• 11 IRA 14

    Eneko Goia: "Oso deigarria da Bilduk azkenean donostiarrei zerga garrantzitsuenak ez igotzea erabaki izana, noiz eta hauteskundeetako urtean”

    Donostiako EAJ udal taldearen ustez”oso deigarria” da Bilduren udal Gobernuak 201eko ordenantza fiskalen proposamenean “legealdian zehar garatu duen donostiarrei presio fiskala igotzeko politika aldatzea erabaki izana. Oraingo honetan ez dute donostiarrek ordaintzen dituzten zerga garrantzitsuenentzako igoerarik proposatu, noiz eta 2015 urterako, hau da, udal hauteskundeak diren urterako. Haien ibilbidea ikusita, ez dago dudarik aukera badute, ondorengo urteetan zergak igotzeari helduko diotela berriro. Hau hauteskundeen aurretik aurpegia garbitzeko estrategia besterik ez da”, nabarmendu du Donostiako Udaletxean EAJren bozeramailea den Eneko Goiak.

    Udal Gobernuak aurten zerga eta tasa garrantzitsuenak (IBI, ura, saneamendua, zaborrak) ez igotzeko hartu duen erabakia “erabat bat dator Donostiako EAJk Legealdian zehar izan duen jarrerarekin, Bilduk orain arte ontzat hartu ez duena. Beti defenditu izan dugu zergen erreferentzia KPIren bilakaera behar zuela izan. 2013ko uztailaren eta 2014ko uztailaren arteko KPiren bilakaera %-0,1ekoa izan denez, donostiarren poltsikoetan eragin handiena duten zerga hauek izozteko erabakiari egokia deritzogu. Lastima da aurreko urteetan hartu ez izana”, adierazi du Goiak.

    Bozeramaile jeltzaleak Bilduk Legealdian zehar egin duen politika fiskala baloratu du; politika horren ezaugarria “azken unean makilatu nahi den presio fiskalaren etengabeko igoera izan da. Azkenean, Bilduk erakundeen kudeaketan dagoen trikimailu zaharrenetariko bat erabili du: lehen urtean 'makilkada' ederra, PSEren laguntzarekin IBIren %5eko igoera onartuz. Eta hauteskundeak ate joka ditugunean, izoztera jotzen du. Bilduk zioen gauzak egiteko eredu berria ezartzera zetorrela, baina Udaletxe honetan ezagutzen genuenarekin antza handia du balizko eredu berri horrek”.

    2015 urterako aldaketa proposamena duten zergen artean, Donostiako EAJk sei zuzenketa aurkeztu dizkio Eraikin, Instalazio eta Lanen gaineko zergaren (ICIO) Ordenantzari, eta horien artean merkataritza sustatzeko planean egoteagatik hobaria aplikatzen zaien auzoen artean Amara sartzea proposatzen du, arlo horretan galera handia baitu auzo honek.