• 22 EKA 18

    Errenteriako EAJ-PNVK “haur eta nerabeen transexualitatea ulertuz” hitzaldia antolatu du

    Errenteriako jeltzaleen lehendakari den Elixabete Muruaren hitzetan “aspaldian genuen buruan haur eta nerabeen transexualitatearen inguruko hitzaldi bat antolatzea eta ekainaren 28ko asterako, hau da, besteak beste kolektibo honen eskubideen nazioarteko eguna ospatzen den asterako antolatzea egokia iruditu zitzaigun

    “Bistan da oraindik ere ekainaren 28a bezalako aldarrikapen egunak ospatzea beharrezkoa dela, aldarrikapen egun honek, martxoaren 8ak emakumeen kasuan egiten duen bezala, kolektibo honek jasaten dituen eskubideen urraketak eta erabateko berdintasuna lortzeko oraindik egiteko dagoen lana bistaratzeko balio baitu” jarraitu du Muruak.

    “Gure gizartean, Euskal Herrikoan, nahiz Europakoan oro har, sexu joera desberdinetako pertsonak daudela normaltasunez onartzeko bidean aurreratu dela uste dugu, nahiz eta munduko leku askotan oraindik egoera oso zaila dela argi dagoen, eta horretan ezinbestekoa izan da LGTBI kolektiboaren borroka, baina baita gizarte osoarena ere. Pertsona guztien eskubideekiko guztion errespetatua lortzea gizarte guztiaren borroka da noski eta hori lortu arte borrokan jarraitu beharra dago. Sexu identitate aniztasunari dagokionez, ordea, uste dugu gizarteak ez duela bizi sexu identitate aniztasuna, sexu joera aniztasuna bizi duen adinako normaltasunarekin. Guztietan dago oraindik bidea egiteko, baina sexu identitate aniztasunaren inguruan oraindik bide luzeagoa egiteko daukagula uste dugu” azaldu du buruzagi jeltzaleak.

    “Transexualitatea ezagutzea eta ezagutzera ematea beharrezkoa dela uste dugu, ezagutzen ez dena ezin baita ulertu eta ulertzen ez dugunarekin enpatizatzea zaila baita. Hori bereziki garrantzitsua iruditzen zaigu haur eta nerabeen kasuan, bizitzan babes berezia behar dugun momentu horietan, ulertua izatea beharrezkoa baitugu gure nortasuna askatasunean garatzeko. Horregatik jarri ginen Chrysallis Euskal Herriarekin kontaktuan, gure herrian gaiaren inguruko ezagutza zabaltzeko asmoz, transexualitatea gertutik bizi ez dutenek ezagutzaren bidez enpatizatzeko eta zuzenean bizi dutenek beren zalantzak argitu ahal izateko” argitu du Elixabete Muruak.

    Errenteriako EAJ-PNVk, beraz, “Haur eta nerabeen transexualitatea ulertuz” hitzaldia antolatu du, Chrysallis Euskal Herriaren laguntzaz eta bertako kidea eta sexologoa den Aingeru Mayor izango da hizlari. Mayorrek, gainera, sexologo gisa duen ikuspegiaz harago, transexualitatea gertutik bizi duen pertsona gisa ere bere esperientzia partekatuko du, haur transexual baten aita da eta.

    Hitzaldia ekainaren 27an izango da, asteazkena, 19:00etan Reina Aretoan. EAJ-PNVko kideek, errenteriarrak animatu dituzte bertaratzera eta Aingeru Mayorri entzunez ulertzera. “Eskerrak eman nahi dizkiogu Aingeru Mayorri berari eta baita Chrysallis Euskal Herriari, gure gonbitea onartzeagatik eta gure herriarekin beren ezagutza partekatzeagatik. Ziur gaude hitzaldia oso interesgarria eta aberasgarria izango dela eta etortzen diren errenteriarrek beste ulermen bat izango dutela gaiaren inguruan hitzaldia entzun ondoren” amaitu du Muruak.