• 27 URR 15

    Eneko Goiak aditzera eman du Donostiak 313 milioi euroko aurrekontua izango duela

    Donostiako alkateak gobernu-egitasmoa aurkeztu du Politika Orokorreko udalbatzan egin duen hitzaldian

    Donostiako alkate Eneko Goiak aditzera eman du Udalak 313 milioi euroko aurrekontua izango duela, hau da, aurrekontua iaz baino %5 handiagoa izango da. Aurrekontuari, hiriko erakunde-autonomoen, sozietateen eta elkarteen aurrekontuak gehituko zaizkio.

    Goiak horren berri eman du Politika Orokorreko udalbatzan egin duen hitzaldian, non eta aditzera eman duen, Udal Gobernuak aurrekontu-proiektua oso aurreratua duela, eta Tokiko Gobernu Batzordeak azaroaren erdian onartuko duela, behin eztabaidatuta, abenduan aurrekontua behin betiko onartu ahal izateko.

    Eneko Goiak berak honakoa azaldu du: “Diru-sarrerak %5,6 handituko dira eta gastu arruntak, aldiz, %2,4. Beraz, eusteko lana egiten ari gara”. Horren harian. Donostiako alkateak bi konpromiso hartu ditu: “Lehena, aurrekontuaren oreka mantentzeko konpromisoa, betiere, zorpetze maila handitu gabe; eta bigarrena; aurrezki-arrunta handitzeko konpromisoa. Eta, horretarako, datuak hobetzeko esfortzua egin beharko dugu”. Gainera, Europako Kultura Hiriburutzak 10 milioi euro suposatuko dizkio Udalari.

    Gobernu-egitasmoa

    Donostiako alkate Eneko Goiak Politika Orokorreko udalbatzan aurkeztu du gobernu-egitasmoa, hain zuzen ere, legealdiaren hasieran agindutako gobernu-egitasmoa. Horren harian, Goiak azterketa labur bat egin du, hiriaren egoerari buruz: “10.057 pertsona langabezian daude eta, horrek, behartzen gaitu Udalaren lehentasunak egoera horiei aurre egitera bideratzera”. Gainera, alkateak azpimarratu du, Donostia hiri kohesionatu eta solidarioa dela, eta nabarmendu ditu, biztanleriaren zahartzea eta etxebizitzaren arazoa, hain zuzen ere, gazteei hirian bere bizi-proiektua garatzeko zaila egiten dien arazoa.

    Era berean, Eneko Goiak Udalaren egoeraren errepaso laburra egin du: “Udalaren egoera ona da. Egun, Udala gai da dituen erronkei aurre egiteko, bai antolakuntzaren gaineko erronkei – non eta, giza-baliabideetako egitura sendoa eta gaitua duen –, bai ekonomiaren gaineko erronkei – non eta, zorpetze mailak ez duen baldintzatzen Udalaren etorkizuneko jarduketa –“.

    Horrenbestez, Donostiako alkateak gobernatzeko beste modu baten alde egin du, hain zuzen ere, gardentasunean, gertutasunean eta jarrera etikoan oinarritutako gobernatzeko moduan. Horretarako, Goiaren iritziz, giltzarria konfiantza da: “Gai izan behar dugu, politika publikoak kudeatzeko alderdikeriak inposatu gabe eta hiritarrei hiri-proiektu partekatu bat eskainiz”.

     

    Halaber, hiriaren ekonomiaren garapenari buruz, Eneko Goiak honakoa esan du: “Donostiak ezagutzaren eta berrikuntzaren hiria izan behar du. Eta horrek, gainerako erakundeekin elkarlanean aritzea eskatzen du, baita hiriko 4 unibertsitateekin ere. Era berean, gertuko merkataritzaren, ostalaritzaren eta turismoaren aldeko neurriak hartzeko apustua egin du, izan ere, hiriko BPG-aren %25 suposatzen dute”. Ildo beretik, Goiak adierazi du, 2016a aukera paregabea dela Donostian turismoa sustatzeko, Kantauri itsasoko lidertza berreskuratzeko.

    Kulturan, 2016 eta Tabakalera izan dira Donostiako alkateak azpimarratu dituen proiekturik esanguratsuenak, beste hainbat kultura-instalazio eta –ekintza ahaztu gabe. Horren harian, gogorarazi du, hiriak urteak eman dituela horien alde egiten. Hortaz, Eneko Goiak azpimarratu du, azken 4 hilabeteetan 2016rako babesleak lortzeko lanean gogotsu aritu direla: “Orain, ordea, beste erronka bat dugu: donostiarrei zein kanpotarrei komunikatzea, hiriburutzaren proiektuan inplikatu daitezen”. Tabakalerari buruz, aldiz, Goiak esan du, hiriaren ikurretako bat eta hiritar guztiek gozatzeko kultura-instalazioa izatea nahi duela.

    Era berean, Donostiako alkateak euskara eta kirolaren gaineko ildo estrategikoak garatu ditu: “Donostia Euskal Herriko elebidun gehien dituen hiriburua da. Hori dela –eta, lanean jarraituko dugu euskararen erabilera sustatzeko eta, horretarako, Euskararen Normalizaziorako VI plana garatuko dugu”. Kirolan, berriz, Goiak hirian kirol-ekintza egiten jarraitzearen alde egin du, bai hiritarren osasunerako onak direnak, zein turismoa erakartzen dituztenak. Eta, horretarako, Goiaren iritziz, ezinbestekoa da kirol-instalazio egokiak eta kalitatezkoak izatea, besteak beste, Altzako kiroldegia edo Anoetako inguru berria.

    Gainera, Eneko Goiak segidakoa azpimarratu du: “Udal gobernuak lan egingo du hiritzar guztientzako gizarte politikak sustatzeko, inor bazterrean utzi gabe. Horretarako, Udalak ematen dituen zerbitzuak indartuko ditugu, egoera guztiei erantzun ahal izateko behar diren baliabideekin”.

    Hurrengo urteetan hiriak izango dituen proiektuen gainean, Goiak segidakoak azpimarratu ditu: “Urumeako lanak amaitzea eta, beraz, hiriak duen zor historiko bati erantzutea; Txomin Enea garatzea; edo mugikortasunaren gaineko azpiegiturak garatzea – besteak beste, Abiadura Handiko Trenaren geltokia, Donostialdeako Metroa, Karlos I bidea, bizikletaren erabilera sustatzea garraio jasangarri modu bezala, edo mugikortasun bertikalaren gaineko proiektu berriak –“.

    Azkenik, Eneko Goiak bakean eta elkarbizitzari buruz hitz egin du. Horren harian, Goiak segidakoa azpimarratu du: “Hiriarentzako etorkizun hobea eraikitzeko segidako zutabeak ezinbestekoak dira: Iraganaren azterketa kritikoa egitea, baina bereziki, pertsona guztien giza eskubideak errespetatzeko konpromisoa hartzea, eta errespetuan oinarritutako bizikidetza eraikitzeko borondatea izatea”.

    Horrenbestez, Donostiako alkateak honakoa esan du: “Donostiak erreferente izan behar du Giza Eskubideetan. Eta horretarako konpromisoa hartu dugu, etorkizunean elkarbizitza baketsua izateko. Horrek behartuko gaitu memoriaren eta eragindako minaren gainean lan egitera, nahi dugun egoerara iristeko beharrezkoak diren pausoak emateko”.