• 13 ABE 14

    Eneko Goia: ezinbestekoa da erakunde guztien arteko elkarlana Donostiako proiektu estrategikoak aurrera ateratzeko

    Iñigo Urkullu lehendakariak IdeiaGunea ekimena babestu du, izan ere, proiektuak konfiantza eta ilusioa pizten ditu.

    Iñigo Urkullu lehendakariak IdeiaGunea bisitatu du gaur goizean. Bertan, Eneko Goia eta beste hogei donostiarrekin bilera egin du, Donostiako proiektu estrategikoak aztertzeko. EAJ-PNVren Donostiako alkategaiak esan du, ezinbestekoa dela erakunde guztien arteko elkarlana Donostiako proiektu estrategikoak aurrera ateratzeko, eta, hori elkarbanatzea ezinbestekoa dela.

    Bileran 17 proiektu estrategikoei buruz hitz egin dute, eta amaieran egindako prentsaurrekoan, Donostiako jeltzaleen alkategaiak hiru proiektu azpimarratu ditu: lehena, Donostiak egiten duen kultura apustua; bigarrena, mugikortasunaren garrantzia hiriko garapenarentzat; eta hirugarrena, Eusko Jaurlaritzaren apustua Anoetako Estadioa birmoldatzeko.

    Horrenbestez, Eneko Goiak adierazi du, EAJ-PNVk 2016ko kultura hiriburutzaren alde egiten duela, izan ere, Donostiari kultura estatus berria emango dio, eta honakoa gaineratu du: “Era berean, Tabakalera eta Musikene proiektu garrantzitsuak dira. Eta horiek aurrera eramateko erakundeen arteko elkarlana funtsezkoa izan da. Biak Donostiako kultura apustuaren oinarri sendoa dira”.

    Era berean, mugikortasunaren alde egiteari buruz, Goiak segidakoa esan du: “Donostiarako zein Gipuzkoarako tren-sare garraio publiko sistema lehiakorra egin behar dugu. Horrek aukera emango digu etorkizuneko bestelako Donostia egiteko”. Horren harira, jeltzaleen hautagaiak honakoa azpimarratu du: “EuskoTrenek Loiolan eta Altzan geltokiak egiten dihardu eta, gainera, etorkizuneko hiri barruko trenbidea ere Eusko Jaurlaritzarekin elkarlanean egiten ari da. Eta hiru proiektu horiek ezinbestekoak dira Donostiak hiri birmoldaketan aurrera egiteko. Eta, halaber, ezin dugu ahaztu, abiadura handiko trenak mundura irekiko gaituela eta etorkizunean hirira etortzeko baliabidea izango dela”.

    Eneko Goiaren ustez, orobat, oso garrantzitsua da Anoetako Estadioaren birmoldaketa. Proiektu hori aurrera eramateko Eusko Jaurlaritzaren eta Iñigo Urkullu lehendakariaren lana ezinbestekoak izan dira. Eta horrek erakusten du erakundeen arteko elkarlana ezinbestekoa dela nahi dugun hiri-proiektuan lan egiten jarraitzeko. 

    Urkullu lehendakariaren babesa

    Bestalde, Iñigo Urkullu lehendakariak honakoa adierazi du: “Donostiako proiektu estrategikoak bateragarriak dira Eusko Jaurlaritzaren ardatz estrategikoekin. Donostiak eta Gipuzkoak errealismoa, plangintza eta elkarlana behar dute, betiere, elkarrekin dugun proiektuan aurrera egiteko”.

    Hortaz, Iñigo Urkulluk esan du, Donostiaren bizi kalitatea hobetzeko eta berritzeko proiektuetan inbertsioak egiten jarraituko dutela, eta 2016ko kultura hiriburutza jarri du adibide bezala: “Kultura hiriburutza aukera paregabea da Donostia eta bere kultura-bizia ezagutzera emateko. Aukera paregabea da, kultura sustatzeko gizarte-formazio, -kohesio eta -integrazio eredu bezala”.

    Azkenik, hona hemen Urkulluren hitzak: “IdeiaGunean ideiak, ilusioa eta determinazioa erakusten ari dira, elkarrekin etorkizun hobea egiteko inbertsioak egiten jarraitzeko. Proiektuak konfiantza eta ilusioa transmititzen ditu, izan ere, Donostiarako, Gipuzkoarako eta Euskadirako ideia berriak jaso dituzte. Hazteko aukera dugu eta aprobetxatu behar dugu”.