• 09 OTS 16

    Enplegua eta berrikuntza izango dira Aldundiak jasoko dituen europar funtsen lehentasun nagusia

    EGEF eta EGF fondoen barruan sartuko diren proiektuak berretsi ditu Diputatuen Kontseiluak. Europaren diru ekarpena 21.370.109 eurotakoa izango da, guztira

    Diputatuen Kontseiluak onartu eta berretsi egin du Eskualde Garapeneko Europako Funtsaren (EGEF)  eta Europako Gizarte Funtsaren (EGF) finantziazioa edukiko duten Aldundiaren proiektuen zerrenda, 2014-2020 aldiari dagokion Europar Batasunaren inbertsio errondaren barruan. Aldundiaren hainbat proiektu diruz lagunduko ditu Europak, %50arekin. EGEFren barruan 18.445.109 euro emango dizkio Aldundiari, eta EGFren barruan, berriz, 2.925.000 euro (21.370.109 euro, guztira). Imanol Lasa bozeramaleak azaldutakoaren arabera, “susperraldi ekonomikoa eta enplegua bultzatzea” da helburu nagusia, “ongizate sistemaren eta politika sozialen jasangarritasuna” bermatzeko.

    Kontseiluak onartutako egitasmoetan, helburu estrategikoak, inbertsio lehentasunak eta ekintza zehatzak jasotzen dira. Hala, EGEF funtsetan Aldundiak duen parte-hartzea 12 proiektutan jasotzen da, 4 gaikako lan ildo nagusitan sailkatzen direnak: informazioaren eta komunikazioaren teknologien erabilera, kalitatea eta eskuragarritasuna hobetzea; enpresa txiki eta ertainen lehiakortasuna hobetzea; sektore guztietan karbono gutxiko ekonomia baterako aldaketa erraztea; eta ingurumena artatzea eta babestea, eta baliabideen efizientzia sustatzea.

    Aurreneko helburuaren barruan, esaterako,  Gipuzkoako E-Gobernurako zerbitzuak eta aplikazioak, eta zerga, gardentasuna, diru laguntzak, datuen trukea edo kontratazio elektronikoari lotutako plataformak martxan jartzea aurreikusten da. Bigarren atalean, berriz, enpresen sorrera babestuko da 3.689.056 eurorekin,  oinarri teknologikoko enpresa berriei erreparatuz bereziki (OTEB), eta Lurraldeko enpresa txiki eta ertainen finkapena eta berrikuntza sustatuko dira.

    Eredu energetikoaren aldaketari dagokionez, errepideetako argiteria instalazioak egokituko dira, Gipuzkoako bizikleta bideen Lurraldearen Arloko Plana garatuko da, energia berriztagarriak eta eraikin publikoetako efizientzia energetikoa bultzatuko dira, Lurraldebuseko garraio txartelen interoperatibitatea lortzeko hardwarea eta softwarea diseinatuko da, eta autobus flota berrituko da, energia eraginkortasuna hobetzeko. Laugarren helburuaren barruan, azkenik, ibai ibilguak iragazkortzeko lanetara bideratuko dira funtsak.

    EGEF funtsen barruan ere, komeni da ETE ekimena azpimarratzea, “gure enpresa txiki eta ertainei finantzaketarako bideak erraztea helburu duena”. 989.279 euro inbertituko dira egitasmo honen barruan, eta horri Eusko Jaurlaritzaren eta Estatuko Administrazio Orokorraren ekarpen proportzionala gehitu behar zaio. Guztira, 3,9 milioi euroko kopurua batzen dute hiru erakundeek; eta Inbertsioetarako Europar Bankuaren (IEB) eragin multiplikatzailea ezarriz gero, Lurraldeko enpresa txiki eta ertainentzat 30,96 milioi euroko kopurua suposatuko du, kredituetan. 

     

    EGFri dagokionez, Gipuzkoaren partaidetza ‘Autoenplegua sustatzen’ izeneko ekimenaren bitartez gauzatzen da. Bi lan ildo nagusi ditu: Txekin, enpresen proiektuei laguntzeko, enpresak sortzeko prozesuetan; eta Emeki, emakumeek enpresak sortzeko bultzatutako prozesuei laguntzeko eta indartzeko.

    Guztira, Aldundiak 5.850.000 euro inbertituko ditu atal honetan, enpleguaren jasangarritasuna eta kalitatea, eta lan mugikortasuna errazteko. Disgaitasuna dutenen, langabetuen, bazterkeria pairatzen dutenen, eta probrezia arriskuan daudenen laneratzea da jorratzen den alorretako bat.

    Lasak nabarmendu duenez, europar funts hauen izaera bat dator Aldundiak esku artean dituen lan ildo eta lehentasunekin. Hala, ziurtatu du lagungarriak izango direla Gipuzkoa “kohesionatuagoa, jasangarriagoa, berritzaileagoa, garatuagoa eta solidarioagoa eraikitzeko bidean. Argi daukagu Lurraldearen etorkizunerako, ezinbesteko apustua dela modernizazioa eta jarduera ekonomikoa bultzatzea, epe luzean gure ongizate sistemari eusten lagunduko duten diru sarrerak sortuz, inor sekulan bazterrean gelditu ez dadin”.

    Errepideak

    Bestalde, Kontseiluak oniritzia eman die Bide Azpiegituren departamentuak Gipuzkoako errepideen segurtasunari eta mantenimenduari begira ekin beharreko bi proiektu garrantzitsuri. Alde batetik, N-634 errepideko 41,952 eta 42,077 KPen arteko oin-horma egonkortzeko eta deformazioak konpontzeko obrak egingo dira –Deban, Itziarko begiratokia igarota-. 903.014,47 eurotakoa da aurrekontua, eta lanak burutzeko epea, berriz lau hilabetekoa. Bestetik, GI-3452 errepidea, Irungo Bentak eta Olaberria auzoaren artean, lerradura izandako ezponda egonkortuko da. 307.736,80 eurotako kostua du proiektuak eta hiru hilabete iraungo dute lanek.

    Halaber,  Aldundiaren errepideetan zarataren mapa estrategikoak eta zarata mapak egiteko zerbitzua kontratatzeko ezaugarri teknikoen agiria onartu du Kontseiluak. Epea hamabi hilabetekoa izango da, eta lizitazioaren oinarrizko aurrekontua 275.000 eurotakoa, gehi % 21eko BEZari dagozkion 57.750 euro.

    Lasak gogorarazi duenez, kutsadura akustikoa finkatzen duten mapa hauek bost urtean behin eguneratu behar dira, eta Europako legediaren arabera, derrigorrezkoak dira bide-ardatz nagusien kasuan (3.000.000 ibilgailutik gorako batez besteko zirkulazio intentsitatea dutenak). “Aurreko mapa 2012an egin behar zen, baina aurreko foru gobernuak ez zuen gauzatu. Gure konpromisoa etxeko lanak egitea da, eta 2017rako egokitzen den mapa osatuta edukitzea”, azaldu du.