• 15 API 19

    Errenteriak gobernantza eredu berria behar du, eraginkorragoa eta parte hartzaileagoa

    Alkategai jeltzaleak bost proposamen aurkeztu ditu, Errenterian gobernantza eredu integrala sortzeko eta herritarren partaidetza hobetzeko, ondoan izan duela Imanol Lasa diputatua.

    Gaur Maite Peña Errenteriako EAJren alkategaiak nabarmendu duenez, Errenterian legealdi honetan herritarren arretan “aurrerapauso bat” egin bada ere, “oraindik asko dago egiteko”. “Gure ustez, Errenteriak Gobernantza eredu berria behar du, estrategia integrala eskatzen duena, besteak beste honako hobekuntzak proposatzen dituena: Gestio eraginkorrago bat egitea, parte hartzaileagoa eta Udalaren lan antolaketa bizi dugun garaiari egokituagoa”. “Esaterako, telematikoki tramiteak egiteko aukera garatu beharra dago; webgune eta mugikorraren bitartez tramitazioak 24 ordutan egiteko, errenteriarrek udalean dituzten espedienteen kontsulta egin dezaten. Era berean, udalaren eta herritarren Whatsapp bidezko komunikazioa ere martxan jarri behar da”.

    Gaur eguerdian, Peñak Errenteriako EAJ-PNVk dituen 5 proposamen aurkeztu ditu, bertan Gobernantza eredu irekia garatzeko eta herritarren partaidetza hobetzeko, ondoan izan duela  Imanol Lasa, Gipuzkoako Foru Aldundiko bozeramaleak eta Gobernantza eta Komunikazio diputatua.

    Peñak adierazi due legealdi honetan “positiboa” izan dela “ZU! Zure Udala” herritarren arreta zerbitzua jarri izana, eta oposiziotik “hainbat ekarpen” egin dizkiotela zerbitzu hori arautzen duen ordenantzari. “Adibidez, lortu dugu herritarrek aukera izatea bertan dokumentuak konpultsatu ahal izateko, kanpoan egin behar izan gabe”. Dena den, gehitu du aipatutako udal zerbitzuak oraindik “asko duela hobetzeko”.

    Imanol Lasak azpimarratu duenez, “gobernantza berrian lanean ari gara, publikoa dena modu berri batean kudeatzeko, askoz modu irekiagoan, kolaboratiboan eta gardenagoan”. “Momentu honetan, euskal administrazioek, For Aldundiak barne, erronka handia dugu herritarren behar berriei arreta emateko eta garai berriak kudeatzeko. Izan ere, ez dezagun ahaztu langile asko aurretiko erretiroa hartzen ari direla, eta horren ondorioz langilek profil eta konpetentzia berriak izan beharko dituztela. Aldi berean, herritarrek ere nahi du batera parte hartu eta sortu”, gogorarazi du Lasak, zeinaren ustez Errenteria lurraldean “erreferente bat” den aldetik, gobernantza berri horren partaide izan behar den”.

    Bestalde, adierazi du gobernantza berri horren barruan dagoela Big Datarekin zerikusia duen guztia administrazio digitalari dagokionez, herritarrei “arreta hobea” emateko xedez. Zentzu horretan, argudiatu du “kudeaketa onaren” bermea EAJ-PNVk duela, administrazio berria “diseinatzen asmatu zuelako”. Eta erantsi du Maitek arlo honetan duen bide-orria laburbiltzen duten post puntu horiek “bermerik onena” direla Errenteriako gobernantza eta herritarren partaidetza “hobeak izan daitezen”.

    Peñak zehaztu du Errenteriako etorkizuneko gobernantza ereduak bost ildo hauek biltzen dituela: Lehenik, kudeaketa planifikatua bezain eraginkorra izan behar da.  Hau da,  helburuak, estrategia, ekintzak eta adierazleak izan behar ditu. Gainera, herritarrei kontu eman behar zaie, izan ere,  herritarrek zer eta nola egiten den jakin nahi dute. Zertan asmatu den eta zertan egin den huts. Oraina eta, batik bat,  etorkizuna jasotzen duen kudeaketa estrategikoa behar dute gure erakundeek”.

    Bigarrenik, herritarren parte hartzea gehiago sustatu beharra dago,  sektore eta kudeaketako atal bakoitzean zer egin behar den erabakitzeko. “Gure herriko elkarteek giza kapital oso garrantzitsua osatzen dute, eta horiek ere kontuan izan behar ditugu. Lidergo partekatuaren alde egin behar dugu”.

    Hirugarrenik, Peñak esan du Udalaren lan antolaketa bizi duen garaiari “egokituagoa egon behar dela”.  “Gaur egun dugun administrazioa 80ko hamarkadan izan zen definitua, eta orain etorkizunean izango diren erronkei egokitu beharra dauka. Esaterako, ongi kudeatu behar da pertsonalaren erretiroa, lan antolaketa berria definitu eta herritarren eskaerei erantzuna eman behar zaie. Gainera,  horren ondorioz, ahalko dugu zehaztu pertsonal berriaren profilak eta gaitasunak zeintzuk izango diren.

    EAJ-PNVk partaidetza hobetzeko laugarren ildoa izango da digitalizazio prozesua areagotzea.  “Proposatzen dugu izapide guztiak egiteko aukera izatea, 24 orduetan, edozein lekutatik, web-orriak horretara egokituta. Era berean, Big dataren aldeko hautua egingo genuke, eta bereziki Whatsapp bidezko komunikazioa abian jarri”.  Eta gaineratu du  errenteriarrek udal baliabideak (bilera gelak, aretoak) webgunetik erreserbatzeko sistema ezarriko luketela, “herritarrentzat erosoagoa izan dadin”.

    Bosgarrenik, hautagai jeltzaleak esan du Errenteria Lab ekimena martxan jarriko luketela, herri kudeaketa publikoa erreferente bihurtzeko helburuarekin. Ildo horretatik, kudeaketa aurreratua egingo genuke, ezagutza eta esperimentazioan oinarritua, herri sareak indartuz, auzolana bultzatuz eta praktika egokiak errotuz.

    Bestalde, gardentasuna hizpide, nabarmendu du “gardentasuna” bultzatuko dutela, “gure kudeaketa eta eguneko jardunaren ikur bihurtuz. Herritarrek berea den informazioa berreskuratzea ahalbidetuko dugu, Udalaren jardunaren baitako informazio guztia eskura jarriz”.

    Laburbiltzeko, Peñak esan du EAJ-PNVren programan proposatzen dituzten hainbat proiektu definitzeko “ezinbestekoa” izango dela herritarren parte-hartzea izatea, beti ere beste “erakundeekin eta gizarte ehunarekin elkarlanean”. Baina ohartarazi du parte-hartze hori “erreala” izan dadin, “bideak erraztu” eta ahalik eta herritar gehienengana “iritsi eta inplikatu behar ditugula”. Halako gaiekin, adibidez: Zumardiko aparkalekua, Agirre lehendakariaren plazako estalpea, bertako produktuen azoka berria, eta abar”. “Plan Orokorra idazteko ere ezinbestekoa izango da herritarren parte-hartzea, etorkizunerako nahi dugun herria guztion artean definitzeko”, amaitu du hautagai jeltzaleak.