• 28 API 17

    Errenteriako EAJ-PNVk, Batzokian egindako pintadak salatu ditu eta jarrera hauek bizikidetza normalizatu bat eraikitzea eragozten dutela adierazi du

    Horrelako erasoek jasaten dituztenei eragiteaz gain, gizarteari oro har eragiten diote, gizartearen gehiengoak errespetuzko bizikidetza baten aldeko apustua egin eta biolentzia eta jazarpen jarrerak baztertzen baititu. Guk geure bideari diogu, bakearen, bizikidetzaren eta errespetuaren bideari, iraganera garamatzaten ekintza koldarren beldurrik gabe.

    Errenteriako EAJ-PNVk, prentsa ohar bidez, bart gauean Batzokian egindako pintadak salatu ditu. EAJ-PNV “egoeraren erantzule” jotzen duten pintadak anonimoki eta gauez egin dira, jeltzaleek diote, beraz, ezin dutela jakin ez nork ez zein “egoeraren erantzule” egiten dituzten.

    “Lehen ere jasan izan ditugu horrelako erasoak Errenterian, eta azken aldian beste zenbait herrietako Batzokietan ere jasan dituzte, ez da, beraz, ezer berria, baina jarrera hauek ez dute inola ere bizikidetzaren eraikuntzan laguntzen, ezta ere inongo egoerarik konpontzen” adierazi dute EAJ-PNVko kideek.

    “Garai berri bat hasi dugu, biolentziaz betetako urteak atzean geratu dira, baina kezkagarria da oraindik ere batzuk barneratuta daukaten biolentzia” diote jeltzaleek “ez dugu ulertzen zein den pintada hauen helburua, ez zaigu iruditzen egoeraren konponbidea bilatzea denik, pintada anonimo batzuk ez dira eta egoera bat konpontzeko bidea”. “Helburua beldurra sortzea bada, gaur, lehen bezala, ez dute zer eginik. EAJ-PNVko gizon-emakumeok argi dugu gure helburua herria eraikitzea dela eta horretan jarraituko dugu lanean, bakean eta errespetuan oinarritutako bizikidetza bat dugu helburu, edozein gai era baketsuan, errespetuz, aurrez-aurre , erasorik eta mehatxurik gabe eztabaida daitekeen gizarte bat, alegia” jarraitu dute.

    Jeltzaleek diote, horrelako erasoek ez diotela soilik jasaten dutenei eragiten, EAJ-PNVren aburuz, gizarteari oro har eragiten diote. “Euskal gizartearen gehiengoak bizikidetza eta errespetuaren aldeko apustua egin du eta iraganean mina eta sufrimendua besterik eragin ez duten biolentzia eta jazarpena baztertu ditu” adierazi dute EAJ-PNVko kideek “horregatik, guk geure bideari eutsiko diogu, bakearen, bizikidetzaren eta errespetuaren bideari, iraganera garamatzaten eraso koldarren beldurrik gabe”.