• 30 AZA 18

    Errenteriarren egungo eta etorkizuneko beharrei erantzunik egokiena ematea helburu izanik, 14 zuzenketa proposamen aurkeztu dizkie EAJ-PNVk 2019ko aurrekontuei

    Udal gobernuak “Hostel” izateko eraberritzea aurreikusten duen Erdiko kalea 11 eraikinaren erabilera erabakitzeko parte-hartze prozesu bat egitea proposatu dute jeltzaleek, errenteriar guztiona den eraikin bat izanik eta berau birgaitzeko behar den inbertsioa kontutan hartuta, bere erabilera errenteriar guztion artean erabaki beharreko kontua dela diote jeltzaleek.

    Udal gobernuak 19rako aurkeztutako aurrekontu proposamena aztertu ondoren,  EAJ-PNVren udal taldeak, aipatu aurrekontuak hobetze aldera, 14  zuzenketa proposamen aurkeztu ditu.  Kontu-hartzaileak, proposamenak aurrekontuetan txertatzeko eragozpenik ez du ikusi eta horiek aurrekontuetan txertatzea erabaki politikoa litzatekeela jaso du bere txostenean, jeltzaleak, beraz, akordioetara heltzeko prest daude. EAJ-PNVk egungo 3 kontu-sail handitzea eta beste 11 berri sortzea proposatu dute.

    Erdiko kalea 11 eraikinaren erabilera erabakitzeko parte-hartze prozesua

    Joan den urtean, Errenteriako Udalak, Erdiko kalea 11 eraikina eskuratu zuen, alde zaharrari bultzada bat emateko asmoz. Udal gobernuak, bere aurrekontu proposamenean, eraikin hori “Hostel” bihurtzeko 550.000 euroko kontu-sail bat jaso du. Errenteriar guztiona den eraikin bat izanik eta berau birgaitzeko behar den inbertsioa kontutan hartuta, EAJ-PNVren iritziz, aipatu eraikinaren erabilera errenteriar guztion artean erabaki beharreko kontua da. Hori dela eta, 2019ko aurrekontutik eraikina birgaitzeko kontu-saila kentzea eta honen erabilera erabakitzeko parte-hartze prozesu bat egitea proposatu dute jeltzaleek.

    Ingurumena, hirigintza eta hiri mantenua

    Ingurumenean eta hiri mantenuan dauden kontu sail batzuetan diru kopurua igotzea eta berri bat sortzea proposatu du EAJ-PNVk. Dagoeneko publikoki adierazi duten bezala, haurrentzako jolas parkeak, oro har, nahiko utzita daudela ikusirik, horiek berritzeko kontu-saila 20.000 eurotik 90.000 eurotara igotzea proposatu dute.  Hiri altzariak, paperontziak, eserlekuak eta abar jasotzen dituen kontu-sailean ere 23.000 euroko igoera proposatu dute.

    Aurtengo aurrekontu proposamenean udal gobernuak kotxe elektrikoentzako karga punturik ez jasotzea erabaki du. Erabakia ez da batere zuzena jeltzaleentzat, izan ere, EAJ-PNVren iritziz, “erregai fosilen inguruko eztabaida kontutan hartuta, kotxe elektrikoak ugaritzen hastea ez da jada etorkizun urruneko kontu bat, gero eta hurbilago dugu eta ezin dugu denborarik galdu”. Horregatik proposatzen dute kontu-sail hori joan den urtean bezala mantentzea, gutxienez beste karga puntu bat egiteko, baina baita kontu-sail berri bat ere, gure herrian karga puntuak jartzeko azterketa orokor bat egiteko, etorkizuneko beharrei aurre egiteko gai izan gaitezen.

    2016an jeltzaleek proposatutako proiektu bat aurrera eramateko ere eskatu du EJ-PNVk kontu-sail bat, Iztietako autobus geltokia handitzeko, hain zuzen ere.  Izan ere, honen espazio gabeziak zirkulazio arazo larriak eragiten ditu Nafarroa Etorbidean, bereziki puntako orduetan. Geltoki honetan bi autobus soilik sartzen dira, beraz, bi ibilgailu baino gehiago egonik aldi berean, autobusek galtzadaren zati bat hartu behar izaten dute beren geldialdia egin ahal izateko, Nafarroa Etorbideko trafikoa oztopatuz. Honek arriskuak eta zailtasunak eragiten dizkie baita garraio publikoaren erabiltzaileei, izan ere, sarritan erabiltzaileek autobusera galtzadatik igo behar izaten dute espaloitik igo ordez.

    Etxebizitzarako sarbidea erraztea

    “Etxebizitzaren arazoari guztion artean irtenbidea emateko eskua luzatu genion udal gobernuari, baina ez da geroztik honen inguruan elkarrizketarik izan. Arazo hau bereziki larria da diru sarrera urrienak dituztenen kasuan, etxebizitza bat erosteko aukerarik ez eta oso garesti dauden alokairuak ordaintzera bideratu behar izaten baitute beren diru sarreren zati handi bat” diote jeltzaleek.  Horregatik aldarrikatzen dute jeltzaleek, beste behin ere, etxe bizitza hutsak alokairu sozialerako mobilizatzera bideratutako kontu-sail baten beharra. “Bizigune alokairu babestuko bigarren eskuko etxebizitzen programa sustatuz, gure herrian Etxebiden izena emanda dauden alokairuzko etxebizitzen eskatzaileek, aukera gehiago izango lituzkete beren neurriko alokairuko etxebizitza bat eskuratzeko. Programa honetan sartzeko, etxebizitzek eskakizun batzuk bete behar dituzte eta sarri, hutsik egon diren etxebizitzek egokitzapenak behar izaten dituzte. Egokitzapen horiek diruz laguntzeak, etxe bizitza huts ugari merkatu honetara ateratzea sustatuko lukeela iruditzen zaigu” azaltzen du EAJ-PNVk.

    Ekonomia suspertzea eta gizarte ongizatea

    Herriko merkataritzan kontsumitzea sustatzeko joan de urtean aurkeztu zuten proposamenari ere eutsi diote jeltzaleek. Kontu-sail honek helburu du herriko merkataritza oro har sustatzea, izan ere, belaunaldi berriak, bizimoldeen aldaketaren eraginez, kontsumo eta elikadura ohitura desberdinak hartzen ari dira eta EAJ-PNVk beharrezko ikusten du Udalak, azalera handien aurrean, herriko merkataritza txikia bultzatzeko esfortzu bat egitea, merkataritza mota honek ematen baitie bizitza gure herriko kale eta auzoei.

    Ildo beretik, jeltzaleek, aurten ere, merkataritzan eta ostalaritzan kontratazioak egiteko diru-laguntza lerro bat ezartzea proposatu dute. Honek helburu bikoitza izango luke, batetik, merkataritza eta ostalaritza indartzea eta, bestetik, enplegua sortzea.

    Gizarte zerbitzuetako eskubide subjetiboen karterari kontu-saila bideratzea ere proposatu du EAJ-PNVk, Udalaren eskumen diren zerbitzuei aurre egin ahal izateko: pertsona helduentzako tutoretzapeko apartamentuak, gizarte bazterkeria arriskuan dauden pertsonei arreta… “Hori dena posible izan dadin bitarteko gehiago jarri beharra dago gizarte zerbitzuen eskura” diote jeltzaleek.

    Zahartze aktibo baterako politiken beharra ere txertatu dute jeltzaleek beren proposamenetan, udal hauteskundeetako programan jaso zuten bezala. “Gero eta zaharragoa den gizarte honetan, ezinbestekoa da helduenak autonomo eta aktibo izaten laguntzea. Ildo horretan proposatzen duten kontu-sailak ekintza desberdinak diruz hornitzeko balioko luke, Euskadi Lagunkoia programan parte hartuz herri lagunkoiago bat sustatzeko, hirugarren adinekoengan ariketa fisikoa bultzatzeko programak sustatzeko edota bakarrik bizi diren adinekoen etxeetan ke detektagailuak jarriaz, adinekoen eta horien bizilagunen segurtasuna bermatzeko , esaterako” azaldu du EAJ-PNVk.

    Euskara eta berdintasuna zehar-lerro bezala lantzea

    Jeltzaleek euskara eta berdintasuna herriko elkarteekin zehar-lerro bezala lantzeko kontu-sail bana ere proposatu dituzte. Gure herria ehuntzen lan bikaina egiten duten elkarte ugari ditugu, kirol, kultura eta esparru anitzetakoak eta horiekin elkarlana beharrezkoa da jeltzaleen ustez euskara eta berdintasuna gure herriko hainbat esparrutan zehar-lerro bezala lantzeko.

    Euskararen erabilerari dagokionez, joan den urtean proposatutako kontu-sail bat aurkeztu dute berriro ere jeltzaleek, merkataritza eta ostalaritzari espresuki zuzendutako euskara ikastaroak hornitzeko kontu-saila, hain zuzen ere. EAJ-PNVren iritziz  “pertsona horiei espezifikoki, baina baita lanbide horiei espresuki zuzendutako euskara ikastaroak eskaintzea beharrezkoa da gure paisaia euskaldundu nahi badugu”.