• 06 MAR 19

    Errenteriako EAJko emakumeok bat egiten dugu, martxoaren 8rako mugimendu feministak deitutako mobilizazioekin

    Errenteriako EAJ-PNVren udal taldeko emakumeek planto egingo dute eta Errenteriako emakumeak grebara atxikitzera eta mobilizazioetan parte hartzera animatzen dituzte, betiere beren erabakitzeko askatasuna errespetatuz eta grebarik ez egitea erabakitzen duten horiek bestelako mobilizazioetan ahal duten neurrian parte hartzera animatu dituzte.

    Errenteriako EAJ-PNVk bere atxikimendua adierazi nahi  izan du martxoaren 8an mugimendu feministak antolatutako mobilizazioekin. Halaber, adierazi nahi izan dute, emakumeen borroka gizarte guztiaren borroka dela, kolektibo baten eskubideak aldarrikatzea gizarte guztiaren eskubideak aldarrikatzea delako. “Zenbaitek eztabaidagai bihurtu nahi dituzten eskubide horiek ez dira inola ere eztabaidagarriak, emakumeok gure eskubideen defentsan egindako aurrerapausoetan ez dugu atzera pauso erdi ere eman behar eta gizarte parekide baten alde lanean jarraituko dugu” adierazi dute jeltzaleek.

    Errenteriako EAJ-PNVren udal taldeko emakumeek planto egingo dute eta Errenteriako emakumeak grebara atxikitzera eta mobilizazioetan parte hartzera animatzen dituzte. “Errenteriako EAJ-PNVren udal taldeko emakumeok planto egingo dugu eta emakumeak, oro har, greba egitera animatzen ditugu, baina norbanako bakoitzaren egoera eta erabakiak errespetatuz eta arrazoi desberdinak medio grebarik ez egitea erabakitzen duten emakumeak, ahal duten neurrian, mobilizazioetan parte hartzera animatzen ditugu” diote emakume jeltzaleek.