• 24 IRA 14

    Eneko Goia: "Alde Zaharreko osasun zentro berriak Donostiarako berri ona da"

    “Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailarekin egindako akordioak amaiera ematen dio osasun zentro berriaren kokapenari buruzko eztabaidari, zentroa kokatzeko beste aukera batzuk aurreikusi baitira, baina udal Gobernuak argitzeko du oraindik Bretxako konplexuaren gainerako guztiaren helburua. Begi-bistakoa da hau bezalako egoera batek bertan dendak dituzten eta Bretxan inplikaturiko beste agenteekin elkarrizketa asko eskatzen duela”, adierazi du jeltzaleak.

    Eneko Goiak, “oso positibotzat jo du, batez ere Alde Zaharreko eta Erdialdeko bizilagunentzat,” Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailaren eta Donostiako Udaletxearen arteko akordioa, Bretxako antzinako Pescaderia eraikinaren bi solairutan Osasun Zentro berria kokatzea ahalbideratuko duena. “Orain Esterlines kalean dagoen zentroaren 900 metro koadroren ordez, 1.600 metro koadro izango duen osasun zentro hau bertan kokatzeak Alde Zaharreko eta Erdialdearen parte bateko bizilagunak askoz baldintza egokiagoetan artatzea ahalbideratuko du, eta, beraz, haien bizi-kalitatea ere dezente hobetuko da. Dudarik gabe, oso berri ona da auzo osorako”, nabarmendu du Goiak.

    Aldi berean, Donostiako EAJ udal taldeak mozio bate eramango du biharko Osoko Bilkurara udal Gobernuari eskatzeko has ditzala Españako Gobernuarekin Lasala Plazako eraikinaren bosgarren solairua erosteko negoziazioak, eraikin hori osorik eduki ahal izateko. “Eraikinaren gainerako guztia udalarena denez, oso garrantzitsua da Udalak eraikin osoa edukitzea. Kokatuta dagoen tokiagatik interes handiko eraikina da hiriarentzat. Zoritxarrez, gaiari buruz interpelatu dugunean, udal Gobernuak erantzun digu ez duela bosgarren solairua erosteko inolako negoziazioari ekiteko asmorik. Gure iritziz, errore bat da jarrera hori eta espero dugu Udalbatzak zuzentzea”, nabarmendu du Eneko Goiak