eta sozialerako. Eskualdeek zeresan handia dute gure lurraldearen etorkizuna eraikitzeko prozesuan, eta, horregatik,  deialdi honek eskualdeetara zuzendutako baliabideak jartzen ditu, eragile ekonomikoen arteko lankidetza, esperimentazioa eta berrikuntza sustatzearren». 

    Laguntza hauek lurralde estrategia batean kokatzen dira, eta helburu dute «enpresa eta enplegu gehiago eta hobeak izatea, ekonomia produktiboaren alde eginez -batik bat gure sektore estrategikoetan- eta aberastaun sorkuntza iraunkorra sendotuko duten jarrera enpresarialak eta sozialak sustatuz. Eta hori egin nahi dugu, gainera, industria aurreratua, gizarte ekintzailea eta lurralde kohesioa elkarrekin uztartuz», adierazi du Lasak.

    Deialdi berriaren bidez, Gipuzkoako Foru Aldundiak enpresak bultzatu nahi ditu, enpresen eskaintza beren lehiakideekiko positiboki bereiziz, enpresa txiki eta ertainen beharrak eta aukerak lehenetsiz, eskualde bakoitzak behar izaten dituen profil produktiborako ezagutza egokiak sustatuz eta eskualde bakoitzeko enpresa sareen eta ezagutzaren eragileen arteko loturak indartuz. «Ezin dugu ahaztu zer pisu duten enpresa txikiek eta ertainek gure lurraldean, Gipuzkoako Barne Produktu Gordinaren % 23 osatzen baitute, 74.000 pertsona enplegatzen baitituzte eta beren ekoizpenaren % 83 esportatzen baitute», esanez amaitu du.

    Adinekoentzako plaza berriak

    Bestalde, Kontseiluak erabaki du Aldundiak hainbat entitaterekin dauzkan elkarlan hitzarmenak indartzea, mendekotasuna duten adineko pertsonentzako plazen eskaintza hobetzen jarraitzeko, dagoen eskariari erantzuna emate aldera. Hala, Irunen –Betharram zentroa-, bi plaza berri kontzertatuko dira perfil psikogeriatrikoa duten pertsonentzako; Andoainen eta Donostian, buruko gaixotasuna duten pertsonentzako egoitzako bost plaza berri eskainiko dira -4 eta 1, hurrenez hurren-; eta, azkenik Deba Erdia eskualdean eguneko zentroko plazen eskaerari aurre egiteko, bost plaza berri jarriko dira martxan Soraluzeko eguneko zentroan.

    12 plaza gehiago dira guztira, 128.000 euroko inbertsio gehigarria ekarriko dutenak, eta maiatzaren 2tik aurrera prest egongo direnak. Horiekin, legealdian 300 plaza berri eskaintzeko helburuan urratsak egiten jarraitzen du Aldundiak. Biztanlegoaren zahartzeari aurre egiteko martxan jarritako estrategia “integralaren” barruan kokatu du Lasak erabakia, eta egoitzetako eskaintza hobetzeaz gain, beste hainbat neurri aipatu ditu, hala nola mendekotasun diru-laguntzak indartzea, babes produktuak eta etxeko arreta hobetzea, eta AdinBerri estrategiak ekarriko duen esperimentazio eta ikerketaren aldeko apustua. Gogoratu behar da zahartzearen eta mendekotasunaren esparruan erreferentziazko zentroa erakiko dela Pasaian.

    Gaur egun, 49.000 lagun baino gehiago daude Gipuzkoa 80 urtetik gora dauzkatenak, 2000. urtean halako bi. Eta 2026an 56.000 izango dira, hau da orain baino 7.000 gehiago. “Bizi itxaropenak hazten jarraitzen du eta hori albiste ona da, baina ezin dugu gizartearen zahartze prozesuak dakartzan erronka ugarien aurrean ezikusiarena egin. Izan ere, urte gehiago bizitzeaz gain, bizi kalitateari eutsi nahi diogu. Eta hori denoi dagokigu”.